Iberoamerikako herrialderen batean estatu kolperen bat gauzatuz gero, herrialde iberoamerikarren taldetik botako dute. «Klausula demokratikoa» deitu diote. Hori da Herri Iberoamerikarren 20. goi bileran hartu duten erabaki nagusia. Mugarria dela esan dute Cristina Fernandez Argentinako presidenteak eta Rafael Correa Ekuadorkoak, Mar del Platan (Argentina).
Hitzetatik ekintzetara pasatu dela nabarmendu du Correak, berez neurri horrek inolako zigor politikorik eta ekonomikorik eragingo ez duen arren. Irailaren 30ean jasan zuen polizien erasoa estatu kolpea izan zela esan zuen atzo osoko bileran.
Bestela, hortxe amaitu da goi bilera. Nabarmenagoa izan da faltatu diren agintariak joan direnak baino, eta erabaki ez direnak erabaki direnak baino. Emaitza kaskarra izan du: hezkuntzari buruzko adierazpenak eta 2021 arteko inbertsio konpromisoak; Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo jarduneko presidenteari etaNestor Kirchner Argentinako presidente ohiari egindako omenaldia; zenbait hitzarmen komertzial; Kubaren adierazpena Barack Obama AEBetako presidentearen kontra; eta uholdeak jasan dituztenei agertutako elkartasuna.
Estatu kolpeen kontrako ituna mugarria dela esan dute Mar del Platan
Agintari asko faltatu dira, eta erabaki gutxi hartu dituzte herrialde iberoamerikarren goi bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu