Estatuak ukatutako gerra

Kolonbian, Juan Manuel Santosen gobernuak arazo bakarra gerrillak direla esan arren, 50 urteko gatazkak bizi-bizi irauten du; Jamileth Vargas, Arnau Carne eta Franklin Castañeda ekintzaileak dira horren lekuko.

Biktimen erakusketa bat. IRANTZU PASTOR.
Amagoia Mujika / Maialen Goñi
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Mario Montoya Kolonbiako armadako jenerala 2008anerretiratu zen, eta duela hilabete batzuk arte Dominikar Errepublikan enbaxadore izan da. Okerrik gabea zirudien ibilbideak, ordea, gertaera ilun batzuk gordetzen ditu: FARCeko gerrillariengandik Ingrid Betancourt eta beste hamabost bahitu askatzeko operazioaren buru argia izanagatik gogoratzea nahiko luke berak, baina oso litekeena da 2002an Medellinen gertatutakoak bere izen ona zalantzan jartzea, leporatzen diotena frogatzen badute. Kolonbiako Justizia Auzitegi Goreneko fiskalak azalpenak eman ditzala eskatu dio.

2002ko urriaren 16 eta 20 bitartean armadako kideek AUC eta BCN paramilitarrekin ustez FARCek bereganatu zituen lurrak «berreskuratu» zituzten Orion operazioan. Gutxienez 11 lagun hil ziren; etxeak hustu eta dozenaka pertsona atxilotu zituzten. Diego Fernando Murillo Don Berna-k, orduan BCNko komandante zenak, Montoyaren izena eman du, bere etorkizuna salbatzearen truke. AEBetan dago estraditatua Don Berna, beste paramilitar asko bezala. Montoyak ukatu egin du dena, baina joan den irailean ere salaketa jarri zioten 2006an FARCeko gerrillarien sekzio bat desmobilizatzeko azpijokoa antolatzeagatik. Operazio hartan atxilotutakoak gerrillariarena egiteko ordaindutako eskaleak eta drogazaleak ziren, lekukoek esan dutenez. Montoya bezalako asko daude; gatazka ukatuaren parte dira.

Juan Manuel Santosen gobernuarentzat gaur egun Kolonbian ez dago gatazkarik: gerrillarien hilketak eta bahiketak dira herrialdeak jasaten duen arazo terrorista bakarra, eta nazioartean onespen handia lortu duen arren, Kolonbiako giza eskubideen inguruan aritzen diren ekintzaileek nekaezin ezeztatzen dute hori: gatazka bizi-bizi dago, paramilitarren egiturak indarrean jarraitzen du, haiekin armada eta politikariak elkarlanean; lurrak desjabetzen inoiz baino indartsuago ari dira Repsol, Exxon eta antzeko multinazionalekin dauzkaten hitzarmenen ondorioz; paramilitarrek herritarrak hiltzen jarraitzen dute gobernuaren sostenguaz, eta ibai ertzetan egunero gorpuak agertzen dira.

Hori bizi dute Jamileth Vargas, Arnau Carne eta Franklin Castañeda ekintzaileek. Euskal Herrian izan dira, haientzat oso garrantzitsua delako jakinaraztea ez dagoela ukatzen den gatazka baino gogorragorik. Egunero pairatzen dutenaren kronika gordina egin dute.

Jamileth Vargasek ondotxo ezagutzen du gatazkaren sufrimendua. Bere aita desagerrarazi zuten 1990ean, Trujillon. 1986tik 1994ra 342 biktima eragin zituen sarraskiak, eta Giza Eskubideen Ameriketako Batzordeak estatua egin zuen erantzule 1995ean. «Orduan hasi ginen hainbat gizarte erakunderen lana koordinatzen», Trujillokoaz gain, Kolonbiako eremu zabalean dauden tragediak azalerazteko eta justizia eskatzeko. Aita hil zuteneko neskatoa orain abokatua da, Kolonbiako gatazkaren biktimak laguntzera emana.

Gaur egun Movicek biltzen ditu 1995ean elkartzen hasi ziren giza eskubideen aldeko erakundeak: estatuaren krimenen biktimen mugimendu nazionala da, eta 22 departamentutan egiten du lan. «Gatazka ez da aldatu, baina gu hobeto antolatuta gaude».

Santosen gobernua

Alvaro Uriberen diskurtsoa Juan Manuel Santosena baino askoz gogorragoa zen; bere politika militaristarekin ados ez zegoen edonor suntsitzeko prest zegoen beti, zibilen erakunde oro ere bai. «Santos giza eskubideak babestu beharrari buruzko diskurtsoarekin etorri zen», gogoratu du Vargasek. Auzokoekin harremana hobetu beharra ere bazuen, Ekuadorrekin edo Venezuelarekin; biktimen inguruko eta lurrak itzultzeko legeak egitea proposatu zuen, eta hori, hasieran, esperantza iturri izan zen biktimentzat: «Aldaketa zetorrela pentsatu genuen. Lehen diskurtsoan bakearen giltza zeukala esan zuen, negoziatzeko prest zegoela, eta diskurtso horretatik abiatuta nazioartean irudia hobetzea lortu zuen Kolonbiak».

Baina herrialdean militarizazioak jarraitzen du, giza eskubideen defendatzaileenganako jazarpenak, eta 2010ean Uriberen lehen seihilabetekoan egindako balantzea eta Santosen 2011koa konparatuz gero ikusi dute handitu egin dela jazarpen kasuen kopurua. Biktimen Lege proposamen bat ere egin zuten. «Legea biktimentzat zen, baina biktimek zer nahi zuten galdetu gabe egin zuten. Legeak ez du justizia bermerik ematen. Legeak ez ditu estatu krimenak onartzen. Kasu bakanak direla esaten du». Vargasentzat, atzera egitea da Biktimen Legea onartzea. «Guk bost milioi desplazatuk etxera itzultzeko eskubidea aitor dezatelanahi dugu; biktimentzat bermeak eskatzen ditugu, berriz ez gertatzeko gertatutakoa».

Atzerriko inbertsioa gero eta handiagoa da Kolonbian, eta gatazka gordintzen du ezinbestean, ekintzaileen arabera. «Santosek paramilitarrak daudela ukatzen du; orain banda kriminalak dira, baina egitura paramilitarrak bere horretan jarraitzen du, estatuaren konplizitate berarekin, politikarien laguntza berarekin».

Paramilitarrak

2002an paramilitarren prozesu judiziala hasi zen. «2004an paramilitar guztiak sozializatu zirela esaten dute, desmobilizatu zirela talde guztiak». Gobernuak Justizia eta Bakea Legea sortu zuen, paramilitarrek egindakoa aitortzearen truke tratu berezi bat eman, zigorrak leundu eta bergizarteratzeko. «Baina paramilitarren buruzagiek espetxetik agintzen zituzten sarraskiak, militarren eta enpresarien izenak ematen hasi ziren bitartean». Horietako asko gizateriaren kontrako krimenengatik zigortu beharrean, «estatuari ez zitzaiolako interesatzen», estraditatu egin zituzten goizalde batean. AEBetan, berriz, narkotrafikoagatik epaitu dituzte, baina ez krimenengatik.

Legeak desmobilizatutzat jo zituenei, berriz, etxea eta soldata eman zieten. «Kontraesankorra ere bada, biktimek ez jasotzea laguntzarik eta hiltzaileek, berriz, laguntza erabatekoa».

Prozesua «iruzur bat» dela salatzen jarraitzen dute. «Orain onartu dute desmobilizatuak ez zirela paramilitarrak izan. Jendea kontratatzen zutela: anaia, aita edo lehengusua, euren familiek laguntzaz goza zezaten». Legearen abantailak baliatu zituzten 2.700etik bi bakarrik kondenatu dituzte, eta beste bi helegitearen zain daude. Egitura militarrak, berriz, «berdin-berdin» jarraitzen du. «Estraditatuak buruzagi militarrak dira, baina egiturak jarraitzen du, buruak aldatuta. Leku batean Aguilas Negras izena dute; bestean, Nueva Generacion, baina hor jarraitzen dute».

Atzerriko interesak

ArnauCarne kataluniarra da, eta aspaldian Kolonbian ari da lanean IPO Bakearen Nazioarteko Behatokian. Giza eskubideen aldeko taldeak laguntzen aritzen dira, babesten, erakundeon kontra eraso militar bortitzak saihesten saiatzen, laguntza emateko auzi armatuetan nazioarteko araudiak esaten duena betearazten. Nekazariek militarrekin arazorik badute, hor daude, zibilen eskubideak errespeta daitezela bermatzen.

Herritarrei ere euren eskubideen berri ematen diete. «Arazo gehien nekazari gune urrunetan izaten da, ez dakitelako eskubideak dituztela. Hara iristen saiatzen gara. Armadak ezagutzen gaitu; gu hartzeko bulego bat ere badu, nahiz eta askotan gure lana oztopatzen duen». IPOk ez du salaketarik egiten, baina salaketak bideratzeaz arduratzen da. Nazioarteko begiak dira gatazkan.

Carneren ustez, lehen eta orain, Santosekin ere bai, «irtenbidea lortzeko gobernuen apustua militarra izan da»; estatu krimenak ez dira une jakin batean gobernuak erabiltzen duen indarkeria: «Plan baten barruan dago. Elementu geopolitikoak eta ekonomikoak daude atzean».

Alvaro Uriberen gobernua Kolonbia planak markatu zuela ekarri du gogora, «AEBak idatzitako planak, non multinazionalen aholkulariek parte hartu zuten». Santosekin ere konturatu dira pribatizazio politikak zabalik jarraitzen duela. «Galdera da nor den urte askoan gertatzen ari den indarkeria horrekin irabazten ateratzen dena».

Lehen sarraskien garaia zela baina orain hilketa selektiboen garaia dela diote ekintzaileek, desagertu gehiagoren garaia. «Hori beharren araberakoa izaten da. Erakunde sozial indartsuak badaude plan ekonomiko horiei aurre egiteko, horiek desegiteko formulak erabiltzen dira; sarraskiak ez dira beharrezkoak, buruzagiak desagerraraztearekin eta hiltzearekin konpontzen dute auzia, eta hori gertatzen ari da orain. Plan beraren estrategia ezberdinak dira».

Repsolen adibidea erabili du Carnek: «Araucan paramilitarren ekintzen ondorioz izan diren desplazamenduak baliatu ditu Repsolek; multinazionala nekazariez hustutako inguru hori ustiatzen ari da».

Kolonbia Europako Batasunarekin Merkataritza Askearen Hitzarmena egitekotan dela ohartarazi du. «Europako herrialdeek ere elikatzen dute gatazka».

'Positibo faltsuak'

Juan Manuel Santosi sari bat eman berri diote Toronton: urteko estadistarik onenarena, «baina ez dira konturatzen Santosek duen erantzukizuna positibo faltsuen eskandaluan, esaterako». Vargasek iraganera maiz jotzen du egungoa azaltzeko. Kolonbiako armadak, euren jarduna emaitzak izaten ari zela erakutsarazteko, gerrillariak zirela esanez zibilak hil zituenean Defentsa ministroa zen Santos. «Orain krimen horiek jarraitzen dute, gobernuaren babesean, baina dena ezkutatzea komeni da». Gerrilla batzuk demokrazia zapuzten saiatzen direla esatea da eraginkorrena, haren ustez, dauden interesak ezkutatzeko.

Franklin Castañeda abokatuak positibo faltsuen alde egiten du lan. Preso Politikoen Elkartasun Batzordearen Fundazioko idazkari nagusia da. «Epaiketarik gabeko exekuzioak baino ez dira», haren ustez. «Nagusiki Kolonbiako armadak egiten ditu, baina baita Poliziak eta zerbitzu sekretuek ere». Fundazioaren datuen arabera, orotara 3.600 lagun inguru hil dituzte modu horretan; beren herrietatik atera, eta nekazaritza eremuetara eraman ostean, hil egiten dituzte armadako ofizial zein agenteek. Ondoren, borroketan hil izan balira bezala aurkezten dituzte.

«Halako kasuak, neurri txikiagoan badira ere, oraindik gertatzen dira Kolonbian», eta erantzuleak ez dituzte zigortzen. «Gainera, justizia egitea lortu den kasu bakanetan talde militar eta paramilitarrek errepresalia gogorrak hartu dituzte biktimen familien aurka».

Espetxeetan, berriz, oso erraz sartzen dituzte preso zibilak, Castañedaren ustez. Izugarri handitu da, gainera, presoen kopurua, espetxeen pribatizazioa gertatu ahala. 2002an, Uribek presidente kargua hartu zuenean, Kolonbian 50.000 preso zeuden; 2010ean, ostera, Uribek gobernua utzi zuenean, 80.000 pasatxo. Orain, Santosek agintean hamalau hilabete daramatzanean, 100.000 preso daude.

Gerrillariei begira jarri ditu gobernuak orain begi guztiak, baina, gatazkaren parte bat besterik ez dira, hiru ekintzaileontzat, eta txikia. Negoziatzen saiatzen ari dira, bai ELN eta baita FARC ere, «baina gobernuak desarmea nahi du ezer baino lehen, eta hori ezinezkoa da. 1984ko esperientzia hor dago. Union Patriotica alderdia sortu zuten armak utzi ondoren; herritarren babes izugarria zuten, baina 6.000 lagun hil zituztela dakigu».

Kolonbiako 50 urteko gatazkaren ondoren, ezinezkoa da jakitea biktimen kopuru zehatza, ezta gertatutako kalteen handitasuna ere. Estatuaren eta talde paramilitarren esku 41.407 biktima izan dira 1966tik 1998ra, Colombia Nunca Mas proiektuan jaso dutenez. Gobernuz kanpoko erakundeena da proiektu hori. Gobernuak iaz egindako txosten batean onartzen du talde armatuetako 19.263 pertsona hil zirela 2002tik 2010era bitartean, eta erakunde sozialek, berriz, epe berean, 11.292 zibil hil edo desagerrarazi dituztela diote. Herritarren artean gatazka luzearen zama eta sufrimendua nabaria dela diote ekintzaileek. Oso gogorra da ama batentzat militarrei entzutea esaten, iseka eginez, semea uretara bota zutela, edo krokodiloentzat jatekoa izan zela. Herritar asko hil dira depresioak eragindako gaixotasunez, baina, Vargasen ustez, «harrigarriena»elkartzeko eta indarra ez dagoen lekutik ateratzeko gaitasuna da, eta «horregatik merezi du borrokatzeak».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.