Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren aurrean deklaratu dute gaur Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak, Jordi Cuixart Omniumekoak eta Joaquin Form Generalitateko Barne Kontseilari ohiak. Giltzapean daude hirurak, eta handik ateratzeko saioan egindako deklarazioak izan dira, argi eta garbi.
Froga berriak aurkeztu dituzte abokatuek. Esate baterako, irailaren 20ko irudi berriak. Sanchezek eta Cuixartek epaileari berriz esplikatu diote beraiek desegin zutela egun hartan Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean egin zen mobilizazio handia. Abokatuek hori erakusten duen bideoa eramango diote epaileari, datozen egunetan. Haiek hainbat hedabideri azaldu diotenez, 23:00etatik 00:00ak arte gertatu zena jasotzen duen bideoa da, eta han, agertokiaren gainean ageri dira Sanchez eta Cuixart, jendeari etxera joateko esanez.
Hala, Sanchezek epaileari esan dio, urriaren 1eko erreferendumak ez zuela legezko baliorik, eta Junts per Catalunyak errepublikaren aldeko aldebakarreko bideari eusten badio, berak uko egingo diola abenduaren 21eko bozetan eskuratu zuen diputatu karguari. Bi ordu baino gehiago egon da deklaratzen epailearen aurrean, eta alde guztiek egin dizkioten galderei erantzun die, Voxeko akusazioarenei izan ezik.
Antzeko deklarazioa egin du Cuixartek ere, legezko balioa duen erreferendum bakarra Espainiako Gobernuak antolatzen duela izango dela esan du. Nolanahi ere, urriaren 1eko erreferendumean izan zen errepresioa salatu du Cuixartek.
Sanchezen abokatuak bihar aurkeztuko du hura aske uztea eskatzeko eskaera idatzia, eta Cuixartenak, datorren astean. Eskaera horiei baiezkoa esatea behartzera bideratu dituzte gaurko deklarazioak, nabarmen.
Fornek, berriz, estrategia aldatuko duela eta independentziaren aldeko lanean Konstituzioaren barruan arituko dela deklaratu du. Bi ordu baino gehiago aritu da galderen erantzuten, eta hark Voxeko akusazioaren galderei ere erantzun die.