«Nahiago genukeen arazoa bide diplomatikoetatik konpondu, eta horretan ahalegindu gara Egiptoren su-etenerako proposamena onartu dugunean; baina Hamasek ez digu beste aukerarik utzi, haren aurkako kanpaina zabaldu eta indartzea baino». Gazaren aurkako erasoa justifikatzeko arrazoi bat falta bazitzaion, topatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Hamasek nekez onartuko lituzkeen baldintzen arabera diseinatutako su-eten bat sinatzeko prest agertu da; eta hark ukatu duenean, bide militarrari eustea beste aukerarik geratu ez zaiola argudiatu du. Atzo, gainera, Hegi Babesgarria operazioko lehenbiziko zibil israeldarra hil zen, Gazatik heldutako misil baten metrailak eragindako zaurien ondorioz. Tel Avivek mendekua iragarri du: «Israelgo herritarrei kalte egiten ahalegintzen den orori egingo diogu eraso. Su-etenik ez badago, gure erantzuna sua izango da».
Gutxi iraun du tentsiozko barealdiak. Egiptoko Gobernuak proposatutako menia onartu eta ordu gutxira hasi da Israel ostera Gaza bonbardatzen: 30 gune baino gehiago leherrarazi dituzte haren hegazkin militarrek, aurreko egunetako erritmoari eutsiz. Borondate politiko falta egotzi diote beste aldeari: «Hamasek eta Jihad Islamikoak su-etenerako proposamena ukatu eta Israelera dozenaka misil jaurti dituztenez, Gazako terroristen aurka gogor egiteko agindu dute lehen ministroak eta Defentsako arduradunek», azaldu du laburki Tel Avivek komunikatu ofizial batean.
Astebete baino gehiago da Israelgo Gobernuak Hegi Babesgarria operazioa abiatu zuenetik. Denera 190 palestinar inguru hil ditu zortzi egunetan, eta 1.400 baino gehiago zauritu. Biktima kopurutan, erasoaldiak gainditu du jada duela bi urteko Babeserako Oinarria operazioa; gehienak zibilak dira, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera.
Hainbat joan-etorri diplomatikoren ostean, Egiptoko Gobernuak su-etenerako proposamen bat egin zien Israelgo armadari eta talde armatu palestinarrei astelehen iluntzean. Sei puntuko akordio bat zirriborratu zuen Kairok: hura sinatuz gero, bi aldeek baldintzarik gabeko konpromisoa hartuko zuketen elkarrekiko «etsaikeria oro eteteko» —lurreko, itsasoko eta aireko erasoak, eta baita misilak ere—. Horrez gain, bi zuzendaritzak 48 orduren buruan Kairon elkartzea proposatzen zuen testuak, «segurtasuneko auziak» eztabaidatzeko.
Israelgo Gobernuak gau osoa igaro zuen deliberatu aurretik. Tarte horretan, hainbat aldiz bonbardatu zuen Gaza, eta gutxienez bost lagun hil zituen. Egunsentiarekin eman zuen erabakiaren berri. «Egiptoren proposamena onartzen dugu, aukera bat emateko», azaldu zuen Netanyahuk Jerusalemdik. «Misilak jaurtitzeari uzteko eta tunelak eraisteko parada eskaintzen ari gara». Israelgo lehen ministroa ez zen bakarrik agertu prentsaren aurrera. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroa zeukan alboan, Israelek daukan babesaren adierazgarri: «Hamasek proposamenari uko egiten badio, Israelek nazioarteko zilegitasun osoa dauka operazioa zabaltzeko, bere herritarrak babesteko».
Hamas, estututa
Gazako talde armatu nagusiek, Hamasek eta Jihad Islamikoak, ez dute Egiptoren proposamena onartu. Akordioa Israelen estrategia militarista zuritzeko amarru bat baino ez dela salatu dute: «Onartezina da Israelek, erasotzaileak, alde bakarreko erabakia hartzea 190 lagun hil ondoren». Palestinarren alde lerratutako hedabideetan ere antzeko irakurketak egin dituzte analistek: su-etena sinatuta, ohiko egoerara itzultzea dela Israelen asmoa, irudi bakezalea emanda. Baina Gazan, statu quo-a ez da bakezko egoera neutral bat, Israelen mesedetako okupazio militar bat baizik. Askok gogora ekarri dute, teorian, su-etena indarrean zegoela 2012ko erasoalditik, nahiz eta bi aldeek behin baino gehiagotan hautsi duten era batera edo bestera. Argudiatze horren arabera, Hegi Babesgarria bera su-etenaren haustura litzateke.
Gazako egoera orokorrari eragiten dion akordio zabalago bat negoziatu ezean, Hamasek ez du meniarik sinatuko. «Gerretan ez dira sekula erasoak eteten akordio bat lortzen ez den bitartean. Gu oraindik okupaziopean gaude, eta herritarrek euren burua defendatzeko eskubidea dute; hori da erresistentzia». Jihad Islamikoko buruzagietako batek Al-Jazeera kateari azaldu dionez, ez da bidezkoa palestinarrei lehenbizi su-etena sinaraztea eta horren ondoren bakerako baldintzak negoziatzea: «Iraganean ere probatu izan ditugu halakoak, eta huts egin dute beti». Talde armatuek oinarrizko lau baldintza ipini dizkiote Israeli su-etena negoziatzen hasteko: Gazako blokeoa bertan behera uztea, Zisjordaniako jardun militarra etetea, Gilad Shalit soldaduaren truke negoziatutako presoak askatzea, eta preso politiko palestinar guztien baldintzak hobetzea.