Katalunia

Estatu berriaren oinarriak jartzeko, gehienez 18 hilabetez presidente izateko babesa eskatu du Masek

2017ko udaberrian edo udan estatua sortzeko prozesua bukatuta eta estatu berriaren erakundeak sortuta egongo direla iragarri du inbestidura saioan. Erreferenduma egon egongo dela iragarri du: Kataluniako konstituzio berria berresteko egingo dena. Espainiako estatuari eta Europako Batasunari ere bidali die mezua: "oraindik bada negoziaziorako tarterik, prozesuari bermeak emateko eta aldeei kalterik ez eragiteko". 

Ibai Maruri Bilbao.
2015eko azaroaren 9a
07:56
Entzun

Artus Masek 17:00etan hasi du inbestidura hitzaldia Kataluniako parlamentuan. Legegintzaldi laburra izango dela iragarri du; gehienez, 18 hilabetekoa. Epe horretan Kataluniako Errepublia sortzeko oinarriak ipini beharko direla esan du, eta estatu berriaren erakundeak ere sortu egin beharko direla. Ondoren berriz bozkatu beharko dute kataluniarrek. "Erreferenduna nahi dutenek, izango dute: Kataluniako konstituzio berria berrestekoa". 

Espainiako "pseudodemokrazia" salatu du, irailaren 27ko bozen emaitzak "gutxiesten" dituelako. "Herriaren borondatea" eta "agindu demokratikoa" entzun ordez, Espainiako Auzitegi Konstituzionala "kataluniarren kontra" erabiltzea leporatu dio Estatuari. Kataluniaz berba egiteko Kataluniako agintariekin ez beste guztiekin bildu izana leporatu dio Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari. Hala ere, oraindik "negoziaziorako tarterik" badagoela esan du. Espainiako estatuarekin eta Europako Batasunarekin hitz egin nahi du, "prozesuari berme osoak emateko eta aldeei kalterik ez eragiteko". Katalanez hitz egin du, baina izan du gaztalaniazko berbarik. Tarte batean "Espainiako gainontzeko herritar eta herriei" zuzendu zaie: "Nor sentitu daiteke herri baten borondatea jazartzen duen Estatu batek babestuta?", bota die galdera.

Gaur goizean Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpenaz ere hitz egin du. "Irailaren 27ko bozetan jasotako agindua bete" baino ez dutela egin azaldu du. Aitortu du ez zutela botoen %50a lortu. Horregatik ukatu egin du alde bakarreko independentzia aldarrikapenik egingo dutenik. "Badakigu zein emaitza lortu genituen". Dena den, bere ustetan, bere hautagaitzak lortutako babesa "sendoa" dela nabarmendu du: "indar bozkatuena izan ginen Katalunia osatzen duten 42 eskualdeetan eta udalerrien %96an". 

Masen arabera, azken hiru urteetan Katalunia asko aldatu da. "Mugimenduan dagoen herria da, eta bada mugimendu dinamiko eta transbertsala, alderdien eta ideologien gainetik askatasuna nahi duena". Behin eta berriz errepikatu du prozesu horretan inor ez dagoela sobran. Bere ustetan, iraileko  hauteskundeak mugarria izan dira. 

Hitzaldiaren bigarren aldean gizarte eredua izan du berbagai. Esan du prozesuaren helburua ez dela estatu independente bat lortzea. Masen arabera, estatua behar dute ongizatea, justizia, askatasuna, bizi itxaropena, hezkuntza eta parekoak lortzeko. Legegintzaldi berrian autonomiatik estatura joan behar dutela esan du: "Egunetik egunera autonomia gutxiago y subiranotasun gehiago. Zertarako? Hiru helburu lortzeko: herri justuagoa, egonkorragoa eta gardenagoa". Enpleguaren, etxebizitzaren eta gizarte babesaren arloan hartu nahi dituen neurriak aiptu ditu. Besteak beste, gizarteratzeko errenta kendu eta hiritarren errenta jarriko dela iragarri du. Oro har, goizean onartutako ebazpenak jasotako helburu sozialak azaldu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.