Irlandako Gobernuak 15.000 euroko isuna ordaindu beharko dio emakume bati «kalte moralengatik», bere bizia arriskuan egonda ere Erresuma Batura joan behar izan zuelako abortatzera. Emakumearen bizia arriskuan dagoen kasuetan soilik baimentzen da abortua Irlandan, eta kasu horretan ere «trabak jartzea» leporatu dio Estrasburgok. Emakumea sendatzen ari zela geratu zen haurdun. Egoerak berriz gaixotzeko arriskua areagotu zezakeelako eta haurdun egonda egokiak ez ziren probak egin zituelako erabaki zuen abortatzea, baina, auzitegiaren arabera, ardura hartzea egokitu zitzaionak «ez zuen kontuan hartu bizitza pribatua eta familiarra bermatzeko eskubidea».
Emakume horrekin batera, beste bik ere jarri zuten Irlandako Gobernuaren kontrako salaketa Estrasburgon, baina beste bien kasuak atzera bota ditu. Hiru emakumeek 2005ean eskutitz bat idatzi zuten, esanez «umiliazio sentimendua» eragiten ziela Irlandak abortuari jarritako murrizketek, eta, horretaz gainera, «emakume baten bizia arriskuan jarri» duela.
Lau seme-alaba gizarte zerbitzuen esku zeuzkan emakume baten kasua da bigarrena, bikotekidea antzua zela uste zuela geratu zen haurdun, berak esan duenez, eta mailegu bat eskatu behar izan zuen abortatzera joateko. Hirugarren kasua, bikotekiderik gabe haurrik izan nahi ez zuen batena da. Uterotik kanpoko haurdunaldia diagnostikatu zioten.
«Gai konplexuegia»
Irlandako Gobernuak onartu du legearen erreforma aztertu beharko duela. Ondorio horretara heldu da Estrasburgoren erabakia «arretaz» aztertu ondoren, baina «denbora eskatuko du proposamenak egiteak, oso gai konplexua delako», Mary Harney Osasun ministroaren ustez. Denbora da bereziki gobernuak ez daukana, ia ziurra baita Fianna Fail alderdiak gobernua galduko duela martxoan edo apirilean egitekoak diren hauteskunde aurreratuetan. Atzo zabaldutako inkesta batek botoen %17 eman dizkio gobernuko alderdiari.
Hiru emakumeak ordezkatzen dituen Familia Plangintzaren erakundearentzat, berriz, «abortuaren gainean legedia egin beharra besterik ez zaio geratzen gobernuari». 1980. eta 2009. urteen artean 142.060 emakume joan ziren Ingalaterrara eta Galesera abortatzera, erakunde horrek emandako datuen arabera. Herbehereetara, Belgikara edo Espainiara ere joan ohi dira irlandarrak. Abortatzen duten gehienak 20 eta 30 urte bitartekoak dira.
1992an egin zioten Konstituzioaren 1983ko zuzenketa bati azken aldaketa, X kasua deitu ziotenaren harira. 14 urteko neska bat bortxatu zuten, eta hark esan zuen bere buruaz beste egingo zuela abortatzen uzten ez bazioten. Auzitegi Gorenak hartutako erabakiari esker, abortatzera Irlandatik ateratzeko baimena eman zioten. Harrezkeroztik abortatzea emakumearentzat arriskua dagoenean soilik dago baimenduta, eta baita bere buruaz beste egiteko arriskua dagoenean ere.
Estrasburgok Irlanda zigortu du, minbizia zuen emakume bati abortua ukatzeagatik
Dublinek Abortuaren Legearen erreforma aztertu beharko duela onartu du, baina denbora beharko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu