"Raxoiri eskatzen diot errepika dezala nirekin, epaileekin eta segurtasun indarrekin batera: ETA ez da izan", adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak, Espainiako Auzitegi Nazionalak Madrilgo M-11ko atentatuen inguruan emandako epaiaren harira. Izan ere, PPk eta Espainiako eskuineko sektore nagusiek behin eta berriz erabili duten hipotesia atzera bota du epaiak, hots, ETAk eraso horiekin ez zuela inolako zerikusirik izan nabarmendu du.
2004ko martxoaren 11n Madrilgo aldirietako trenetan lau lehergailu eztandarazi zituzten, eta 191 bidaiari hil. Orduan gobernuburu zen PPko Jose Maria Aznarrek ETAri egotzi zion erasoa. Hiru egunen buruan, martxoaren 14an, Espainiako hauteskunde orokorrak ziren egitekoak, eta ETAren susmoa baliagarri zitzaion PPri. Aldiz, talde islamistak izatea kalteko AEBek gidatutako Iraken inbasioa guztiz babestu zutelako. Martxoaren 13an argi antzera geratu zen islamistek egin zutela erasoa. Martxoaren 14ko hauteskundeak PSOEk irabazi zituen. Gertatutako horren guztiaren ondorioz, M-11ko atentatuak bozak irabazteko baliatu izana egotzi diote PPk eta eskuineko komunikabideek behin eta berriz Zapateroren Gobernuari.
Ildo horretatik, Auzitegi Nazionalak epaia ematearekin batera, berriro ere ika-mikan hasi dira Espainiako bi alderdi nagusiak. Arestian aipatu bezala, ETAk ez zuela atentatuekin zerikusirik izan aitortzeko eskatu dio Rubalcabak PPko buruzagi nagusiari. Eduardo Zaplana PPren Kongresuko bozeramaileak, berriz, Irakeko gerra ez zela atentatuen zioa izan adierazteko galdegin dio Zapaterori.
M-11ko atentatuak
ETAk ez zuela M-11rekin zerikusirik izan aitortzeko eskatu dio Raxoiri Espainiako Gobernuak
Zapaterori Irakeko gerra ez zela izan erasoen zioa adierazteko eskatuz erantzun du PPk. Espainiako bi alderdi nagusiak ika-mikan dabiltza Auzitegi Nazionalak atentatuen inguruan emandako epaiaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu