Hasieratik eman zuen zeresana Moby Dada itsasontziak. Izan ere, Warner Bross produkzio etxearen pertsonaien irudiak zituen non-nahi, hortik Piolin ezizena jarri izana. Ordea, bertan zihoazen bidaiariak ez ziren turistak, urriaren 1eko erreferendumaren harira Kataluniara bidalitako poliziak eta guardia zibilak baizik. Baina goizean hustu egin dute ferrya, eta han zeuden segurtasun indarrak hoteletara eta Tarragonatik heldu den GNV Azzurra ontzira lekualdatu dituzte.
CNT sindikatuaren zamaketarien arloak bideoan jaso du ontzia portutik irten den unea. "Estatu errepresioaren sinbolo bat ari da Bartzelonako portutik irteten orain. Ez diezaiogun utz gure lurretan amarratzen. Aurrera langile ostalariak!", adierazi dute.
Un símbolo de la represión del Estado sale ahora por la bocana del @portdebarcelona . No dejemos que arraigue en nuestra tierra. Adelante trabajadores hosteleros!!!! pic.twitter.com/8Ty6xsxGKf
— Portuaris CNT (@PortuariosCNT) 16 de noviembre de 2017
Itsasontzi berriak "baldintza hobeak" dituela argudiatu du Barne Ministerioak erabakiaren zergatiak azaltzerakoan. Ordea, Bartzelonako portuan dago Rhapsody ontzia ere, eta bertan dauden agenteek salatu dute lanerako baldintzak "txarrak" direla, besteak beste, elikagaien "kalitate eskasagatik". Hala ere, Madrilek ez du aipatu hura husteko aukerarik.
Irailaren 20an heldu zen Piolin Bartzelonako portura, Rhapsody iritsi eta ordu gutxira. Itsasontziaren kanpoaldeko irudiak azkar zabaldu ziren sare sozialetan, eta txantxa ugari eragin zituzten. Bertan zeuden segurtasun indarrak ahalegindu ziren horiek estaltzen, baina ez zuten lortu.