Katalunia

Espainiaren "jazarpen politikoa" salatu du Omniumek elkarretaratzean

Goizeko lehen ordutik ari da Guardia Zibila Omnium Cultural elkartearen egoitza miatzen, urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako operazioan. Generalitateko Jauregian ere sartu da, eta Antoni Molons Kataluniako Gobernuko komunikazio idazkariaren bulegoa miatu du. Molons atxilotuta izan du zortzi orduz. Ondoren aske utzi du, karguekin.

jarraia149727.jpg
arantxa elizegi egilegor
2018ko martxoaren 15a
19:21
Entzun

Bete da Bartzelonako Sant Jaume plaza, eta Omnium elkarteak egindako deiari erantzunez, elkarretaratzean bildu diren herritarrak Espainiako Estatuaren "errepresioa" salatzen ari dira, oraindik, Guardia Zibila Omniumen egoitza miatzen ari zela.

Marcel Mauri elkarteko presidenteordeak Omniumen kontrako "jazarpen eta errepresio politikoa" salatu ditu, eta Jordi Cuixart elkarteko presidenteak espetxean bost hilabete egin dituela gogorarazi du. "Argi dago gure ideiek estatuaren aparatu juridikoa eta politikoa desoroso jartzen dituztela". Maurik ziurtatu du elkartea kriminalizatzea duela helburu Espainiak. Estatuari ohartarazi dio, ordea, ez duela diru publikoaren erabilera bidegabeari lotutako inolako zantzurik aurkituko. Delitu horrekin zerikusia duten frogak bilatu ditu Guardia Zibilak Omniumen egoitzan egin duen miaketan.

Maurik nabarmendu du elkartea Kataluniarekin konprometituta dagoel, eta "erasoak" jasan arren, aurrera egingo duela. "Ez gara geldi egongo errepresio olatu honen aurrean". Omniumeko presidenteak adierazi du "demokrazia eta bake baloreei" eutsiko diela elkarteak.

Ordu batzuk lehenago, Sant Jaume plazan dagoen Generalitateko Jauregian ere izan da Guardia Zibila, urriaren 1eko erreferenduma ikertzen ari den Bartzelonako instrukzio auzitegiko epailearen aginduz. Kataluniako Gobenruaren egoitzan, Antoni Molons Generalitateko komunikazio idazkariaren bulegoa miatu du poliziak.

Molonsen etxea ere arakatu du Guardia Zibilak. Etxebizitza eta bulegoa miatzen zuten bitartean, atxilo izan dute Generalitateko goi kargua. Erreferenduma antolatzeko diru publikoa erabili ote zen ikertzen ari da instrukzio epailea, eta hori frogatzen duten dokumentuen bila bidali du Guardia Zibila.

Generalitateko Jauregiko eta Molonsen etxeko miaketak amaitu ostean, Bartzelonako Gracia auzoko Guardia Zibilaren kuartelean atxilotuta izan dute zortzi orduz Generalitateko goi kargua. Molonsek ez deklaratzea erabaki du. Diru publikoaren erabilera bidegabea eta desobedientzia leporatu dizkiote.

Horrez gain, Omnium Culturalen egoitzara era joan da Guardia Zibila goizeko lehen orduan eta bertan jarraitzen du miaketa lanetan. Erreferendumeko iragarkien finantzaketari buruzko informazioaz galdegin du han. Omniumek azaldu duenez, langileak eta erakundeko zuzendaritzako kideak egoitzako areto batean atxiki dituzte.

"Agenteek bahitu egin dituzte langileen posta elektronikoak, eta pasahitzak aldatu dizkiete", salatu du Ominummek. Elkarteak zehaztu duenez, segurtasun indarrak ez dira sartu erakundeko zuzendaritzako kideen etxeetara.

"Urriaren 1eko erreferendumerako deitzen zuten kartelen nondik norakoak ikertzen ari dira, eta informazio ekonomikoa eskatzen digute, oraindik ere pentsatzen dutelako Omniumek diru laguntza izugarriak jasotzen dituela Generalitatearengandik", azaldu du Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak.

Haren esanetan, Guardia Zibilak hobe luke PPren egoitzak miatzea. "Ez zen beharrezkoa ikuskizun hau", salatu du. Espainiako Estatua Omnium elkartea "umiliatu" nahian ari da, Mauriren iritziz. Omniumen aurkako "jazarpen politikoa" salatu du.

Horrez gain, elkarteko presidenteordeak azaldu duenez, epaileak Omniumeko arduradunei ohartarazi die sedizio delitua leporau ahalko litzaiekela elkartearen egoitzaren parean elkarretaratzera deituz gero.

Negoziazioak, aurrera

Bitartean, Gobernua osatzeko hitz egiten jarraitzen dute alderdiek. Bart, Bruselan izan ziren Junts per Catalunyako hainbat kide, Carles Puigdemontekin biltzeko. Bertan iragarri zuten Jordi Sanchezen hautagaitzari eutsiko diotela, eta baztertu egin zuten bozak berriz geiteko aukera.

Ordea, zenbait komunikabideren arabera, Puigdemontek ez du erabat baztertzen diputatu karguari uko egitea. Berak eta Toni Comin kontseilari ohiak euren eserlekuak utziz gero, eta haien ordez beste bi diputatu izendatu, ERCk eta JXCatek ez lukete CUPen babesik beharko gehiengo sinplearekin presidente bat aukeratu ahal izateko.

Bitartean, Gorenak astearterako deitu ditu deklaratzera Sanchez eta Joaquim Forn Barne kontseilari ohia, aske uzteko eskaerei buruz galdetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.