Errefuxiatuak

Espainiaren uharte batean, asilo eske

31 errefuxiatu iritsi dira goizaldean Marokoko Alhucemas hiri ondoko irla batera, eta asilo politikoa eskatu dute. 24 orduan 79 errefuxiatu saiatu dira Espainiara iristen. 

Berria
2017ko uztailaren 14a
16:15
Entzun

Espainiako Mugak Ibiliz gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du ontzi batean 31 lagun iritsi direla Isla de Mar irla txikira, Alhucemastik 50 metro eskasera. Ez da inor bizi uharte horretan, eta Espainia da haren jabea. Errefuxiatuetatik zortzi adingabeak dira, eta horietako bost 2 urte eta 8 hilabete arteko umeak. Heldu guztiak, berriz, emakumeak dira. Espainiako armadak uhartetik Afrika iparraldeko Melilla hirira (Espainia) eraman ditu, Efe agentziaren arabera. 

Mugak Ibilizen arabera, Espainiako militarrak uhartera hurbildu direnean errefuxiatuek "asiloa" oihu egin diete, Marokoko indarren ontzi bat ikusi baitute irlan, eta herrialde horretara bueltaraziko zituzten beldur ziren. Iturri horrek dioenez, ordutan eduki dituzte uhartean, zer gertatuko zain.

Turkiakoa itxi ondoren, errefuxiatuek Europara ailegatzeko erabiltzen duten bide nagusia Libiakoa da gaur egun, baina Marokoko eta Mendebaldeko Saharako portuetatik gero eta irteera gehiago egin dituzte azken urtebetean. Espainiako Itsas Salbamenduak dio aurten 5.800 errefuxiatu erresketatu dituela itsasotik; iaz, garai berera arte, 2.411. 

Herenegun, 48 lagun erresketatu zituen, Dakhlatik Kanaria Uharteetara iritsi nahian ari zirenean.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.