Pozik eta harro atera da Bove espetxetik. Kanpoan zain zituen 200 bat lagunek —Nekazarien Konfederaziokoak, ATTAC mugimendukoak eta Berdeen alderdikoak ziren gehienak— txaloka hartu dute. Espetxetik kanpo "pozik" zegoela nabarmendu du sindikalista ezagunak, eta kartzelak ez dituela bere ideiak aldatuko.
Ildo horretatik, espetxeko bizi baldintzak salatu ditu Bovek; zehazki, kartzeletan jendea ez dela "pertsona gisa" tratatzen salatu du, eta presoentzako ez dagoela esperantzarik.
Halaber, bihar bertan sinesten duen gauzen aldeko borrokari ekingo diola nabarmendu du sindikalistak, eta lehentasunetako bat, MME Merkataritzarako Mundu Erakundeak irailean Cancunen (Mexiko) egingo duen goi bilerak porrot egin dezan lortzea dela adierazi du. Hain zuzen ere, borroka horretan engaiatuko dela iragarri du.
Joan den ekainaren 22an espetxeratu zuten Bove, hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri baitzioten artasoro transgeniko baten suntsiketan parte hartzeagatik. Nolanahi ere, zigorren aplikazioa erabakitzen duen epaileak Boveri espetxetik ateratzeko aukera ematea erabaki du, eta Fiskaltzak ez du errekurritu ebazpen hori. Orain, Millaun, bere etxean, bizi ahal izango da Bove eta APAL Larzaceko Nekazaritza Elkartearentzat lan egin beharko du zigorrak irauten duen denboran.
Hori dela eta, Bove oraindik ez dela pertsona libre bat azpimarratu du François Roux abokatuak,zigorra era arinagoan betetzeko zortea duen preso bat baizik.
Boveren espetxeratzeak zalaparta handia sortu zuen Frantzian, itzal handiko buruzagia baita. Nolanahi ere, uztailaren 14ko Frantziako Festa Nagusiaren kariaz egiten diren zigorren murrizketetan, bi hilabetez gutxitu zioten Boveri bete beharreko zigorra. Halaber, Jacques Chirac Frantziako presidenteak beste bi hilabetez murriztu zuen Nekazarien Konfederazioko buruzagiaren zigorra.
Bove atxilotu eta espetxeratzeko operazio handia egin zuen Frantziako Poliziak; helikopteroan eraman zuten kartzelara. Ezkerreko alderdienk, giza eskubideen aldeko erakundeen eta sindikatuen arabera, erabat neurriz kanpokoa izan zen operazio hura.
Globalizazioaren aurkako mugimendua
Espetxeetako egoera salatu du Jose Bovek kartzelatik atera bezain laster
Jose Bove globalizoa neoliberalaren eta nekazarien mugimendu sindikalaren buruzagi frantziar ezaguna irten da espetxetik. Eguerdiko ordubiak aldera gurutzatu du Villeneuve-les-Maguelon kartzelako atea, eta kanpoan, 200 bat lagunek harrera beroa egin diote. Joan den ekainaren 22az geroztik zegoen Bove espetxean, landaketa transgeniko batzuen suntsiketan parte hartzeagatik hamar hilabeteko zigorra ezarri baitzioten. Kartzeletan jendea ez dutela "pertsona gisa" tratatzen salatu du atera bezain laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu