Israelgo naziotasuna eskuratu nahi dutenek zin bat egin beharko dute aurrerantzean; Estatu judu eta demokratikoari egin beharko diote leialtasuna zina. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak neurri hau babestu du «sionismo demokratikoaren mamia» dela argudiatuz: «Ekialde Hurbilean ez dago beste demokraziarik eta mundu zabalean ez dago beste estatu judurik; hau da gure izatearen oinarria, eta gure parte izan nahi duen orok onartu beharko du».
Hiritartasun Legeari ezarritako emendakin polemiko hau herenegun onartu zuten ministroek eskuin muturraren zorionerako. Avigdor Lieberman Atzerri ministroak berak sustatu du testua, eta, hainbat informazio iturriren arabera, lehen ministroak eskuin muturra limurtzearren babestu du neurria; trukean kolonien politika bertan behera uzteko eta, hartara, palestinarrekiko negoziazioak berriz abian jartzeko alderdiaren sostengua eskuratuko luke horrela Netanyahuk. Aski ezaguna da, dena den, diplomazia buruak bake negoziazioekiko duen jarrera eta, beraz, nekeza izango da lehen ministroakharen sostengua jasotzea. Liebermanek NBE Nazio Batuen Erakundean berriki egin zuen proposamenak bederen ez du bide horretan laguntzen; Israelen bizi diren arabiarrak kanporatzearren, hauek kolonoengatik trukatzea proposatu zuen.
Legebiltzarraren babesa
Orotara 22 ministrok eman diote babesa emendakinari; Likudeko bi ministrok eta beste sei ordezkari laboristak, berriz, kontra egin dute. Israelgo diputatu arabiarrek, bestetik, arrazistatzat jo dute testua, eta negoziazioei misil bat jaurtitzea bezalakoa dela uste dute. Israelen aiton-amonen juduren bat duen edozein pertsonak eskuratu dezake zuzenean herritartasuna; Itzuleraren Legeak aitortzen die eskubide hori jatorri judua dutenei. Neurri hau, beraz, naziotasuna eskatzen duten palestinarrei eragingo die bereziki. Legebiltzarrak oniritzia eman beharko dio orain.
Estatu juduari leialtasun zina egin beharko zaio naziotasuna eskuratzeko
Eskuin muturrak elkarrizketak babestu ditzan lehen ministroak egin duen kontzesioa dela iradoki dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu