Pere Puges

"Estatuak bere tresna guztiak ditu, baina ez du irudimenik"

Hiru urtean Kataluniako mugimendu indepedentistaren oinarri sendoenetakoa bihurtu da ANC Biltzar Nazional Katalana. Haren sortzaileetakoa da Puges. Paperekoan argitaratutako elkarrizketaren bertsio luzea da hau.

jarraia97532.jpg
Samara Velte.
2014ko azaroaren 8a
08:00
Entzun

Independentista historiko batzuen arteko eztabaidetatik hasi, eta bi milioi lagun ere mobilizatu dituzte azkenean. Gaur egun, tokiko 300 batzar eta 100.000 kide baino gehiago ditu, eta gizarte zibileko erreferente independentista nagusia da.
Pere Puges da lau sortzaileetako bat (Sant Boi de Llobregat, 1951). Haren ustez, bi faktorek lagundu dute oinarri sendo hori ehuntzen. Batetik, Espainiarekiko asperdurak: “Ezer eskaintzen ez dizun Estatu bat daukazunean, zure kabuz antolatzen zara”. Bestetik, Kataluniako alderdien prestasunak: “Hemen badago Euskal Herritik bereizten gaituen baldintza nagusi bat: batasun politiko zabala dago. Demokrazia kristautik hasi eta CUPeraino, gauza izan dira gai komunak bilatu, haiei buruz hitz egin eta aurrera egiteko antolatzeko”.

Irudipena ematen du prozesu guztia oso azkar joan dela. Duela hamar urte esango al zenukeen 2014ko azaroan egoera honetan egongo zinetenik?

Hamar ez, baina 2008an hartutako oharretan jada aipatzen nuen gauzak aldatzen ari zirela. Handik urtebetera egin zituzten independentziari buruzko lehenbiziko galdeketak herrietan, eta ohartu ginen hura zela espero genuen garaia. Beraz, lanean hasi ginen, eta hortik etorri ziren gainerako kontsultak. Arenys de Muntekoa 2009ko irailean izan zen; abenduaren 13an beste 166 herritan egin zuten, eta, hortik aurrera, errenkadan batu zitzaizkion udalak prozesuari.

Orduan abiatu zenuten ANC. Hasieran lau baino ez zineten, ezta?

Independentista historikoekin harremanetan jartzen hasi ginen. Ia guztiok PSANen egondakoak ginen [Herrialde Katalanetako Askapen Nazionalerako Alderdi Sozialistan], eta ia guztiok eragin genuen banaketaren bat haren barruan. Zatiketa bakoitzak haustura bat dakar, eta, beraz, konfrontazio bat. Zaila izan zen jende hura guztia berriz elkartzea, baldintzak egokiak ote ziren aztertzeko. Ohartu ginen ezinezkoa zela guztiak mahai beraren inguruan elkartzea. Batzuek galdetzen zuten: “Eta nor egongo da bileran? Akaso batzuek ez zute nahiko parte hartu beste batzuk han badaude”, eta funtsean, esan nahi zizutena zen beraiek ez zutela joan nahi. Beraz, gerrako goitizenak ipini genizkion berriz geure buruari: ez 70eko urteetan erabili genituen berberak, modernoago egin genuen. Foro bat sortu genuen Interneteko zerbitzari batean, eta kide bakoitzari erabiltzaile izen bat eman genion: MxI (Independentziaren aldeko mugimendua), eta zenbaki bat.

Urteek gehiegi banatu zintuzteten?

Guztiok egonak ginen Kataluniako Assemblean 70eko hamarkadan: haustura demokratikoan sinetsi izan genuen garai hartan, eta Trantsizioaren fiaskoa ikusi behar izan genuen. Bestalde, garbi geneukan alderdi politikoek suntsitu zutela Assemblea; beraz, erabaki genuen herritar askeen mugimendu bat sortzea zela egokiena. Bakoitzak bere burua ordezkatuko zuen, eta ezingo zuen beste inoren izenean hitz egin. Horiek izan dira hasierako prozesuaren bi sekretu handienak: bakoitzak bere buruaren izenean hitz egitea, eta anonimotasunez jardutea. Soilik lau fundatzaileok genekien nor zegoen erabiltzaile-izen bakoitzaren atzean.

Berehala ohartu ginen horrela ideiak eztabaida genitzakeela, norengandik zetozen kontuan hartu gabe. Eta ohartu ginen, jakina, ez gintuela ia ezerk banatzen, ez bazen aurkaritasunak edo alderdikeriak. Prozesuak haize berria ekarriko bazuen, gainetik kendu behar genuen hori guztia.

Baina zuetako asko baziren alderdi politikoetako militanteak. Nola eragin zuen horrek?

Kontu handiz aukeratu genituen fororako 40 kide horiek. Gehienok gentozen PSANetik, baina oso bide desberdinak hartu genituen gero. Batzuk erakunde independentistetan geratu ziren, beste batzuk ICVra  edo PSCra mugitu ziren. Alderdi batekoa izanagatik beste ezeren gainetik independentista zen jendea bilatu genuen. Baita suntsitzaileenak ere. Urte askoan hitzik egin ez nion jendearekin elkartu nintzen, eta, egiten ari ginenaren berri eman nionean, baietz esan zuen. Analisian bat gentozen; irtenbidean, ez.

ANCren alde ona da mundu guztia kabitu dela. Bakoitzak ahal duena defendatzen du, eta babesa irabazi egiten da. Kontzientzia politikoa hartzeko prozesu erabatekoa izaten ari da.

Bide orria diseinatu zenutenean, espero zenuten gauzak joan diren bezala joatea?

Egia esan, ia gauza guztietan asmatu genuen: Madrilgo gobernuan egongo ziren aldaketak, CDCren eta PSCren barruko prozesuak... Herrialde txikia da hau, eta ikusten da zer ari den gertatzen. Oso gutxi aldendu behar izan dugu ezarritako bidetik. Lehenbiziko egunetik, bi printzipio sinpletan oinarritu dugu gure estrategia: guk erabaki behar genituela bidea eta erritmoa. Bide orria argia da, eta erritmoa egutegiak markatzen du. Bagenekien noiz edo noiz bidetik aldendu beharko genuela, zailtasunak izango genituelako kanpotik eta barrutik. Baina gakoa beste bat da: aldentzen garenero ezarritako bidera eta erritmora itzultzen asmatzen badugu, berriz irabaziko dugu, eta bide zuzenetik jarraituko dugu aurrera.

Espainiako Gobernuaren jarrerak ez zaituzte harritu?

Ohartu gara gehiegi balioetsi genituela Estatuaren botere mekanismoak. Benetan estutu dugunean, ez du jakin erreakzionatzen. Izango ditu bere tresna errepresibo eta judizial guztiak, Estatuaren estolderia hori guztia, baina ez dauka irudimenik. Nahiko erraza izan da irudimenarekin aurre egitea, baita erresistentziarako gaitasunarekin ere: “Ados, orain kolpea eman diguzue, baina bihar beste proposamen batekin etorriko gara, eta ez duzue jakingo nola erantzun”. Konbentzimendu hori indartuz joan da, ohartu garelako ez zela hainbesterako. Egia esan, tamalgarria da Trantsizio garaian agintean zegoen jendea ez zela ausartagaoa izan; izan ere, Estatu hura ere ez zen hain sendoa. Azkarregi eman genuen amore. Baina, tira, hori esanda dago, eta ez da gehiago atzera begiratu behar. Orain aurrera goaz, eta bistan da Espainiak nazioarteko erridikulua egingo duela azaroaren 9an.

Nabaritzen da jende asko aspertuta dagoela Espainiarekin, baita independentistak ez zirenak ere.
Estatuaren okerrei esker, herritar askorengana hurbildu ahal izan gara demokraziaren aldeko borrokaren diskurtsoarekin. Espainiak oso erraz jarri digu bi gauzak elkartzea. Orain, ez da hainbeste hitz egiten independentziaz; aukera daukagu demokraziaz hitz egiteko eta sinesgarriak izateko. Hori, duela hiru urte, pentsaezina zen: independentziaz hitz egiten zenuenean, bazenekien aldekoak ez zirenak defentsiban zeudela. Gazteek ez zuten aipatzen, bazekitelako horrek harresiak sortzen zituela. Orain desberdina da, independentziaren aldekoak ez direnak ere irekiago daudelako: “Arrazoi duzue”, esaten digute. “Ez dago eskubiderik halako gauzak gertatzeko herrialde honetan”. Hori zen falta zitzaigun urratsa: herritarrek, banan-banan, buruz Espainiatik deskonektatzea. Orain, erreakzioa da: “Zer demontre uste dute hauek, ez garela botoa ematera joango? Horixe bozkatuko dugula!”. Gauza txiki horiek eragin handia dute; izan ere, gizartean kohesioari eusteko falta zitzaigun jende batengana gerturatzea ahalbidetu digute.

Lehen, independentista izatea bitxia zen?

Niretzat, naturala zen. [Francisco] Franco hil baino lehenxeago sartu nintzen Kataluniako Assemblean, eta Konstituzioari buruzko erreferendumean ezetz bozkatu nuen. Niretzat, bistakoa zen ez genuela alde batera utzi behar Assembleak proposatutako haustura; banekien iruzurra zela Trantsizioa onartzea eta frankismoarekin ituna egitea.
Gaur egun, oraindik oroitzen gara hartaz. Batzuetan, mahai beraren inguruan eserita gaude alderdi desberdinetako independentistak, eta alboan daukdan ICVkoak esaten dit: “Gogoratzen zara Konstituzioari buruzko eztabaida egin genuen egun hartaz? Zuk ezezkoa defendatzen zenuen. Zeinen gaizki pasarazi zenidan! Arrazoi osoa zeneukan”.

Barkatu harridura eragitea, baina PSCko kidea izan zinen 23 urtez. Nolatan?

Maila politikoan proposatzen genituen alternatiba guztiek huts egiten zutela ikusita, esan nuen: “Tira, edo etxera noa, edo nire herritik egingo dut lan”. Sant Boi de Llobregaten beti irabazi du PSCk, eta hara joan nintzen. Banekien baliagarria izango nintzela, alderdian aniztasun politikoa falta zelako. Jakina, independentismotik nentorren, eta ahoa zabaltzen nuen bakoitzeko hogei zakur neuzkan hortzaka. Baina Kataluniako PSCn ondo hartu ninduten, batez ere hizkuntza politikari buruzko gaietan.

Badakit Euskal Herrian pentsaezina dela independentista bat PSEra igarotzea. Hemen ez: orain hasi da PSC bere mozorroa kentzen, baina orduan oraindik katalanismo autonomistaren joko bikoitzean zebilen, eta nahiko lasai sar zintezkeen halako alderdi batean.

PSCko zuzendaritza independentziaren aurka lerratu da nabarmen.

90eko hamarkadaren erditik aurrera hasi zen PSCren barruko aldaketa: sektore katalanista Sitgeseko kongresuan kendu zuten gainetik, eta hortik aurrera gertatu dena espero izatekoa zen. ‘Maragall efektuak’ zertxobait geldiarazi zuen, baina hura ere bidetik kendu zutenean, gainbehera geldiezina bihurtu zen. Beste arrazoi batzuk ere badaude: adibidez, agintariei kultura politikoa falta zaiela. Miquel Icetak, egungo presidenteak, eutsi dio lemari, baina gainerakoak eskarmenturik gabeko jendea dira; asko gehiago heldu dira politikara interes pertsonalarengatik, zerbitzua emateko interesagatik baino. Euren ibilbide politikoa ikusten duzu, eta galdetzen diezu: “Baina zuk zertan egin duzu lan?”. Curriculumean politika soilik daukan jendea ez zait gustatzen.

Independentismoan urte asko daramazuenontzat, nolakoa izan da ikustea Convergencia eta Unioren gisako alderdiek —sekula independentista izan ez direnek— banderari eusten diotela orain?

Niretzat, pozgarria izan da, eta ez diet sekula kargu hartuko horregatik. Alderantziz: haietako asko nik neuk ezagutzen nituen lehendik ere, eta beti galdetzen nien nolatan ez zuten beste era batera jokatzen. Beti esaten zuten ez zela garaia. Jakina: jende kontserbadorea da; ez daude prest arriskua hartu eta sakrifizio politiko, ekonomiko edo pertsonalak egiteko. Haizea alde izan dutenean, independentismora igaro dira, eta hori, niretzat, logikoa eta espero izatekoa da. Oportunismoa dei dakioke, baina nik behintzat ez diet halakorik esango. Gizarteak eskatzen duena egin behar dute politikariek: sinesgarritasuna ematen badute, botoak irabaziko dituzte; bestela, ez.

Garbi dago prozesu honekin nabarmen aldatuko dela Kataluniako mapa politikoa, eta, ziurrenik, egungo alderdietako gutxi geratuko dira, testuingurua ere desberdina izango delako. Bataren eta bestearen oinarri sozialak aztertzen badituzu, ikusten duzu askotan bat egiten dutela. Hemendik gutxira erabaki beharko dute zein den bakoitzaren posizioa. Eta ANCk lagundu beharko du aldaketa hori gauzatzen; erregenerazio politikoa nekez ailegatuko da alderdietatik.

Datorren urteko hauteskunde aurreratuetan ere sumatuko al da?

Espero dut hauteskundeak ez izatea alderdien arteko lehia bat: batasun politiko eta soziala behar dugu. Herrialde honetako jende onenak inplikatu behar du prozesuan, eta horiekin guztiekin osatu behar da zerrenda. Zerrenda horretan egon beharko dute prozesu honetako protagonista nagusiek: Mas presidenteak eta Oriol Junquerasek, baina baita ANCko presidenteak ere. Horiez gain, ekonomista onenek ere egon beharko dute, jurista onenek, ikur nazionalek... Lluis Llachen antzeko jendeak egon beharko du! Erabateko arrakasta izango duen zerrenda izan behar da, herrialde osoa senti dadin proiektu honekin identifikatuta. Eta alderdiek ohartu beharko dute herrialdea goitik behera aldatzen ari dela eta, etorkizuneko eragile izan nahi badute, euren burua berziklatu beharko dutela.

Ez dizu beldurrik ematen orain arte pilatutako indar guztia hauteskundeekin diluituz eta ahulduz joan ahal izateak?

Jakina, beldurra ematen dit, baina gakoa izango da nola jokatzen dugun ANCtik eta gizarte zibiletik. Mas presidenteak 2012an hauteskundeetara deitu zuen bi hilabete lehenago manifestazio erraldoi bat egin genuelako; horrek indarra eman zion Madrilera joateko Itun Fiskala negoziatzeko. Aldaketa hura kaletik bultzatu genuen: guk esan genien politikariei zer egin. Orain, gauza bera gertatu behar da; bestela, berriz irtengo gara kalera.

Ez dago arriskurik Kataluniako Gobernuak atzera egiteko?

Ez. Guretzat, gobernuak Mas izena du. Dagokion rola hartu du, eta, egia esan, sorpresa ona izan da ikustea nola eutsi dion. Askok ez genuen espero hark maila ematerik, irudimen handia erakutsi du. Madrilgo Kongresura joan zen erreferenduma eskatzera: “Posible da zuek nahi baduzue. Hara, ez duzuela nahi? Bada, galdeketa bat egingo dugu. Galdeketa ere ez?” Eta, bat-batean, prozesu parte hartzaile hau atera zuen ezkerreko poltsikotik. Igandean egingo duguna, azkenean, galdeketa debekatu izan ez balute egingo genukeen gauza bera da. Gure nahia berretsi eta etorkizuna erabakiko dugu azaroaren 9an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.