Estrategia «okerra» hartu zuela aitortu du Suediak

Osasun Agentzia Publikoko epidemiologia burua damuturik agertu da, izan duten heriotza kopuru «izugarriarengatik».

Anders Tegnell, Suediako Osasun Agentzia Publikoko epidemiologia burua, kazetarien artean. CLAUDIO BRESCIANI / EFE
mikel p ansa
2020ko ekainaren 24a
19:38
Entzun

Lehenago ere adierazia zuen kezka Suediak, baina Anders Tegnell osasun publikoko epidemiologia zerbitzuko burua oso esplizitua izan da asteazken honetan, irrati batean egin dioten elkarrizketan: «Suediako heriotza kopuruak izugarriak dira, eta eragozteko modua egon behar zuen. Hori izan da pandemiaren gauzarik okerrena, eta oraindik barrua karraskatzen dit galderak: zer gehiago egin genezakeen?».

Inguruko herrialdeetan baino askoz heriotza gehiago izan ditu Suediak: Danimarkan baino bost aldiz gaixo gehiago hil dira koronabirusaren eraginez, eta Finlandian eta Norvegian baino bederatzi aldiz gaixo gehiago. Eztabaidaren erdian egon da herrialdea, birusari aurre egiteko neurri laxoagoak hartu zituelako; ez zuen itxialdi zorrotza ezarri herritar guztientzat, eta, debekuak baino gehiago, aholkuak eman zizkien herritarrei. Tabernak eta eskolak zabalik mantendu zituen, murrizketa batzuekin bazen ere.

Estrategia hura hartu izanaren arrazoia esplikatu du Tegnellek: «Uste genuen adinka segregatutako gure gizarteak saihestuko zuela Italiakoa bezalako egoera bat, han belaunaldi asko elkarrekin bizi baitira. Baina frogatu da oso oker geundela. Heriotzen kopurua modu dramatikoan igo zitzaigun».

Tegnellek aitortu du zeharo harritu zirela munduko estatuak konfinamenduaren hasieran hartzen hasi ziren neurriekin: «Mundu osoa erotu balitz bezala izan zen, eta ematen zuen ordura arte hitz egin genuen guztia ahaztu egin zela. Herrialde guztiek, bata bestearen atzetik, beren mugak eta gizarteak zeharo itxi zituzten».

Ondorioetarako, goizegi

Koronabirusak zer jokaera izango duen jakitea ezinezkoa dela azaldu du epidemiologiako buruak, eta aitortu du zaila dela hari aurre egiteko neurri egokiak zein diren jakitea ere. Baina ohartarazi du pertsonak bakartzeak eragin oso kaltegarriak izan ditzakeela osasunarentzat: «Uste dut oraindik ez dugula erantzun onik aurkitu, egin genezakeenari buruz. Herrialdeen artean diferentzia argiak daude: nola erregistratzen diren hildakoak, adinekoen portzentajea zenbatekoa den, nola antolatzen ditugun zerbitzu geriatrikoak... Orain ondorioak ateratzen hasteak erantzun okerrak ekar ditzake».

Beste herrialde askotan bezala, Suedian ere zahar etxeren batean bizi ziren koronabirusaren eraginez hil diren erdiak. Eta beste laurden bat beren etxean bizi ziren adinekoak ziren, eta etxez etxeko laguntza jasotzen zuten. Arreta geriatrikoak huts egin duela aitortu du Tegnellek, langileak eta baliabideak falta izan dituztela nabarmenduta.

Suediak 10,2 milioi biztanle ditu, eta 5.161 gaixo hil dira COVID-19aren eraginez; alegia, 100.000 biztanleko 50 hil dira. Nolanahi ere, heriotza tasa txikiagoa izan du Italian, Belgikan eta Erresuma Batuan baino. Hego Euskal Herriko tasa Suediakoa baino okerragoa da —Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dago—: 100.000 biztanleko ia 75 hil dira lau probintzia horietan, Suedian baino 25 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.