Antoni Vila Aliana Espainiako teniente koronelak Vilaweb webguneari jakinarazi dio Kataluniaren independentziaren aldeko botoa emango duela. Vilak aitortu du "kataluniar bezain espainiar" sentitzen dela, baina "Espainiako zentralismoak samindua, iraindua eta desilusionatua” utzi duela.
Igande honetan egingo dute Sabadellen galdeketa, eta han hartuko du parte militarrak -beste hainbat tokitan ere izango da domekan kontsulta-. Vila teniente koronelak Espainiako armadako helikopteroak, hegazkinak eta beste ibilgailuak konpontzen lan egiten du.
"Espainiari zerga ugari ordaintzen diogu, eta gutxieneko errespetu eta tratu ona merezi dugu. Gure hizkuntza errespetatu behar dute. Horregatik dago independentziarako hainbesteko grina, Espainiako Estatuak gaizki tratatzen gaituelako”, adierazi du Vilak. "Espainiako zentralistak XIX. mendean murgilduta” daudela dio militarrak, “eta batzuk Errege Katolikoen garaian”.
Kataluniako Estatutu berriari buruz ere jardun du, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionala “zaharkitua” dagoela esan du, “frankismo garaikoa” dela eta hura “berritzea” beharrezkoa dela. Auzitegi haren ebazpenaren zain daude Katalunian Estatutua gauzatu edo ez jakiteko.
Espainiako armadan independentismoa ulertu egiten dela aipatu du Vilak, eta Kataluniako egoeraz asko hitz egiten dutela. Aitortzen du badaudela “gaztelaniaz soilik hitz egiten den Espainia handia” nahi dutenak, baina orain armadak badakiela “Espainia desberdinak” daudela. Kataluniak independentzia lortuko balu Espainiako armadak erantzunik emango al lukeen galdetu diotenean, ezetz erantzun du,“NATOk esandakoa bete behar baitu armada orok".
Iazko irailetik galdeketak
Iazko irailaren 13an egin zuten Katalunian lehen galdeketa, Arenys de Munten. Arrakastatsua izan zen: 6.500 lagunetatik %40k hartu zuten parte, eta horietatik %95ek independentziaren alde bozkatu zuten.
Lehen galdeketa saio handia 2009ko abenduaren 13an izan zen: 166 udalerritan. Bigarrena, joan den otsailaren 28an: 79 herritan. Hirugarrena, apirilaren 25ean: 211 hiri eta herritan egin zituzten bozketak -tartean bi hiriburutan: Lleidan eta Gironan-, eta 1,2 milioi lagun zeuden parte hartzera deituak. Beste galdeketa handietako antzeko emaitzak izan ziren apirileko horretan: %20ko parte-hartzea eta independentziaren aldeko botoa %92koa.
Bartzelonan datorren urteko apirilaren 10ean egingo dute bozketa.
Galdeketa horiek denak ez dira legez lotesleak baina, irekitako bidea baliatuta, Kataluniako Parlamentuari nazio mailako erreferenduma egiteko eskatuko diote, eta 220.000 sinadura bilduko dituzte eskakizunari babesa emateko. Lan horretan lagunduko dute 300 bat herri batzordek.
kataluNIA
Espainiako teniente koronel batek Kataluniaren independentziaren aldeko botoa emango du
Antoni Vila Alianak 'Vilaweb'-i azaldu dio "kataluniar bezain espainiar" sentitzen dela, baina "Espainiako zentralismoak samindua, iraindua eta desilusionatua" utzi duela. Igandean bozkatuko du militarrak, Sabadellgo herri galdeketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu