Katalunia

Estatuaren "xantaia" baztertzeko eskatu du Puigdemontek, eta batasuna galdegin du

Inbestidura saioa atzeratzeko erabakia izan du hizpide Puigdemontek. Ohartarazi du Kataluniak ezin duela berme demokratikorik espero Espainiarengandik. Puigdemonten esanetan, inbestidura egitea da 155aren aplikazioarekin amaitzeko biderik zuzenena. Bideoa albistearen barruan.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente eta hautagaia, gaur sare sozialetan zabaldu duen bideoan. BERRIA
Oihana Elduaien Uranga - Gorka Berasategi Otamendi
2018ko urtarrilaren 30a
15:41
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetu eta Generalitaterako presidentegaiak nabarmendu du abenduaren 21eko hauteskundeen emaitzak errespetatu behar direla, eta, horrenbestez, bera izendatu behar dutela presidente. "Ezin dugu onartu Madrildik presidenteak izendatzerik".

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak gaur egitekoa zen inbestidura saioa atzeratzea erabaki du, Auzitegi Konstituzionalean Puigdemonten inbestidura aukerak defendatzeko aurkeztu duen helegitea argitu artean. Puigdemontek iritzi argia eman du. "Demokrazia ezin da atzeratu, ezta bertan behera utzi ere". Dena den, Torrenten erabakia errespetatu egin behar da, haren arabera.

Espainiako Gobernuak "xantaia" egiten ari dela salatu du Puigdemontek. Izan ere, bera presidente izendatuz gero Kataluniako autonomiaren gaineko esku hartzeak jarraituko duela ziurtatu du Madrilek. Egoera hori onartzea "amore ematea" litzateke, hautagaiaren esanetan.

Ohartarazi duenez, Kataluniak ezin du Espainiako Estatuarengandk berme demokratikorik espero. "Edozein prezio ordaintzeko prest daude", ziurtatu du; "baita estatu zuzenbidea urratzeko ere".

Beraz, "errealismoz" jokatzeko modu bakarra abenduaren 21ean eta urriaren 1ean kataluniarrek adierazitako borondateari men egitea da Puigdemonten iritziz. Horretarako, beharrezko jo du subiranistek "erantzun bateratu eta koordinatua" ematea estatuari. "Elkarturik, sendo, duin, demokratiko eta baketsu eusten badiogu, gure askatasun osorainoko bidea egingo dugu. Eskubidea dugulako, [eskubidea] irabazi dugulako".

Sare sozialen bidez zabaldu du mezua Puigdemontek, bideo batean. Irudietan ez dago hautagaia non dagoen adierazten duen elementurik.

Independentisten arteko talka azaleratu du inbestidurak

Puigdemont Generalitateko presidente hautatzeko inbestidura saioa 15:00etan zen egitekoa, baina Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak iragarri gabe zegoen prentsaurrekoa eman du, eta jakinarazi du, bertan behera utzi duela. Atzeratu egin du, Carles Puigdemont hautagaiaren eskubideak ez direlako errespetatuko gaur. ANCk ez du erabakiarekin bat egin eta eutsi egin dio arratsalderako deitua zuen manifestazioari. Herritar ugari bildu da manifestazioan, eta parlamentuaren atariraino iristea lortu dute, mossoen segurtasun hesia gaindituta. Hainbat manifestarik gaua pasako dute parlamentuaren parean.

CUPek eta JxCk Torrenten (ERC) erabakia kritikatu dute. Elsa Artadi JxCko legebiltzarkideak adierazi du bere alderdiak ez duela Torrenten erabakiaren berri jaso aldez aurretik. Osoko bilkura gaur egiteko baldintzak badaudela azpimarratu du. Izan ere, gaur goizean jakin da JxCk, ERCk eta CUPek akordioa egin dutela Puigdemont legebiltzarrean egon gabe ere hura aukeratzeko lehendakari. JxCk inbestidura saioaren atzerapena bertan behera uzteko galdegin dio Torrenti. Nolanahi ere, baikorra iruditu zaio parlamentuko presidenteak publikoki esatea beste hautagaraik ez duela proposatuko. JxC independentisten batasunaren alde agertu da.

Carles Riera CUPeko diputatuak ere gaur arratsalderako deialdiari eusteko eskatu dio Torrenti, hauteskunde emaitzekiko "leialtasunez". CUPek leporatu dio Puigdemonten inbestidura "aldebakarreko erabakiz" etetea., eta estatuari men egin diola salatu du, gainera: "Ez da bateragarria parlamentuaren subiranotasunarekin”.

Protesta modura, parlamentuan dagozkien eserlekuetan izan dira CUPeko ordezkariak, 15:00etan, bilkurak hasi behar zuenen. Kartelak erakutsi dituzte, eta parlamentuko areto nagusia utzi dute ondoren.

JxCeko parlamentariak ere hemizikloan sartzekoak ziren, baina azken momentuan ez sartzea erabaki dute.

Puigdemontek eskaera egin zion Torrenti diputatu gisara dagokion inmunitatea errespeta dadin neurriak hartzeko. Horretan saiatuko da Torrent, eta jakinarazi du legebiltzarreko zerbitzu juridikoei txostena eskatuko diela Konstituzionalak jarritako "baldintzei" alegazioak aurkezteko. "Konstituzionalari ez dagokio legebiltzarreko mahaiari esatea nola interpretatu behar dituen bere arauak".

Gogor hitz egin du Espainiako botereen kontra: "Soraya Saenz de Santamariak eta Konstituzionalak ez dute erabakiko gobernuko lehendakaria nor izango den". Hori diputatuei dagokiela nabarmendu du, eta abenduaren 21eko hauteskundeetan herritarrek emandako mandatuari jarraituz egingo dutela, "ez da erabaki aleatorio bat, eta ezta pertsonala ere". Eta Puigdemonten hautagaitza erretiratzeko asmorik ez duela argi utzi du Torrentek, ez duela besterik aurkeztuko esan du.

Katalanen eskubideak urratu nahi izatea egotzi die Espainiako Gobernuari eta Auzitegi Konstituzionalari: "Ez dutu onartuko herritarrei esatea gaizki bozkatu dutela".

Efe berri agentziak Torrenten inguruko iturriak aipatuz zabaldu duenez, baina, mahaiko presidentean hainbat bider deitu dio gaur goizean Puigdemonti, baina hark ez dio telefonoa hartu. Nolanahi ere, erabakiaren berri emateko beste 33 diputatu ere bazeudela azpimarratu du Aurora Madaula diputatuak.

Madrilen, balorazio baikorra

Espainiako Gobernuak plenoa atzeratzearen "balorazio baikorra" egin du. Torrentek horretarako jarritako arrazoiak ez ditu aintzat hartu, eta esan du, atzeratzea "zuzenbide estatuaren jarduerak behartutako ondorioa" dela, Gobernuak eta tribunalek lortutakoa.  

Sergi Sabria ERCko diputatuaren arabera, baina, kontrako lekuan dago atzerako erabakiaren jatorria: "Puigdemonten eskaera zehatz bati emandako erantzun argia da". Puigdemontek legebiltzarkide gisara dagokion inmunitatea errespetatzea galdegin zion Torrenti.

Aurretik, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak goizean goiz egin dio ohartarazpena legebiltzarreko mahaiko presidenteari: Puigdemonten inbestidura saioarekin aurrera jarraitzen badu, ondorioak izango dituela abisu eman dio. Puigdemont lehendakari aukeratzen badute, Konstituzionalaren agindu bati muzin egingo diola nabarmendu du Rajoyk, TVEn egin dioten elkarrizketan, eta halakorik ez gertatzea espero duela esan du.

Atzerapena jakin aurretik PSCk gutuna helarazi dio Torrenti, eta eskatu dio atzeratzeko bilera, eta abiatzeko bilera erronda bat legebiltzarreko taldeekin. Beste hautagai bat aurkezteko aukera jarri nahi du mahai gainean PSCk. Erabakiaren berri jakin ostean, alboratzeko eskatu dio Puigdemonti.

Bide berean hitz egin du Xavier Domenech Catalunya en Comuko kideak ere. Haren iritzian, erabaki ona hartu du Torrentek, eta orain, lehentasuna, "autogobernua berreskuratzea" dela esan du. Horretarako, baina "hautagai eraginkor bat" behar dela gaineratu du.

Xavier Albiol PPko diputatuak, berriz, bilerarako deia bertan behera utzi ostean, ekimena hartzeko eskatu dio Ciudadanosi.

Konstituzionalak erabakia berretsi du

Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berretsi egin ditu joan den larunbatean onartu zituen kautelazko neurriak. Auzitegiak larunbatean ohartarazi zuen Kataluniako Parlamentuak gaur egitekoa zuen inbestidura saioan ezingo litzatekeela Puigdemont presidente izendatu telematikoki, ezta ordezko parlamentari baten bidez ere. Soilik parlamentura agertzen baldin bazen hautatu ahalko zutela, eta horretarako Auzitegi Gorenaren baimena beharko zuela. Gaur, aho batez berretsi ditu kautelazko neurriak.

Konstituzionalak ukatu egin du larunbateko erabakiak parlamentuaren autonomia printzipioa urratzen duenik edo JxCeko parlamentarien defentsa gabezia eragiten duenik. Adierazi duenez, JxCeko legebiltzarkideen defentsa eskubidea babestu egin da, auzian pertsonatzeko aurkeztu zuten eskaria onartu baita.

Auzitegiak adierazi du konstituzioaren 161.2 artikulua errespetatu beharra daukala. Artikulu horrek ezartzen du Espainiako Gobernuak Autonomia Erkidegoen erabakiak indargabetzeko ahala duela. Horrez gain, botere publiko guztiek, parlamentuek barne, auzitegiaren erabakiak betetzeko derrigortasuna dutela azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.