TUNISIAko sarraskia turisten kontra

Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua

Hogei turista atzerritar, hiru tunisiar eta bi ekintzaile hil dira parlamentuaren aurkako erasoan. Berrogeitik gora lagun daude zaurituta. Berrehun lagun hiru orduz bahituta eduki zituzten Bardoaren Museoan. 

Tunisiako Parlamentuaren eta Bardoaren museoaren kontrako erasoa eta gero segurtasun indarretako hartu zuten hiria. MOHAMED MESSARA, EFE
Ainhoa Oiartzabal-Xabin Makazaga
2015eko martxoaren 19a
16:01
Entzun

Reuters berri agentziak zabaldu duenez, Estatu Islamikoak bere gain hartu du Tunisian izaniko atentatua. Orotara, hogei turista, hiru tunisiar eta bi ekintzaile hil dira. Berrogei lagun baino gehiago zauriturik daude. 

Bardoaren Museoa, Tunisiako hiriburura turistak erakartzeko gune garrantzitsuenetako bat, bahiketa dramatiko baten lekuko izan zen asteazken eguerdian. Hiru ekintzaile islamistak 200 bat bisitari —gehienak atzerritarrak— hiru orduz atxiki zituzten museo barruan, eta erreskate operazioaren ondoko balantze ofizialak sarraskiaren neurria erakusten du: gutxienez hamazazpi turista atzerritar hil zituzten —Italia, Katalunia, Alemania eta Poloniakoak—, baita Tunisiako polizia bat eta museoko garbitzaile bat ere. Eta, erreskate operazioan, ustezko bi erasotzaile hil zituzten segurtasun indarrek.

Parlamentuan eta Bardoaren Museoan izandako tiroketen ondoren, 50 bat pertsona eraman behar izan zituzten ospitalera: Italia, Frantzia, Espainia, Polonia, Japonia eta Hegoafrikakoak, hainbat tunisiarrez gain. 

Hiru ekintzailek Tunisiako Parlamentuaren kontra egindako eraso baten ondoren —uniformea jantzita joan arren, sartzea galarazi zieten segurtasun indarrek, arauzko armen ordez kalaxnikov fusilak zeramatzatela ohartzean—, eraikineko lorategitik bertan dagoen Bardoaren Museora egin zuten ihes erasotzaileek.

Zenbait lekukoren arabera, Tunisiako Parlamentuaren eta Bardoaren Museoaren ondo-ondoan dagoen meskitatik irten ziren ustezko hiru ekintzaileak, eta turistak zeramatzan autobus bati tiro ere egin zioten. Parlamentuan, zenbait batzorde bilduta zeuden, Justizia ministroa buru zuen eta lege antiterrorista aztertzen ari zen bat tartean, eta, erasotzaileak egoitza barrura sartu ez arren, parlamentari eta langile guztiak areto bakar batean bildu zituzten.

Museo barruan, berrehun bat bisitari gatibu hartu zituzten hiru orduz —12:30etik 15:15era—, eta Tunisiako segurtasun indarrek operazio handi bat antolatu zuten bahituak erreskatatzeko. Kanpoaldean, Tunis hiriburuko alde zaharretik lau kilometrora, 500 bat turista ere pilatu ziren operazioak iraun zuen bitartean.

Ustezko erasotzaileetako bat —22 urteko ikasle bat— atxilotu egin zutela jakinarazi zuen Poliziak. Segurtasun indarrek eragindako leherketa batekin amaitu zen bahiketa.

«Eraso koldarra» gaitzetsi, eta batasunerako deia egin du Tunisiako lehen ministro Habid Essidek, bahiketa amaitu ostean, telebistaz. Gobernua «terrorismoaren kontra nekerik gabe» borrokatuko dela nabarmendu du, baina mehatxu horri aurre egitea «tunisiar guztiei» dagokiela erantsi du: «Alderdi politiko guztiei, baita gizarte zibilari ere». Iluntzean, elkarretaratzeak egin zituzten hiriburuan.

Trantsizio osteko aroa

Tunisian hasi zen, duela lau urte eta erdi, gero Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko herrialde ugaritara hedatu zen Udaberri Arabiarra; eta Tunisia izan da, hain justu, aldaketa aro horri modurik arrakastatsuenean erantzun dion estatua. Izan ere, konstituzio berri bat onartu, eta, lehenengo aldiz demokratikoak izan diren hauteskunde batzuetan, parlamentua eta presidentea aukeratu zituzten 2014 amaieran.

Herritarren protestek eragin zuten Zine el-Abidine Ben Ali presidenteak (1987-2011) agintea uztea, eta, diktadura osteko trantsizio aldian, Ennahda alderdi islamistak irabazi zituen 2011ko hauteskundeak. Hiru urteren buruan, trantsizio politikoa amaitzeko antolatutako hauteskundeetan, Nida Tunis alderdi laikoa izan zen nagusi: Beji Caid Essebsi izendatu zuten presidente, eta Essid lehen ministro.

Gobernua alderdi islamistarik gabe osatzeko ahalegin ustelen ondotik —Nida Tunisek ez zeukan hainbesteko gehiengorik—, azkenean Ennbahda ere sartu zuten agintea partekatzeko koalizioan. Orain, Tunisen ekintzaile islamistek egindako erasoaren beroan, herrialdea «aldi erabakigarrian» dagoela nabarmendu du Essid lehen ministroak: «Gure historiako garai kritikoa da, etorkizuna argitzeko garaia».

Talde jihadisten erasoaldia

Ben Ali botatzeak eta, bereziki, Muhammar Gaddafi agintetik kentzeak Libian eragin zuen anabasaren ondorioz —muga egiten dute bi herrialdeek—, Tunisian asko ugaritu ziren eraso jihadistak. Ansar al-Xaria talde salafistak eta AQMI Magreb Islamiarreko Al-Qaedak eragin dizkio gobernuari buruhauste handienak, eta, 2012an, armadak jihadisten kontrako kanpaina militar handi bat hasi zuen. Baina ez du haiek menderatzerik lortu.

Libian Estatu Islamikoaren sail bat gidatu duen buruzagi tunisiar bat hil berritan gertatu da atzoko erasoa. Ahmed al-Ruissi, Abu Zakariya al-Tunisi gisa ere ezaguna, Surt hiritik gertu hil zuten Libiako armadako indarrek, eta Bardoaren Museoaren kontrako erasoak horrekin lotura izan lezakeela esan dute Tunisiako hainbat hedabidek. Herenegun, halaber, talde jihadistei arma ugari atzeman zizkietela jakinarazi zuen Tunisiako Gobernuak.

Parlamentuaren eta Bardoaren Museoaren kontrako erasoa —Tunisiarentzat diru iturri nagusietakoa da turismoa—  Estatu Islamikoaren aldeko kontu batek Twitterren iragarpen gisako mezu bat zabaldu ondoren gertatu da: «Albiste on bat etorriko da Tunisiako musulmanentzat, eta kolpe bat fedegabe eta hipokritentzat, beren burua kultutzat dutenentzat bereziki». Erasoa ez du inork bere gain hartu, baina, EIren inguruko kontuetan, izan da helburuak goratu dituenik: «Parlamentua eta museoa, subiranotasunaren eta turismoaren bihotzak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.