XX. MENDE HASIERATIK BERLINGO HARRESIA ERORI ARTE
I. Mundu Gerraren amaierarekin etorri ziren joan den mende hasierako independentzia prozesu gehienak:•Norvegia, 1905ean: 1815ean, eta Gerra Napoleondarren ondorioz, Danimarkaren barruan zegoen Norvegia Suediaren zati izatera pasatu zen. Autonomia maila batekin eta legebiltzar propioarekin. Suediak kontsulatuak hedatzen ez ziola ikustean, Norvegiako legebiltzarrak independentzia aldarrikatu zuen. Modu baketsuan lortu zuen.
•Finlandia, 1918an: 1150etik 1809ra, Finlandia Suediako parte izan zen. 1809an, hain zuzen ere, Errusiak hartu zuen beretzat, Dukerri Handi Autonomo izendatuta. 1918an, I. Mundu Gerraren eta Errusiako Iraultzaren itzalpean, erabateko independntzia lortu zuen.
•Polonia, 1918an: 1795ean Polonia mapetatik desagertu zen, bere lurrak Errusia, Austria eta Prusiaren artean banatu ostean. 1918an estatu independente gisa agertu zen berriro.
•Txekoslovakia, 1918an: I. Mundu Gerraren amaierarekin Inperio Austriarra desegitearekin batera, garaileek herrialde berria asmatu zuten txekiarrak eta eslovakiarrak batuta.
•Jugoslavia, 1918an: I. Mundu Gerran garaile irten zirenek, otomandar eta austriar inperioak hankaperatu ostean, Balkanetako herri desberdinak estatu bakarrean batu zituzten. Jugoslaviak Titoren erregimen komunistak iraun bitartean iraun zuen.
•Baltikoko Errepublikak (Estonia, Letonia eta Lituania), 1918an: I. Mundu Gerra bukatzean lortu zuten independentzia. II. Mundu Gerra bukatu arte eutsi zioten, Stalinek SESBen sartu zituen arte.
•Irlanda, 1921ean: XIII. mendetik, Irlanda ingelesen itzalpean dago. 1921ean, uhartearen zati handi batek independentzia lortu zuen. Ipar Irlanda oraindik ingelesen menpe dago.
SESB DESEGIN ZENETIK GAURDAINO
SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna 1990ean desegin zen. Horren ondorioz gertatutako gainbeheran, batasuneko kide ziren hainbat herrialdek independentzia prozesuari ekin zioten.•Lituania, 1990ean: SESBen gainbeherarekin, berriz lortu zuen independentzia. EB Europako Batasuneko eskubide osoko kide da egun.
•Estonia, 1991n: Aurrekoak bezalaxe, SESB desegitean lortu zuen independentzia. EBko eskubide osoko kide da egun.
•Letonia, 1991n: Aurrekoak bezalaxe lortu zuen independentzia, SESB desegitean. EBko eskubide osoko kide da egun bera ere.
•Ukraina, 1991n: XIX. mendean, Ukraina Errusiar Inperioak irentsi zuen. Iraultzaren amaieran, 1922an, SESB sortu zuten errepubliketako bat izan zen. Azken hori desegitean, estatu independente bihurtu zen.
•Bielorrusia, 1991n: Prusia, Errusia eta Austria artean zatituta egon zen, I. Mundu Gerra amaieran Errusiako Iraultzarekin bat egin eta Ukraina bezala, SESBen sortzaile bihurtu zen arte. Azken hori desegitean estatu independente bihurtu zen.
•Moldavia, 1991n: Aurreko biek bezala, SESB desegitean lortu zuen independentzia.
•Eslovenia, 1991n: Alemaniari esker lortu zuen independentzia. Jugoslavia desegiten hasia zen. Gaur egun EBko eskubide osoko kidea da.
•Kroazia, 1991n: Jugoslaviaren gainbehera baieztatu zuen, Alemaniaren laguntzarekin. EBn sartzeko eskaera egina dauka.
•Mazedonia, 1991n: Aurreko biak bezala, Jugoslavia desegitearekin bat sortu zen. EBn sartzeko eskaera egina dauka.
•Bosnia eta Herzegovina, 1992an: Jugoslaviaren desegite prozesu odoltsuaren gerra irudirik gogorrenak bertatik heldu ziren.
•Txekia, 1993an: Adostasun osoz bereizi ziren txekiarrak eslovakiarrengandik.
•Eslovakia, 1993an: Adostasun osoz bereizi ziren eslovakiarrak txekiarrengandik.
•Montenegro, 2006an: Serbiarekin harremanak aldatzen joan ostean, eta EBren laguntzarekin, montenegroarrak independentziaren alde agertu ziren erreferendum bidez. XXI. mendeko lehen independentzia aldarrikapena egin zuten.
Horrekin, gainera, marko juridikoa ezarri zuten EBn erreferendum bitartez lurralde baten independentzia aldarrikatzeko.
•Kosovo, 2008an: EBko 27 estatutatik 22k onartuta daukate beren independentzia. Baita NATOko 28 kideetarik 24k ere.