ESTATU KOLPEA HONDURASEN. Zelayaren itzulera eskatzeko, greba orokorrari ekin diote Hondurasen

Roberto Micheletti Kongresuak izendatutako presidenteak karguaren zina egin du, herritarren protesten artean

Leire Ventas - Amagoia Mujika
2009ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Egoera ezin ez ohikoagoa denean, normaltasunerako deia egin du Roberto Michelettik, Hondurasko Kongresuak presidente izendatutako diputatuak. «Gaur haur guztiek eskolara joan beharko lukete, eta gaztetxoek, unibertsitatera. Hori bermatu behar dugu». Horixe zioen, eguneko lehen adierazpenetan. Ikasleak, ordea, ate-joka joan zitzaizkion. Etxeratze agindua bertan behera geratu bezain pronto, dozenaka gazte heldu ziren presidentearen egoitzara, gaua han atarian igaro zuten manifestariekin bat egiteko. Greba orokorra ari dira egiten haiek, ManuelZelaya presidente kendu berriaren itzulera eskatzeko. Horixe bera eskatu die herritarrei Patricia Rodasek, kargutik kendutako Atzerri ministroak, Mexikotik.

Michelettik hala aginduta, herenegungo 21:00etatik atzo goizaldeko 05:00etara etxetik ateratzea debekatua zuten Tegucigalpa hiriburuko biztanleek -zortzi orduko aldea dago Honduras eta Euskal Herriaren artean-.Hala ere, zenbait hiritarrek gaupasa egin zuten gobernuburuaren egoitza ofizialaren parean, estatu kolpea salatuz.

Artean, Michelettik halakorik ez dela izan argudiatzen du. «Ez dugu ordena konstituzionala urratu. Legeak dioena egin dugu». Haratago, armada borondatetsua izan dela ziurtatu du. «Gogo onez jokatu dute militarrek, Zelayari herrialdetik irteten utzita. Erbestean ez, kartzelan egon behar luke».Eta nazioartea horretaz konbentzitzeko kanpaina iragarri du. «Enbaxadore eta kontsul guztiei, eta atzerrian ditugun laguneiHondurasen alde egiteko eskatu diet, dena herriarengatik egin baitugu».

Presidentea, erbesteratua

Militarrek indarrez aterarazi zuten Zelaya herrialdetik, herenegun. Egun hartarako bertarako deitu zuen herri galdeketa legez kanpokoa zela argudiatu eta Costa Ricara bidali zuten.Nikaraguan dago orain. Hondurasko Konstituzioaren arabera, presidenterik eta presidenteorderik egon ezean, Kongresuak izendatu behar du gobernuburua. Hori hala, presidenteordeak iaz dimisioa eman zuenez, diputatuen Kongresuko burua aukeratu zuten Zelayaren ordezko.

Talde politiko berekoak dira Zelaya eta Micheletti: Alderdi Liberalekoak. Bata gobernuburu izanda eta bestea Kongresuko buruzagi, sarritan jardun dira elkarlanean. Bien arteko ezinikusia aspaldiko kontua dela diote, ordea, adituek.Taldekideek ez diote «alderdia saldu izana»barkatu, eta horregatik babestu dute estatu kolpea. Izan ere, Zelaya hautagai kontserbadorea zen eta oligarkiaren oniritziarekin heldu zen presidentetzara, 2005eko azaroaren 27an. Baina azken urteetan orduko diskurtsoa irauli, eta «pobreen eskubideen alde» egin beharraz aritu da. Bide horretatik, Alba Amerikarako Alternatiba Bolivartarrarekin bat egitea proposatu zuen. Hugo Chavez Venezuelako presidentearen ekimena da hori, eta Hondurasko Kongresuak - Micheletti buru- oniritzia eman zion presidentearen ekimenari. Ordainetan, alderdi barruko bozetan haren alde egin zuen Zelayak, iaz.

«Egoera kontrolpean daukat», adierazi zuen Zelayak pasa den ostegunean, armadaburuak militarrei kuarteletara itzultzeko agindu zienean. «Armada nire esanetara dago». Susmatu ere ez zuen egiten okerrena etortzeko zela. Hori hala zela sinistuta, ezin lasaiago utzi zuen presidentetza igandean. Eta une huraxe baliatu zuten militarrek presidentea bahitu eta herrialdetik kanporatzeko. Bide batez, egun hartan bertan presidentearen ekimenez egitekoak ziren erreferenduma saihestu zuten.

Batzar Konstituziogilea osatzearen alde edo kontra bozkatu behar zuten hondurastarrek. 1982tik indarrean dagoen Konstituzioa erreformatzea izango litzateke batzarraren ardura. Horixe nahi zuen, finean, Zelayak. Kritikoek botere gosea ikusi zuten horren atzean. Izan ere, testua moldatuz gero, beste behin aurkeztu ahalko litzateke bozetara.

Kargutik kendu izan ez balute, indarrean dagoen legediaren arabera, azaroaren 27an utzi behar zuen agintea Zelayak. Orduan dira egitekoak bozak. Ordura arte karguari eusteko asmoa agertu du Michelettik. Hori ikusteko dagoela ohartarazi du, ordea, Zelayak. «Nazioartearen babesarekin, itzuliko naiz», esan zuen San Josen (Costa Rica) emandako prentsaurrekoan, galtzerdirik gabe eta pijama soinean zuela.



Datua

KOLPEAREN KRONOLOGIA

2005eko azaroaren 27a. Alderdi Liberaleko hautagaiak, Manuel Zelayak, irabazi zituen bozak, 75.000 botoren aldearekin. 2006an hasi zuen agintaldia.

2009ko maiatza. Konstituzioa erreformatzeko herri galdeketa egitea proposatu zuen presidenteak. Herenegun ziren egitekoak erreferenduma. Egin eta baiezkoa gailendu izan balitz, berriz ere presidentetzara aurkezteko aukera izango luke Zelayak.

2009ko ekainaren 23a. Kongresuak Hauteskundeen Legea moldatu zuen, Zelayak galdeketa egin ezin ahal izateko. Hauteskundeen Auzitegi Gorenak eta armadak ere legez kanpokotzat jo zuten presidentearen ekimena.

Ekainaren 24a. Presidenteak kargutik kendu zuen Romeo Vasquez armadaburua, baina bere postuan dirau; Justizia Auzitegi Gorenak atzera bota zuen agindua.

Ekainaren 25a. Armada kalera atera zen, eta gobernuburua Presidentetzan gotortu.

Ekainaren 26a. Vasquez jeneralak militarrei kuarteletara itzultzeko agindu zien.

Ekainaren 27a. Egoera kontrolpean zeukala esan zuen.

Herenegun. Goizaldeko seietan (eguerdia, EuskalHerria), militarrek herrialdetik irtenerazi zuten presidentea. Roberto Michelleti Kongresuko buruak hartu zuen bere lekua. Ez zuten galdeketa egin. Costa Ricatik desobedientzia zibilerako deia egin zuen Zelayak.

Atzo. Greba orokorra hasi zuten.



Hautagaitza berriz aurkeztu ahal izateko saioak

Ez zuela agintean betikotzeko inolako asmorik ziurtatzen zuen Manuel Zelaya presidenteak, kargutik kendu aurretik. «Herriak erabaki behar du hori». Hala ere, Konstituzioa moldatu nahi zuen, bozetara berriz aurkeztu ahal izateko.Ez da hori otu zaion lehena izan. Carlos Menem izan zen gisa horretako erreformen aitzindaria. Legedia aldatuta, hamar urtean izan zen Argentinako presidente. Alberto Fujimori ere saiatu zen behin eta berriz gobernuburu izateko Peruko Konstituzioa moldatzen. Venezuelan Hugo Chavezek otsaileko galdeketa irabazita, jada ez du trabarik beste behin hautagaitza aurkezteko.Kolonbiako Senatuak maiatzean onartu zuen gisa horretako galdeketa egiteko legea.



Estatu kolpeak berriz ere Latinoamerikan

Herenegun arte, estatu kolpeak aspaldiko kontuak ziruditen Latinoamerikan. Ekuadorren izan zen azkena, 2000. urtean. Militarrek eta indigenek elkar hartuta, Jamil Mahuad kendu zuten agintetik. Venezuelan ere izan zen saiakera bat, 2002an. Hugo Chavez 48 orduz baino ez zuten kendu presidentetzatik.



«Jainkoari esker nago bizirik. Bahiketa baten biktimaizan naiz, eta behin eta berriz tirokatu egin naute»

MANUEL ZELAYA
Hondurasko presidentea

Nazioartea, Zelayarekin

ALBAko kideek Hondurasen zituzten enbaxadoreak erretiratu dituzte, Manuel Zelaya herrialdera itzuli artean
Amagoia Mujika.

Nazioarteak bat egin du Manuel Zelaya Hondurasko presidente kendu berriarekin. Estatu kolpe bidez ezarritako gobernua gaitzetsi dute, eta ez dute onartzen behin-behinean izendatu duten agintari berria, Roberto Micheletti. Nazioarteko hainbat erakundek premiazko bilerak egin dituzte egoera aztertzeko, eta konponbidea eskatzeko.

ALBA Amerikarako Alternatiba Bolibartarra osatzen duten herrialdeek euren enbaxadoreak erretiratu dituzte Hondurasetik, Zelaya itzuli artean. Gertatutakoa gogor gaitzetsi dute horrela. Daniel Ortega Nikaraguako presidentea, Hugo Chavez Venezuelakoa eta Rafael Correa Ekuadorkoa bi egunetan izan dira bileratan, Managuan, eta atzokoan Evo Morales Boliviako presidentea ere bai. «Protokolo handirik gabekoa eta eraginkorra» izan da han erabakitakoa Ortegaren arabera. Kolpea bertan behera uzteko euren esku dagoen guztia egingo dutela esan dute, eta «kolpea eman dutenen aurka atxatzeko deia» egin diete herritarrei. «Herritarren matxinadak hitzezkoa izan behar du, kontzientziazkoa; lezio bat jaso behar dute militarrek eta haiek presidente karguan jarri duten Roberto Michelettik ere». Manuel Zelaya Managuara heldu bezain laster presidenteon babesa jaso du.

Venezuelako presidentea areagojoan da bere adierazpenetan. Venezuelako militarrek Hondurasen esku hartzea ez du baztertzen Chavezek. «Ezin dugu utzi gure enbaxadorea masakratu dezaten», esan du ironiaz, baina ondoren, serioago, hori azken neurria izago dela argitu du; armadara jo aurretik,bide politikoak asko direla ziurtatu du.

NBE Nazio Batuen Erakundea, Amerikako Estatuen Erakundea eta Europako Batasuna bat etorri dira esaterakoan egungo egoerari bide baketsuetatik eman behar zaiola irtenbidea, bainaprozesu demokratikoen bidez aukeratutako gobernua ezin duela indarrak kendu, eta presioa egingo dutela Honduras lehenbailehen aurreko egoerara itzul dadin.

NBE Nazio Batuen Erakundea osatzen duten 192 herrialdeak deitu zituen atzo presazko bilerara Miguel D'escotok, NBEko Batzar Nagusiaren presidenteak. «Era argian eta kategorikoan gaitzesten dugu Armadaren ekintza kriminala, eta elkartasuna adierazi nahi diegu Hondurasko presidenteari, Manuel Zelayari, eta herritarrei». Irtenbide bakarra Zelayak berriz ere presidente kargua hartzea dela uste du D'Escotok. «Herritarrek emandako kargua ezin dute militarrek kendu». Michelettiren gobernuak bilera atzeratzea eskatu zion NBEri.

AEE Amerikako Estatuen Erakundeak ere gogor egin du militarrek ezarritako egoera berriaren aurka. «Ordena konstituzionala berriz jarri behar dugu, hau estatu kolpea izan delako», Jose Miguel Insulza idazkari nagusiaren arabera. Militarrek kalean jarraitzen badute «neurriak hartu beharko» direla ohartarazi du, baina ezer zehaztugabe.

Barack Obama, adi

AEBetako presidente Barack Obamarentzat nazioarteko politikan oso garrantzitsua izango da Hondurasen gertatzen dena. Estatu kolpea etorriko zela gauza jakina zen AEBentzat, Etxe Zuriko funtzionarioek esan dutenez, etaObamakohar batean esan du, azken egunotan hainbat saiakera egin dituela militarrekin, kolpea geldiarazteko, baina alferrik izan dela. «Oso kezkaturik» dago Hondurasek daukan egoera berriarekin, eta «arau demokratikoenganako errespetua» eskatu du. «Hondurasen dauden auziak eta tentsioak modu bakezalean konpondu behar dira, elkarrizketa askearen bidez, eta atzerriko esku sartzerik gabe».

AEBek Hondurasen dauzkan militarrek hango armada entrenatzen dute, eta narkotrafikoaren kontrako ekintzetan bertakoekin aritzen dira. Estatu kolpea gertutik jarraituko dutela esan du Obamak, baina ez du argitu zer nolako harremanak izan dituen kolpea saihesterakoan.

Europako Batasunak ere egoera «lehenbailehen» aldatzeko, aldeek elkarrizketa bidera dezatela eskatu du. «EBk zuzenbide estatuari ematen dio garrantzia, demokraziari, eta herriak aukeratutako instituzioei» ziurtatu du Benita Ferrero-Waldnerrek, EBko Kanpo Harremanetarako komisarioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.