Hiroshimak joan den larunbatean egin zuen bezala, Nagasakik samintasunez gogoratu zuen atzo Ameriketako Estatu Batuek orain dela 60 urte jaurti zuten bonba nuklearraren leherketa. Oroitzapen ekitaldi honetan, Nagasakiko alkate Iccho Itok hitz gogorrez salatu zuen Washingtonen politika nuklearra.
Fat Man izendatutako 4,5 tonako bonba nuklearrak duela 60 urte eztanda egin zuen unean bertan goizeko 11:02an Japonia hegoaldeko portu honetako jarduera guztiak gelditu ziren eta minutu bateko isilunea egin zuten, atzo. Une honen samintasuna bereziki bizitu zuten bonba nuklearra zartatu zen tokitik hurbil eratutako oroigunean bilduak ziren 6.000 lagunek. Haien artean asko leherketatik bizirik irtendakoak ziren. Elkarretaratze honen aurretik, Japonian dauden erlijio ezberdinen arteko elizkizunak egin zituzten, Urakamiko katedralean. Nagasaki kasualitatez bihurtu zen bigarren bonba atomikoaren lehertzea jasan zuen Japoniako hiria. Izan ere, AEBetako Aire Armadako Bock's Car hegazkin bonbardatzailearen jomuga Kodura hiria zen, han kokatuta baitzen Japoniako Armadaren goi agintaritza gune bat. Alabaina, bonba jaurtitzeko unean, Kodura lanbroz estalita zegoen, eta horretarako zuten Estatu Batuetako gerra hegazkinek Fat Man Nagasaki gainera bota. Bonbaren eztandak eragindako bero ikaragarriak, ufako itzelak eta erradiazioek Nagasakiko 70.000 herritar hil zituzten,leherketaren unean bertan edo gerorago. Oroigunean bildutakoen aurrean aditzerat eman zuen hitzaldian, Nagasakiko alkate Iccho Itok bipil salatu zuen AEBen politika nuklearra. AEBetako herritarrei zuzenduta, hauxe adierazi zuen Itok: «2001eko irailaren 11n jasan zenituzten eraso terroristez gogoratuta, ondo ulertzen ditugu zuen haserrea eta estutasuna; baina, gurako daukazuen segurtasuna handiagoa al da zuen Gobernuak daraman politikarekin, honek 10.000 arma nuklear indarrean dituelarik, proba egiteak etengabe egiten dituelarik eta tamaina txikiko arma nuklearrak garatzen ari delarik?».
Bizirik irtendakoen zina
Nagasakiko alkatea Japoniako Gobernuari ere zuzendu zitzaion, Washingtonen «babes nuklearrari» arbuio egin diezaion eskatuta. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero Washingtonek eta Tokiok sinatu zuten segurtasun itunarekin bat, 50.000 soldadu estatubatuar daude oraindik Japonian. Era berean, Japoniako Konstituzioak bermatzen dituen bakearen ereduak ukitu ez daitezen zinki galdegin zien, Itok, bere herrialdeko agintari gorenei.
Hiru egun lehen, Hiroshiman egin zuen hitzaldiaren ildotik, Junichiro Koizumi lehen ministroak berretsi zuen Japoniak irmoki eutsiko diola arma nuklearrik gabeko mundu bat aldarrikatzeari. Japoniako gobernubu- ruak ziurtatu zuen, halaber, 1967ko lege nagusian hitzartutakoa indarrean geratuko dela, hots, Japoniak ez duela ez fabrikatuko, ez eskuratuko ez eta bere lurraldean sartzerat utziko arma nuklearrik.Agiantza hauek beteko dira agian Hiroshima eta Nagasakiko leherketatik bizirik irten zirenik egongo den bitartean. Hauetatik bat da gaur egun 74 urte dituen Fumie Sakamoto eta honek hauxe aldarrikatu zuen atzo oroigunean bildutakoen aurrean: «Leherketetatik bizirik irtendako 260.000 lagunekin bat, Nagasaki, bonba nuklear baten azkeneko jomuga izan dadin etengabe exijituko dudala zin dagit».
Fat Man bonbaren leherketak erabat txikitu zuen Fumie Sakamotoren etxea eta bera, aldiz, 10 metroko altuerara bota zuen. Nagasaki hirian 70.000 herritar hil zirelarik, 140.000 lagun hil zituen, hiru egun lehenago, Hiroshimaren kontra botatako bonbak.
JAPONIA
Estatu Batuen politika nuklearra gaitzetsi du Nagasakiko alkateak
Duela 60 urte bonba nuklearraren ondorioz hildakoak eta zaurituak oroitu dituzte 6.000 lagunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu