Estatu federalak berreskuratzea izango da presidentearen hurrengo erronka

Abenduan aukeratuko dituzte 23 estatuetako gobernuak, baita Caracasko alkatetza nagusi gutiziatua ere

Samara Velte.
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hauteskundeetako ospakizunek biziak bezain laburrak beharko dute izan Hugo Chavezentzat; Venezuelako agintearen gaineko lehiak aurrera jarraitzen du, eta bi koalizio handiek segituan jarri beharko dute burua hurrengo bozetan. Abenduaren 16an aukeratuko dituzte estatu federaletako agintariak. Herritarrengandik gertuago dauden erakundeak eskuratzea izango da norgehiagokaren helburua; Chavezek presidentetzarako hauteskundeen goraldia baliatu nahiko du 2008ko bozetan galdutako barruti garrantzitsuenak berreskuratzeko. Tartean da Caracasko alkatetza nagusi desiratua.

23 estatu federalek eta Caracasko barrutiak osatzen dute Venezuelako Errepublika Federala; hiriburuak, barruti gisa, estatuen pareko eskumen administratiboak ditu. Denera, 233 legebiltzarkide daude estatu horietako parlamentuetan; bakoitzak gobernadore bat du, herritarrek zuzenean aukeratzen dutena.

Askoz gehiago izan ohi dira gobernuaren aldeko lurraldeak; 2004an, esaterako, 23 estatu federaletatik 21etan lortu zuten gehiengoa. Halakoetan parte hartzea nabarmen txikiagoa izaten da, ordea; urte hartan %50etik gorako abstentzioa eman zuten datu ofizialek.

Duela lau urteko hauteskundeetan, ordea, aurrea hartu zion oposizioko MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak hainbat barrutitan presidentearen aldeko GPP Polo Abertzale Handia koalizioari. Denera, zazpi gobernadore eta Caracasko alkatetza nagusia lortu zituen MUDek; GPPk, berriz, hamabost estatutako agintaritza.

MUDek gobernatzen duen estatu horietako lauk garrantzi berezia dute. 2008tik, eskuineko koalizioak gehiengoa du Miranda eskualde jendetsuan, baita industria handiko Carabobo barrutian ere. 2004tik bere esku egondako Zulia eta Nueva Esparta eskualdeak ere ez zituen galdu azken hauteskundeetan; lehenengoan petrolioa dago, eta bigarrena gune turistikoa izateagatik da ezagun.

Hiriguneen inguruko lehia

Oposizioaren esku dagoenetik, Caracasko barrutia izan da Chavezi lan gehien eman dioten guneetako bat, eta pentsatzekoa da hiriburua berreskuratzea izango duela helburu nagusi. Dena den, oraindik ez dute zehaztu nor izango den GPP koaliziotik Antonio Ledezma alkate nagusiaren aurka lehiatuko dena.

Orain arte, estatu federaletako legebiltzarretarako bozak eta udal hauteskundeak egun berean egiten ziren; oraingoan, banatu egin dituzte. Udal bozak 2013ko apirilaren 14an izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.