ESPAINIA

Esperanza Aguirrek dimisioa eman du, "erretiroa hartzeko"

Madrilgo erkidegoko presidente kargua utzi du. Ignacio Gonzalez presidenteordeak beteko du haren lekua.

2012ko irailaren 17a
16:11
Entzun

"Erretiroa hartzeko unea da. Politikari batentzat ezinbestekoa da erretiroaren momentua aukeratzea, eta hau da une egokia", esan du Esperanza Aguirrek. Familiarekin denbora gehiago igaro nahi duela eta politikari gazteei lekua uzteko garaia dela adierazi du: "Nire seme-alabei, ilobei, senarrari, amari eta zazpi anai-arrebei denbora gehiago eskaini nahi diet". Erabaki "zaila, oso zaila" dela aitortu du. Hala ere, ez du politika erabat utziko; politikaren "lehen lerroa" utziko du, haren esanetan. Madrilgo parlamentari izateari ere utziko dio. Ignacio Gonzalez presidenteordeak beteko du haren lekua.

2003. urteaz geroztik zen Aguirre Madrilgo erkidegoko lehendakaria. Espainiako Hezkuntza ministro izan zen 1996 eta 1999 artean, eta senatuko presidente kargua bete zuen 1999tik 2002ra. Orotara, 30 urte igaro ditu politikan. Bere dimisioaren berri emateko agerraldian ziurtatu du politika "behin-behineko jarduera" izan dela beti berarentzat. Mariano Raxoi Espainiako presidenteari gaur goizean eman dio erabakiaren berri: "Uste dut nire erabakia ulertzen duela", azaldu du. 2011ko otsailean jakinarazi zuen Agirrek minbizia zuela, eta "ustez" osatuta badago ere, azaldu du "oso nekatuta" dagoela. Halaber, ziurtatu du bere erabakiak ez duela zerikusirik Iosu Uribetxebarriaren auziak PPren barnean sortu dituen eztabaidekin.

Jarduneko presidente izango denaz, Ignacio Gonzalezez, esan du hura dela "esperientzia gehien eta kargua betetzeko trebatuen" dagoen pertsona. Uste du erkidego horretako biztanleek ez dutela aldea nabarituko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.