Protestak herrialde arabiarretan. Libia

Eta Sirian zergatik ez?

Protestak hasi eta hilabetera esku hartu zuten aliatuek Libian, zibilak errepresiotik babesteko; Siriako erregimenak, bitartean, 2.200 lagun hil ditu bost hilabetean, eta nazioartea begira dago.

Jon Fernandez.
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafi Libiako diktadorearen kontrako protestak hasi eta zortzi egunera, erregimenak«milaka lagun» hil zituela salatu zuen Ibrahim Dabbashi Libiako enbaxadoreak NBEren New Yorkeko egoitzan. Alarma guztiak piztu ziren nazioartean, eta hogei egun geroago, martxoaren 17an, 1973 ebazpena onartu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak, «Libiako gizarte zibila babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko». Hiru egun geroago aire eremuaren debekua ezarri zuten Libian, eta hurrengo egunean Tripoli bonbardatu zuten aliatuek. Iragan martxoko Libiak eta egungo Siriak antzekotasun nabariak dituzte: sei hilabetez ari dira manifestariak Bashar al Assaden erregimenaren kontra protestan, eta haren errepresioak 2.200 lagun inguru hil ditu dagoeneko. Bi erregimenek beraien herrialdeko zibilen kontra erabilitako indarkeria eta eragindako hildakoen kopuruak antzekoak izanda, zergatik esku hartu du NATOk Libian, eta zergatik ez, ordea, Sirian?

Saif al Islam Gaddafi diktadorearen semeak galdera bera egin zuen abuztuaren 3an The New York Times egunkarian eginiko elkarrizketan. «Libia sexia delako. Bost milioi biztanle baino ez ditu herrialdeak, eta petrolioa du gainera», erantzun zion bere buruari. Ez da erokeria Gaddafiren semeak esan zuena. Aliatuen Babesle Bateratuaren operazioa hasi zenetik asko idatzi eta esan da Libian esku hartzearen atzean izan dituzten benetako arrazoien inguruan, eta petrolioaren ustiapena kontrolatzea izan da aipatuena.

Operazioaren lehen hilabeteetan, esaterako, aliatuek lehentasuna eman zieten erreboltarien esku zeuden petrolio findegiak martxan jartzeari: Bengazin kokatutako Arabian Gulf Oil konpainiaren eta Qatarren arteko salerosketa bermatu zituzten. Qatarrek bere burua eskaini zuen erreboltarien eremuko petrolioa merkaturatzeko. Gaddafiren garaia azkenetan dela, British Petroleumek eta Total petrolio konpainia frantsesak iragarri dute Libiara itzuliko direla egoera «segurua eta egonkorra» denean.

Aurrekariaren beldur

Dena dela, eztabaida bat baino gehiago sortu ditu aliatuen esku hartzeak. Batetik, benetako arrazoiak ekonomikoak ala humanitarioak izan ote diren; bestetik, operazioak Libiaren subiranotasuna urratu ote duen. NBEko hainbat kidek estatuen burujabetza kolokan jarri izana salatu dute, eta etorkizunean edozein gatazkatan interes partikularren mesederako esku hartzeko aurrekari bezala erabil daitekeela ohartarazi dute.

Txinaren eta Errusiaren abstentzioak ahalbidetu zuen aliatuen esku hartzea, baina segituan kritikatu zuten operazioa, onartutako ebazpenaren mugak gainditu dituztela esanez. Brasil, India eta Hego Afrika Segurtasun kontseiluko kide ez iraunkorrak ere iritzi berekoak dira.

Izan ere, 1973 ebazpena R2P Babesteko Erantzukizuna printzipioan oinarritzen da. 2005ean onartu zuen NBEk, Ruandako 1994ko genozidioaren eta Balkanetako garbiketa etnikoen ostean sortutako eztabaidaren harira. Gerra krimenetatik babestuta ez dauden zibilak dauden kasuetan estatuaren subiranotasunaren gainetik ezar daiteke NBEren esku hartzea, printzipioaren arabera. Hala ere, 2009an Israelek Gazaren kontra egindako Berun Urtua operazioan, esaterako, ez zen ezarri. Libian jarri da lehen aldiz martxan R2P printzipioa, eta apirilean ere erabili zuten Boli Kostako gatazka geldiarazteko.

Begi bistakoa da nazioarteko potentzien interes jokoek erabakitzen dutela gatazka batzuetan esku hartzea eta besteetan begira geratzea. Baliteke petrolioaren usainak bultzatu izana aliatuen esku hartzea Libian; eta baliteke arrazoi geoestrategikoek geldiarazi izana Sirian sartzea. Badaezpada, Bashar Al Assadek mehatxu egin die aliatuei: «NATOk Sirian esku hartzen badu, ondorio guztiz larriak izango dira». Siriako barne arazoak herrialdean bertan konpondu behar dira, bere ustez; gainera, Afganistanen, Iraken eta Libian alargun eta umezurtz asko eragin izana leporatu die aliatuei.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.