Kataluniako Gobernuaren eraketa

Estatutua aldatzeko konpromisoa hartu du Maragallek, eta "Espainiarekin harreman berria" hastekoa

Pacual Maragall PSCko buruzagi eta Kataluniako hurrengo gobernuko presidente izateko hautagaiak Kataluniaren egungo estatutua aldatzeko konpromisoa hartu du, Legebiltzarrean bere asmoak agertzeko egindako hitzaldian. Estatutuaren eta finantzaketa ereduaren "aldaketa" adostasunetik abiatuta egingo duela agindu du Maragallek, eta, halaber, "Espainiarekin harreman berria" behar dela defendatu du.

2003ko abenduaren 15a
16:02
Entzun
Goizeko hamar eta erdiak pasatxo zirela hasi da Kataluniako Legebiltzarrean Pascual Maragall PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiko buruzagia gobernuko presidente aukeratzeko eztabaida. Ernest Benach (ERC) mintzatu da aurrena, eta 23 urtez segidan Kataluniako lehendakari izan den Jordi Pujoli —CiU zentro-eskuineko koalizio nazionalistakoa— eskerrak eman dizkio "Kataluniaren alde egindako ahaleginagatik". Maragallek hartu du gero hitza, eta bere programaren nondik norako nagusiak agertu ditu.

Hala, egungo estatutua eta Kataluniaren finantzaketa eredua aldatzeko konpromisoa berretsi du, eta "adostasunetik abiatuta" egingo dutela agindu du. Halaber, "Espainiarekin harreman modu berria" behar dela adierazi du Maragallek, "merkantilismoan barik, proposamen argi eta konpartituetan oinarritutakoa". Ildo horretatik, Kataluniako PPko legebiltzarkideei eskatu die beren alderdiko buruzagitzan "autogobernuaren inguruko jarrera malguagoak" bultzatzeko; gainerakoan, "drama zerbitzatua" dagoela ohartarazi die.

23 urtez agintean egon den CiUri, berriz, kritika gogorrak egin dizkio presidentetarako hautagaiak; funtsean, "katalan izatearen jabetza" eurenganatu izana leporatu die zentro-eskuineko alderdi nazionalistako horretako buruzagiei.

Gobernua eratzeko hitzarmena joan den astean adostu zuten PSCk, ERC ezkerreko alderdi abertzaleak, eta ICV alderdi ezkertiar eta ekologistak. Horrenbestez, Pascual Maragall sozialisten buruari eman zion Benach Legebiltzarreko presidenteak gobernua eratzeko mandatua, eta gaur hasi da aukeraketa prozesu horretako eztabaida. Beraz, bere alderdiaren babesa ez ezik, ERCrena eta ICVren jasoko du Maragallek.

Azaroko hauteskundeak 23 urtez agintean izan den CiU alderdiak irabazi zituen; hots, zentro-eskuineko aderdi abertzale horrek eskuratu zuen Legebiltzarrean aulki gehien, nahiz eta botoan PSC nagusitu. Nolanahi ere, CiUk ez zuen bakarrik gobernatzeko adinako ordezkaritzarik lortu.

Hori dela eta, negoziazioak hasi ziren Kataluniako alderdien artean. Hauteskundeetako emaitzen ondorioz, gainera, ERC bilakatu zen Kataluniako gobernua eratzeko giltza: 23 jezarleku eskuratu zituen Legebiltzarrean, eta bai CiUk, bai PSCk, haien babesa behar zuen gobernua eratzekotan.

Alderdi batekin zein bestearekin elkarrizketak izan ostean, PSCren alde egitean erabaki zuen joan den astean ERCk. Josep Lluis Carod-Rovira ERCko buruzagiak agertu zuenez, "gobernu nazionalista barik, gobernu nazional eta progresista" hobetsi zuten.

Kataluniako Legebiltzarrean eztabaida gaur hasi da, baina bihar egingo da bozketa. Okerrik ezean, Maragallek presidente kargua eskuratuko du, eta ERCko Carod-Rovirak, berriz, conseller en cap edo gobernuko bigarren ordezkaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.