2019an Omar al-Baxir presidentea kargutik kendu zutenetik, zibilez eta militarrez osatutako gobernu batek agintzen du Sudanen, baina gaur goizaldean oreka hori iraultzen ahalegindu da soldadu talde bat. Gutxi iraun du estatu-kolpe saioak; besteak beste, atzo iluntzerakosegurtasun indarrek bazutelako taldearen asmoen berri, eta horri esker bertan behera utzi ahal izan dutelako ordu gutxiren buruan. Orotara 40 militar dira atxilotutakoak, eta hainbat orduko nahasmenaren ostean egoera bere onera itzuli dela jakinarazi dute komunikabideek.
Gobernuko eledun Mohamed al-Faki Suleimanen esanetan, dagoeneko hasi dira galdekatzen atxilotuetako batzuk, eta datozen orduetan armadak berak komunikatu bat plazaratuko du gertatutakoaren berri emanez. Aurreko egunetan, Al-Baxirren jarraitzaileek Khartum eta Port Sudan hiria lotzen dituen errepidea moztu zuten protesta gisa, eta ekintzak hautsak harrotu zituen herrialdean. Krisi ekonomikoan murgilduta dago Sudan, eta azken asteetan tentsioak gora egin du koalizio gobernua osatzen duten alderdien artean.
«Batzorde legegileak sortua behar zuen iraultza egin eta hiru hilabetera; hiru urte igaro dira, eta gobernuan dauden ordezkari zibilek ez dute inolako urratsik egin. Galdera ez da zergatik saiatu diren estatu kolpe bat ematen, galdera da zer lortu nahi ote zuten horrekin», ohartarazi du Waleed Madibok, Sudango Polizia Foroa erakundearen sortzaileak. Madiboren esanetan, egungo gobernuak ez du lidergorik, ez eta norabide jakinik ere.
Sudan Tribune albiste agentziaren arabera, Al-Baxirren gertukotzat jotzen diren armadako buruzagi islamista ugari daude atxilotuen artean.