ATENTATUA PARISEN

Estatu Islamikoak bere gain hartu ditu Parisko erasoak

Gutxienez 129 dira hildakoak Estatu Islamikoak Frantziako hiriburuko sei lekutan eginiko erasoetan. Larrialdi egoera ezarri du Frantziak, eta mugak ixteko agindua eman. François Hollandek "gerra ekintzatzat" jo du erasoa, eta EIk azaldu du zortzi erasotzailetik zazpik beren burua zartarazi zutela. Erasotzaileetako bat identifikatu dute. [Youtube]https://youtu.be/PfaVDgd17Io[/Youtube]

2015eko azaroaren 14a
01:01
Entzun

Informazio nagusiak:

- Azken eguneraketaren arabera, 129 lagun hil dituzte Parisen izandako sei erasotan. Bataclan lokalean eragin dute sarraski gehiena; 70 bat lagun hil dituzte bertan.

- 200 bat lagun zaurituta daude, eta horietatik ia ehun, larri.

- Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoen egiletza, eta esan du Frantziak "helburu nagusi" izaten jarraitzen duela.

Informazioa, minutuz minutu:

18:30: Belgikako Gobernuak baieztatu du hainbat lagun atxilotu dituztela Bruselan. Koen Geens Justizia ministroak azaldu du Bataclan aretoaren kanpoaldean Belgikako matrikula zuen auto bat ikusi zutela lekukoek, eta, gaineratu duenez, auto hori topatzeko eta nork alokatu zuen jakiteko lanetan ari dira.

17:45: Elkarretaratzeak egin dituzte Miarritzen, Baionan eta Angelun, Parisko erasoak gaitzesteko. Baionako mobilizazioan izan da Nora Arbelbide kazetaria.

17:30: Bruselan, pertsona bat atxilotu du Belgikako Poliziak Parisko erasoei lotuta. Bestalde, Londresko Gatwick aireportuan beste pertsona bat atzeman dute, arma bat zeramala-eta.

17:00: Europan azken hamarkadetan izandako eraso larrienen artean dago Pariskoa.

16:00: Amsterdametik Frantziara zihoan hegazkin bat hutsarazi dute Amsterdam-Schipol aireportuan, aireratu aurretik. Twitter bidez hegaldi hori mehatxatu dutela-eta, badaezpadako neurri gisa atera dituzte bidaiariak, Herbehereetako Poliziako bozeramaile Dennis Mullerrek adierazi duenez.

15:00: Bataclaneko erasotzaileetako bat identifikatu du Poliziak, hatz markari esker. Courcouronnesekoa da, Paristik 35 kilometrora dagoen herri batekoa, eta jihadismoarekin lotura zuelakoan, fitxatuta zuen Poliziak. Halaber, Polizia iturriek adierazi dute Siriako eta Egiptoko pasaporteak zeramatzatela erasotzaileetako batzuek.

14:50: Elkarretaratzeak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat lekutan, Parisko erasoen harira. Gaur 17:00etan Angelu, Baiona eta Biarrritzeko herriko etxeen aurrean elkartuko dira, eta Gasteizen, berriz, 19:00etan elkartuko dira Andre Mari Zuriaren plazan, SOS Arrazakeriak deituta.

14:45: Konraz Szymanski Poloniako Euopako gaietako ministro izango denak adierazi du herrialde horrek ez duela errefuxiatu gehiago onartuko Parisko erasoen ondorioz. Halaber, Europako Batasunari eskatu dio "berrazter" ditzala errefuxiatu kuotak.

14:30: Euskal Herritik erreakzio ugari izan dira Parisko erasoen inguruan. Besteak beste, Jaurlaritzak adierazi du "beharrezko segurtasun neurriak" jarriko dituela martxan.

14:00: Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak agerraldi bat egin du. Azaldu du etxeratze-agindua emango dutela beharrezkoa izanez gero, eta eraikin publikoetan segurtasun perimetroa zabalduko dutela. Ostegunera arte, manifestazioak debekatu dituzte.

12:30: Estatu Islamikoak ohar bat plazaratu du, erasoa bere gain hartuz. Bertan dio erasoen jomugak kontzienteki aukeratu zituztela, eta ohartarazi du Frantziako Estatuari eraso egiten jarraitzeko asmoa duela. Hain zuzen, Siriako bonbardaketen eta Mahoma profeta iraintzearen ondoriotzat jo dituzte erasoak.

Tiroketak eta bonba leherketak izan dira ostiral gau honetan Parisen. Gutxienez zazpi tokitan gertatu dira tiroketak eta erasoak, AFP agentziaren arabera; besteak beste, Bichat eta Charonne karriketan eta Voltaire etorbidean, Les Halles zentro komertzialaren inguruan eta Frantziako estadioan. Poliziaren arabera, gutxienez 128 dira hildakoak, eta 180 baino gehiago zaurituak, horietatik 80 egoera larrian daude. Hiru eguneko dolua ezarri du gobernuak. Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa.

Lekuko zenbaiten arabera, "Alah Akbar" oihuak eginez hasi dituzte tiroketa horietako batzuk. Kalaxnikov fusilekin tiroka aritu direla ere esan dute lekuko horiek. Autoz mugitu diren pertsona batzuek egin dituzte erasoak, kafetegi eta tabernen kontra askotan.

Eraso horietako batean, gainera, Bataclan lokalean sartu dira erasotzaileak, eta gatibuak ere hartu dituzte. Kontzertu bat egiten ari ziren lokal horretan. Poliziak itxita ditu inguruak, eta gauerdia pasatuta lokalera sartzeko erasoa hasi du. Ustez hiru ziren erasotzaileak; poliziek horietatik bi hil dituzte. Zaurituak ateratzen hasi dira berehala. Lekuko batzuen arabera "dozenaka hildako" egon liteke han bakarrik.

Frantziako estadioan, berriz, bi leherketa gertatu dira. Frantziaren eta Alemaniaren arteko lagun arteko futbol partida jokatzen ari ziren, eta François Hollande presidentea ere bertan zen. Hedabide batzuen arabera, kamikaze batek egin du eraso horietako bat.

Larrialdi egoera eta mugak itxita

Hollande futbol estadiotik atera dute, eta Barne Ministeriora eraman. Manuel Valls lehen ministroarekin batzartu da han, krisi kabinetean, eta gauerdian ministro kontseiluak bilera ezohikoa egingo du. Hollandek jakinarazi du larrialdi egoera indarrean dagoela, eta mugak itxiko dituztela. Armada ere hedatu dute karriketan, eta gaur goizean Defentsa Batzordeak bilera egingo du.

Herritarrei etxetik ez ateratzeko aholkatu die Parisko Herriko Etxeak. Unibertsitate eta eskolek gaurko jarduerak eten dituzte, eta ospitaleek ere larrialdi plana indarrean jarri dute. Eta metro geltokiak ere itxi egin dituzte.

Nazio Batuen Erakundeak, Barack Obamak, David Cameronek eta Mariano Rajoyk, besteak beste, elkartasuna adierazi diote Frantziari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.