Espainiako Goreneko buruak dimisioa emango duela iradoki du

Erabakia ostegunean jakinaraziko du, eta kargu uztea atzeratzea leporatu diote PSOEk eta IUk Carlos Divarri

Erredakzioa
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Argi dago zer esan nahi dudan. Ostegunean jarrera irmoa agertuko dut». Carlos Divar Espainiako Auzitegi Goreneko zein Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko (CGPJ) presidenteak dimisio hitza saihestu badu ere, agerian utzi du ostegunean kargua uzteko asmoa duela, ustez diru publikoa xahutzeagatik. Erabakia, osteguneko aparteko osoko bilkura egin arte atzeratzea onartu dute kontseiluko kideek, «erakundearen errespetuagatik» hala egitea eskatu baitie Divarrek. Egun horretan, Auzitegi Gorenaren 200. urteurrena ospatuko dute, eta orduan dimisioa emango duela ziurtzat jo dute CGPJko kideek.

PSOEk eta IUk, baina, dimisioa gaur bertan eman ez izana salatu dute. IUko diputatu Gaspar Llamazaresek kargua utzi nahi ez izatea leporatu dio Divarri, eta hura kargutik kentzea «hainbeste luzatzea» kritikatu du. Ostegunean dimisioa emango duela inork zalantzan jartzen ez badu ere, hala egingo ez balu Divar kargutik kentzeko lege prozedurak hasiko dituztela jakinarazi dute.

2008tik 2011 bitartean hainbat bidaia egin zituen Divarrek CGPJren kontura —Marbellara (Malaga) gehienak—, eta ez da gai izan horien ofizialtasuna frogatzeko. Kasik 30.000 euro gastatu ditu bidaia horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.