Jordi Sanchezen hautagaitzaren aldeko jarrera berretsi du Carles Puigdemontek Berlindik. Gogora ekarri du NBE Nazio Batuen Erakundeak ateratako ebazpena, eta Espainiari ohartarazi dio hark esaten duela Sanchezek indarrean dituela diputatu gisa dagozkion eskubide guztiak. Eta, beraz, Sanchez presidente izateko oztopoak jartzeari uzteko eskatu dio. "NBEk aukera ona eman dio Espainiari estrategia aldatzeko".
Hain justu, gaur jakinarazi du Roger Torrent legebiltzarreko presidenteak ofizialki proposatzen duela Sanchez lehendakari izateko. Telefonoz erronda egin ostean jakinarazi du hori, Twitterren, argiduatuta hura dela babes gehien duen hautagaia.
Acabada la ronda de consultes amb tots els grups parlamentaris, proposo al diputat Jordi Sànchez com a candidat a la investidura. És el que aplega més suports i té tots els drets polítics plenament vigents.
— Roger Torrent ðŸÂŽ— (@rogertorrent) 2018(e)ko apirilak 7
Puigdemontek Espainiari eskatu dion jarrera aldaketa hori "negoziazio eta elkarrizketetarako aro berri baten hasiera" izango litzatekeela nabarmendu du, eta errespetuan oinarritu beharko litzatekeela. Hain justu, horixe da Kataluniako herritarrek eta ekonomiak behar dutena, Puigdemonten iritzian. Elkar onartuz eta baldintzarik gabe egin behar da elkarrizketa hori, baina "mugitzeko" borondatearekin. "Noraino? Elkarrizketak eramaten gaituen lekuraino". Kataluniako independentismoa oso errotua eta sendotua dagoela eta ezin dela beste aldera begiratu esan du berriz ere. Nolanahi ere, independentzia ez dela konponbide bakarra onartu du: "Gustatuko litzaidake jakitea Espainiak zein proiektu duen Kataluniarentzat. Eztabaidatuko genuke. Ba al du proiekturik? Orain artekoak ez du balio".
Katalanez, gazteleraz eta ingelesez eman duen prentsaurrekoan, gogora ekarri du independentistek gehiengoa dutela Kataluniako Legebiltzarrean, herritarrek hauteskundeetan hala erabaki zutelako. Espainiak hori oraindik ez duela onartu azpimarratu du. Gainera, kezkatu egiten dute Alemaniak bera aske uztea erabaki ondotik Espainiako eskuin sektore batzuetan ikusi dituen "Europaren kontrako jarrerek".
Berlinen geldituko da
Belgikaraino joateko asmoa zuen arren, Alemanian atxilotu zutenez, eta hango agintari judizialei Alemanian geldituko dela hitzeman dienez, Berlinen geldituko dela jakinarazi du Puigdemontek. Hango auzia konpontzen bada, berriz ere Belgikara joan nahi du.
Europa osoan Katalunian gertatzen ari denaren berri emateko helburua zuela dio, eta horren parte denez "arrisku batzuk" hartu ditu. Ez zuen espero Alemanian atxilotuko zutenik, baina, hala gertatu denez, argi dauka ondorioak onartu behar dituela. Katalunian gertatzen ari dena Europan azaltzeko helburuari eusten dio, gainera.
Nazioarteko bitartekaritza beti eskatu izan duela ekarri du gogora, Espainiari eskatu ziola onartzeko nazioarteko bitartekaritza bat. "Negoziatu egin nahi dugu". Baina aldeetako bat horretarako gai ez bada, bere ustez, beste herri eta erakundeen laguntza eskatu behar da elkarrizketa horri bide emateko. "Egoera berriak" horretarako laguntza ekarriko duen itxaropentsu dago. "Ez dago ez hitz egiteko eskubiderik".
Agerraldiaren hasiera-hasieran gogoan izan ditu preso dauden gainerako politikariak, eta haiek aske uztea galdegin du. Eta amaieran ere bai.
‘Els Segadors’ abestuz amaitu dute agerraldia Carles Puigdemont, Kataluniatik iritsitako gainontzeko ordezkariek eta bertaratutakoek, eguerdian Berlingo Kreuzberg auzoan. pic.twitter.com/gUAY1FuU2f
— Berria.eus (@berria) 2018(e)ko apirilak 7
Alemaniako Justizia ministroak dio zaila dela Espainiaratzea
Katarina Barley Alemaniako Justizia ministroak esan du espero zuela auzitegiak Puigdemont aske uztea, eta baita matxinadagatik Espainiaratzeari ezezkoa esatea ere. Ondo hartutako erabakia dela adierazi du. Gainera, Espainiari ohartarazi dio zaila izango dela presidente ohia Espainiaratzea egozten dioten beste auziagatik, hau da, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik.