Marta Vilalta. ERCko diputatua Kataluniako Parlamentuan

«Estatua erreformatzea ezinezkoa da, horregatik dakigu aukera bakarra independentzia dela»

Vilaltak Espainiako Gobernuarekiko negoziazio mahaian du itxaropena. Haren iritziz, horrek huts egiten badu «arrazoi eta zilegitasun» gehiago izango dute aldebakarreko bideari ekiteko.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
ERC Esquerra Republicana de Catalunyako idazkari nagusiaren ondokoa eta eleduna da Marta Vilalta. Gaur egun diputatu ere bada Kataluniako Parlamentuan. Aurrez, Generalitateko Gazteria Saileko zuzendari nagusia izan zen, 2016 eta 2018 bitartean. ERCko gazterian eman zituen lehen urratsak, komunikaziorako idazkari nagusi gisara.

ERCk liburu bat aurkeztu berri du, Tornarem a vèncer: I com tornarem a fer (Berriz irabaziko dugu: eta nola egingo dugun). Zer da bertan proposatzen duzuena?

Oriol Junquerasek eta Marta Rovirak egin duten liburua da herrialde osoari, ez bakarrik mugimendu independentistari, egiten diogun proposamen estrategikoaren sintesia, ekimena berreskuratu eta errepublika katalanerako bidea lehenbailehen amaitzeko. Proposamena aurrera begirako bat izatea nahi dugu, eta ez irainetan eta 2017ko urrian ainguratuta geratu. Analisi horren arabera, irabazteko prestatu behar dugu, gehiago eta sendoagoak izatea lortu, autodeterminazio eskubidea berriz gauzatzen dugunean arrakasta lortzeko. Etorri garen bideari begiratzen diogu ondo egindakoak eta okerrak aurkitu eta horietatik ikasteko.

Nola eraikiko da adostasun hori zatiketa nagusi den honetan?

2017ko urriaren 1eko garaipena lortzeko identifikatu genituen gakoetako bat da batasun estrategikoa, nahiz eta aldi hartan ez zuen balio izan bidea amaitzeko. Gai izan ginen, aniztasunez, zeharkakotasunez eta mugimenduaren pluraltasunez helburu bat lortzeko ados jartzeko: erreferendum bat egin eta hura lortzeko pausoak zehazteko. Ez zen erakunde politiko eta sozialen arteko batasuna soilik izan; herritarren eta instituzioen arteko konplizitatea ere egon zen, gaur egun agian galdu egin dena. Horiek dira galdu behar ez ditugun indarrak; batasun estrategiko bat eraiki behar dugu, xehetasun guztiak partekatu eta helburuak berrezarri, bai norabidea, eman beharreko urratsak eta egin beharreko ekintzak ere. Eseri beharra dago, akordioak egin eta jarraitu beharreko estrategiak adostu.

Nola eragiten dio honi guztiari Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketa mahaiak?

Erreportxuetatik ihes egin nahi dugu. Horiekin, estatuak nahi gaituen tokian jartzen gara, eta hark independentisten arteko zatiketa nahi du. Proposamenak egin nahi ditugu; iraganera begiratu beharra dago, baina ez han geratzeko, etorkizunerantz egiteko eta herritarrei proiektu bat eskaintzeko baizik. Etorkizunerako proiektu honen tresna nagusia da erreferenduma, eta hori adostua izatea nahiko genuke. Hemen sartzen da negoziazio mahaia, guretzat oraindik aukera gisa ikusten duguna. Badakigu zaila dela, Espainiak eta gobernu honek —bere burua historiako progresistena balitz bezala aurkezten badu ere— ez du Kataluniarako erreferendum bat adosteko asmorik, baina badakigu azkeneraino heldu behar dugula eta akordioak lortzeko ahalegin guztiak egin behar ditugula, arrazoiz eta zilegitasunez bete ahal izateko. Baina, akordioen bidetik lortzen ez bada, ez dugu etsiko, eta aldebakarreko bidetik jarraituko dugu. Horregatik eskatzen dugu datozen egunetan biltzeko, eta saiatuko gara aurrerapausoak egiten.

Marta Rovirak esan du estatua ez dela mugitzen eta ezin dela erreformatu. Nola hel daiteke elkarrizketa ikuspuntu horretatik?

Estatua erreformatzea ezinezkoa da; horregatik dakigu aukera bakarra independentzia dela. Gure helburua ez da estatua erreformatzea; badakigu ez dagoela horretarako tarterik. Herritarrentzako hobekuntza lortzeko modu bakarra herri berri eta independente bat eraikitzea da, eta gauzak oso modu desberdinean egitea. Baina Espainiako estatuaren barruan gaude, eta irtenbide demokratiko bat eraikitzea borondate politikoaren kontua ere bada. Ez dugu eskatzen independentzia emateko; hauteskundeetan irabazi nahi dugu. Hala, eskatzen diogu estatuari ausarta izan dadila eta onar dezala XXI. mendean gatazka politikoak politikoki konpontzen direla, izan dadila nahikoa ausart demokrazia onartzeko. Hau bada historiako gobernurik progresistena, gauzak egiteko moduan eta hartzen dituen erabakietan nabaritu beharko litzateke, baina ez dugu halakorik ikusi orain arte; beraz, hura derrigortzeko modu bakarra da indartsuago izanez eta herritarrei Kataluniako etorkizuna erabakitzeko aukera emanez.

Juntsen eta PDeCATen arteko zatiketak bete-betean eragin dio Generalitatearen osaketari. Torra alderdikeriaz jokatzen ari da?

Ezin dugu esan hala den edo ez, baina ulertzen dugu akats larria izango litzatekeela, edozeinek eginda ere, eta are gehiago presidentea balitz, herrialdeko lehen instituzio bat, oso larria litzateke. Oso akats larria litzateke alderdi baten barruko eztabaidekherrialde bateko instituzioetan eragina izatea, 2018an hilabeteak egin genituelako gobernu eraginkor bat eskatuz, instituzioak berreskuratu zituena, eta herritarren zerbitzura aginduko. Akatsa litzateke, eta oztopo bat batu eta indartsuago bilakatzeko, eta herrialde hobea eta errepublika eraikitzeko. Erantzukizun instituzionala eduki behar dugu.

Elkarrizketaz hitz egiten ari gara Quim Torra presidentearen inhabilitazioa etor daitekeen unean. Hori gertatzen bada, hauteskundeetara deituko dute?

Oso larria da auzitegi batek demokratikoki aukeratutako presidente bat inhabilitatzea. Ezin dugu gobernua [Goreneko epaile Manuel] Marchenaren esku utzi eta onartu auzitegi batek herrialdearen etorkizuna erabakitzea. Argi eta garbi dago politika judizializatzeari utzi behar diotela; ezin da gatazka politiko bat auzitegietan konpondu, politikaren bidez baizik: gure kasuan, autodeterminazio eskubidearen eta amnistiaren bitartez. Horretan ados jarri behar dugu, ez bakarrik gobernuan gauden bi indarrok, mugimendu independentista osoak baizik, eta agian baita gehiagok ere, aho batez erantzun ahal izateko, eta ez presidentearen inhabilitazioa noiz helduko den zain geratu. Orain, inoiz baino gehiago, zuzen jokatu behar dugu, planifikatzen jakin eta egoera ezohiko honi eman beharreko erantzunetan ados jarri.

Pandemiak eragindako krisiak bigarren tokian utzi du errepublikaren eraketa?

Pandemiak agerian utzi ditu berehalako behar asko, krisi ekonomiko eta sozial izugarri bat, eta osasun krisia. Uste dugu egoera honek inoiz baino ageriago utzi duela erabakiak hartu ahal izateko estatu baten beharra: berrogeialdiak, itzulera edo berreraikitze politikak. Estatu batek dituen tresna guztiekin baldintza hobeetan egongo ginateke koronabirusak eragindako krisi sakon honi aurre egiteko. Ez da herri bat eratzearen edo independentziaren alde borrokatzearen artean aukeratu behar, bata besteari lotuta baitaude. Errepublika katalanarekin bakarrik izango gara gai herrialdeari lagundu eta beharrezkotzat jotzen dugun berreraketa zuzentzeko. Horregatik proposatzen dugu errepublikarako bidea ahalbidetzea, eta aldi berean aberastasunak banatzeko modua emango duten politikak, gizartean inbertsioak egitea, eta ez errepikatzea 2008ko krisia eragin zuten formulak. Ez dira bi proiektu desberdin; helburu bikoitza da: independentziarantz egitea gizarte proiektu batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.