Bigarren Mundu Gerraren ondorengo Nurenbergeko prozesuaz geroztik nazioarteko justiziak zigortuko duen lehen estatuburua da Charles Taylor Liberiako presidente ohia (Arthington, 1948). Herbehereetako Leidschendam hirian, Sierra Leonarako Auzitegi Bereziak akusatutako 11 delituetan errudun jo du Taylor; egotzitako ia denak gizateriaren aurkako krimenak edo gerra krimenak dira. Zigorra zein izanen den maiatzaren 30ean zehaztuko du auzitegiak. 1997-2003 artean izan zen Taylor Liberiako presidente, eta aldi horretan Sierra Leonako gerra zibilean esku hartu zuen, RUF Fronte Iraultzaile Batua talde matxinoaren alde.
Auzitegiak, egotzitako 11 delituak frogatutzat jo dituen arren, ez ditu onartu Fiskaltzaren akusazio guztiak, eta zehaztapen garrantzitsu bat egin du; izan ere, fiskalak errandakoaren aurka, ebatzi du Taylorrek ez zuela zuzendu RUF eta Sierra Leonako matxinoek ez zituztela haren aginduak bete. «Akusatuak laguntza praktikoa ematen zuen, armak eta munizioa helaraziz eta laguntza moral eta logistikoa emanez. Horrek funtsezko eragina izan zuen krimenak egiterakoan», adierazi du Richard Lussick epaimahaiko buruak. Epaileek ere frogatutzat jo dute laguntzaren ordainetan RUFek diamanteak eman zizkiola Taylorri —Naomi Campbell modeloak 2010ean emandako testigantza funtsezkotzat jo dute epaileek—.
Presidente ohiak «lagundutako» krimenen zerrendan epaimahaiak hauek aipatu ditu: hilketak, emakumeen eta haurren aurkako bortxaketa sistematikoak, gorputz adarrak ebakitzea eta 15 urte baino gazteagoak ziren haurrak soldadu izatera edo diamante meatzeetan esklabotzara behartzea. Taylorrek bere alde erran du matxinoekin izan zuen harreman bakarra bake elkarrizketak errazteko izan zela.
Nazioartean anitz izan dira epaiarengatik poza agertu dutenak, eta gehienek nabarmendu dute Taylor zigortu izanak aurrekari bat ezarri duela krimenak egiteaz akusatutako estatuburuentzat. AEBek, adibidez, epaia «historikoa» dela erran dute. «Taylorren aurkako epaiketa mezu garrantzitsua da sarraskien erantzule diren guztientzat, botere maila altuenetan daudenak barne, jazarri eginen dietela azaltzeko», adierazi du Estatu Departamentuko bozeramaile Victoria Nulandek. AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak ere ideia hori bera nabarmendu du. «Berdin dio zein zaren edo zein posizio duzun: zure delituengatik Justiziaren aitzinean bukatuko duzu», erran du AIk Sierra Leonan duen arduradunak, Brima Sheriffek. Epaiketa «bidezkoa» izan dela esan du, eta ukatu egin du «garaileen justizia» aplikatu dela.
Izan ere, nazioarteko auzitegiei egin ohi zaien kritika da nagusiki galtzaile atera direnek amaitzen dutela akusatuen aulkian, eta, bereziki, AEBak edo Mendebaldeko herrialdeak aurka dituztenek. Nazioarteko Justiziak auzipetutako bortz estatuburuen kasua da hori. Horietako bakarra, Omar al-Baxir Sudango presidentea, ez dute agintetik bota, nazioarteko atxilotze agindua eduki arren.
CIArekin harremanetan
Taylorrek 1997an hartu zuen Liberiako presidentetza, hauteskundeak irabazi ondotik. Ordurako, baina, herrialdea militarki kontrolpean zuen, 1989-1996 artean Samuel Doeren erregimenaren aurka matxinatu ondotik. 1980ko hamarkadan Libian trebatu zen, eta AEBetako CIA informazio zerbitzuekin ere lan egin zuen. Duela hiru urte jakinarazi zuen hori Taylorrek berak, eta AEBek, hasiera batean ukatu zuten arren, aurten aitortu dute egia dela.
Sierra Leonako gerra zibilean, ordea (1991-2002), Taylorren eta Mendebaldearen interesak ez ziren bat etorri. 50.000 lagun inguru hil ziren gerran. GehiegikeriakRUF taldeari egotzi zaizkio nagusiki, Liberiak lagundutako taldeari. 1996an gobernuak ia erabat garaitu zituen matxinoak, Executive Outcomes Hegoafrikako mertzenario enpresari esker —diamanteak eskaini zizkion ordainetan—. Lehen bake akordioaren ondoren, baina, mertzenarioek alde egin zuten, eta 1999an RUFek Freetown hiriburuari eraso zion. 2000. urtean Erresuma Batuaren esku hartzea erabakigarria izan zen matxinoak garaitzeko.
Atxilotuta 2006tik
Sierra Leonarako Auzitegi Berezia 2002an sortu zen. Hurrengo urteko ekainean egin zituen Taylorren aurkako akusazioak. Handik bi hilabetera boterea utzi zuen Taylorrek, iparraldetik eta hegoaldetik eraso zioten gerrillek haren agintea ahuldua baitzuten ordurako. Nigerian erbesteratu zen, baina 2006an auzitegi bereziaren esku utzi zuen Abujak. 2007an hasi zen epaiketa. Akordio bat dela eta, Erresuma Batuan espetxeratuko dute.
Estatuburu zigortua
Charles Taylor Liberiako presidente ohia bihurtu da nazioarteko auzitegiek errudun jotako estatu bateko lehen buruzagiaSierra Leonako gerra zibilean gizateriaren aurka krimenak egitea egotzita epaitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu