Cristina Kirchner (Argentinako presidentea): "Badakizue zer pentsatzen dudan gai horri buruz. Beti egon izan nahiz abortuaren kontra. Ez dut uste abortua zigorgabetzearen alde egiten dutenak abortuaren alde daudenik: hori gaia erraztea litzateke". Amaren bizitza arriskuan dagoenean eta bortxaketa kasuetan legezkoa da abortua Argentinan.
Rafael Correa (Ekuadorko presidentea): Alderdikideek abortoa legeztatzea proposatu zutela jakin zenean, "traizioa" egotzi zien Rafael Correa presidenteak. "Blokeak nahi duena egin dezake; nik inoiz ez dut abortua onartuko, legeak jasotzen dituen kasuez haratago". Ezkertiar katolikotzat du bere burua Correak.
Sebastian Piñera (Txileko presidentea): "Ausarta eta heldua" zela esan zuen Piñerak, bortxatua izan ondoren haurdun geratu eta umea izango zuela iragarri zuen 11 urteko neska batengatik. Bortxaketa kasuetan abortatzea "euren sorreraren errurik ez duten eta babesgabeak diren izakiak hiltzera kondenatzea" litzatekeela adierazi zuen.
Evo Morales (Boliviako gobernuburua): "Abortua delitua da", ohartarazi zuen Evo Moralesek udan, bere gobernuko ministroetako batek hura legeztatzearen alde hitz egin ostean. "Zorionez emakumezko ministro asko ditugu, zeintzuek jakinduria, arrazoi eta nortasun handiz azalpenak emango dizkiguten, gaia eztabadatzeko", gehitu zuen.
Daniel Ortega (Nikaraguako gobernuburua): "Fedearen aurkako atentatua da abortua", nabarmendu zuen Ortegak bozetarako kanpainan. "AEBen helburua da Nikaraguako biztanlegoa murriztea. Horretarako modu bat da emakumeak antzutzea, eta bestea, abortuaren aldeko politikak bultzatzea", argudiatu zuen.
Jose Mujica (Uruguaiko presidentea): "Printzipioei dagokienez, gaitzesgarria izan daiteke, baina askoz ere bizitza gehiago salbatzen dira", nabarmendu zuen Mujicak abortoa zigorgabetzeari buruz. Haren esanetan, ordea, legeak "arazoa ilunpetik atera" eta abortatu nahi duen emakumearen jarrera aldatzeko aukera ere eskaintzen du.