Sotloff 2013tik desagertuta zegoen. Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak esan duenez, oraindik ezin dute ziurtatu bideoa egiazkoa denik, baina inteligentzia zerbitzuek aztertu egingo dutela gaineratu du. Horretan, atxikita daukaten David Haines britainiarra hiltzeko mehatxua ere egiten du Estatu Islamikoak. Gobernuei haren kontra AEBekin duten "deabruzko ituna" apurtzeko deia egin die, gainera.
Ikus-entzunezkoak AEBei bigarren mezu bat du izenburu. Laranjaz jantzita agertzen da Sotloff, belauniko, eta aldamenean aurpegia estalita duen gizon bat ageri da. Hala mintzatzen zaio Sotloff Barack Obama AEBetako presidenteari: "Nire biziarekin pagatzen ari naiz zure ekintzen prezioa. Ni ez al naiz AEBetako herritar bat? AEBetako zergetatik milaka milioi dolar gastatu dituzu, eta gure tropetako milaka lagun galdu ditugu Estatu Islamikoaren kontrako aurreko borroketan. Beraz, zein interes dago gerra hau berpizteko?". Aurpegia estalita duen gizonezkoa ere Obamari zuzentzen zaio. "Itzuli" egin dela adierazten dio, haren gobernuaren politika "harroaren" ondorioz.
Duela bi aste AEBetako beste kazetari baten hilketa hartu zuen bere gain Estatu Islamikoak: James Wright Foley hiltzen ageri zen bideoa zabaldu zuen —gaurkoaren antza du, irudi aldetik—. AEBetako segurtasun indarrek baieztatu zuten bideoa egiazkoa zela. Bideo hartan Estatu Islamikoak ohartarazi zuen Sotloffekin gauza bera egingo zuela. Asteazkenean, kazetariaren amak, Shirley Sotloffek, semea aske uzteko eskatu zuen bideo batean.