Eszeptizismoaren goi bilera

Hegoafrikan NBE klima aldaketaz egiten ari den goi bileran ez dute nazioarteko bete beharreko akordiorik lortzeko esperantzarikKyotoko ituna luzatzea eskatu dute Txinak eta Brasilek; 2012an indargabe geratuko da

2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko kide gehienek eszeptiko begiratzen diote atzotik abenduaren 9a bitartean Hegoafrikako Durban hirian egiten ari diren klima aldaketaren goi bilerari. Izan ere, ez dute espero datorren urtean indargabe geratuko den Kyotoko Protokoloari jarraipena ematerik, edo hura ordezkatuko duen bete beharreko akordio nazioarteko bat lortzerik, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonen helburua hori bada ere. Herrialde bakoitzak bere interesen alde egiten du, konpromisoak ondokoari eskatuz eta irtenbide bat lortzeko negoziazioari ateak itxiz.

Kopenhagen duela bi urte egin zuten goi bilerak «historikoa» izan behar zuen. Hain justu, Kyotoko Protokoloa ordezkatuko zuen tresna sortuko zutelakoan bildu ziren 150 herrialdetako gobernuburuak. Negoziazio horien porrot sonatuaren ostean, ordea, eszeptizismoa da nagusi Durbango bilerari begira.

Kyotoko Protokoloa berotegi efektua mugatzeko nazioarteak egin duen lehen urratsa izan da, aditu guztien arabera nahikoa ez den arren. 2005etik indarrean dagoen akordioaren lehen fasea 2012an amaituko da, eta garapen bidean dauden herrialdeek —Txina eta Brasil tartean— 2020ra arte luzatu nahi dute, klima aldaketaren erantzukizuna herrialde garatuena dela argudiatuz. Izan ere, itunak inbertsioak bermatzen dizkie, eta ordainetan ez dute isurketak murrizteko konpromisorik hartu beharrik izan.

Japoniak —akordioaren sustatzaile izan zenak—, Errusiak eta Kanadak ez dute ituna bere horretan luzatu nahi. «Munduan gas kutsagarri gehien isurtzen duen herrialdeak, Txinak, ez dauka inolako konpromisorik Kyotoko Protokoloarekin. AEBek ere ez dute ituna sinatu, eta Indiak ez du inolako betebeharrik», kexatu da Akira Yamada Japoniako Gobernuko kidea.

Hori horrela, EB Europako Batasuna bakarrik geratu da Kyotoko neurrien defentsan, klima aldaketaren ondorioz gehien kaltetu diren herrialdeekin batera. Baina batasuneko herrialdeen artean ere gero eta tentsio handiago dago, batik bat krisi ekonomikoagatik burua altxatu ezinda dauden hainbat herrialdek konpromisoak murriztu nahi dituztelako.

Bruselak jakinarazi du 2020rako gas kutsagarrien isurketak %20 murrizteari eusten diola, baina horretarako, 2015etik aurrera herrialde garatuak akordioari batzea exijitu du. «Garbi hitz egin dezagun: EBk Kyotoko Protokoloa babesten du, baina itunaren bigarren fasea EBk soilik betetzeak ez du ezertarako balio, munduko gas kutsagarrien %11 besterik ez baitu isurtzen. Durbanen hori lortzea ezin da garaipentzat hartu», adierazi du Connie Hedegaard Europako Klimarako Ekintzaren komisarioak. Kyotoko itunaren jarraipenaren alde egin dutenBrasil, Txina eta Indiari akordioari batzeko eskaera ere egin die Bruselak.

Helburu xumeak

Kyotoko Protokoloa luzatzeak, dena den, ezinezkoa dirudi egun. Horrez gain, Txinak eta AEBek argi utzi dute ez dutela itunik sinatuko. Negoziaziorako tarteak txikiak direla jakitun, helburu xumeak ezarri dituzte Durbango goi bilerarako. Isurketa kutsagarriak gutxitzeko konpromiso nazionalak lortzea da Hegoafrikaren nahia. Iaz Mexikoko Cancun hirian egin zuten goi bileran lortutako akordioak martxan jartzea da, berriz, NBEren xedea.

2020tik aurrera urtero klima aldaketaren aurka egiteko 100.000 milioi dolarreko funtsa eratzea adostu zuten Cancunen, besteak beste. Herrialde guztiek bat egin zuten neurriarekin. Dirua nork jarri behar duen, baina, ez zuten adostu. Garapen bidean dauden herrialdeen ustetan, herrialde industrializatuen funts publikoetatik atera beharko litzateke diru hori. Mendebaldeko gobernuek, berriz, finantzaketa sektore pribatutik lortu behar dela diote.

Denbora amaitzen ari da

Akordio globala atzeratzeko eskatu dute gehien kutsatzen duten herrialdeek. Indiak eta Brasilek, esaterako, 2015ean hasi nahi dute negoziatzen, eta bitarte horretan hausnarketa bultzatu nahi dute. Adituek, berriz, klima aldaketa geldiarazteko denbora agortzen ari dela diote.

Zientzialariek diote mende amaierarako planetaren tenperatura, batez beste, bi gradutik gora igotzea saihestu behar dela; horixe jo baitute bizirik irauteko muga kritikotzat. Egungo erritmoan, baina, 2 eta 4,5 gradu artean igoko da tenperatura 2100erako. Klima Aldaketaren NBEko aditu taldearen arabera, gas kutsagarrien isurketa %50 murriztu behar da mende erdirako. Durbanen halako akordiorik lortzeak ezinezkoa dirudi, baina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.