News of The World astekariaren entzuketen auziak ekarritako soka luzatu eta luzatu ari da, amaiera non duen argi erakutsi gabe. Egunak pasa ahala, informazio eta izen gehiago argitaratzen dira entzuketekin eta horietatik eratorritako ustelkeria eta eroskeria kasuekin zerikusia dutenak. Azkena John Yates izan da, Londresko Polizia Metropolitanoko bigarren arduradun nagusia. Polizien eroskerian aritzea egotzita, atxilotutako Neil Wallis kazetariarekin lotu duten berriak argitaratzerakoan dimisioa eman du. Paul Stephenson Scotland Yardeko buruak ere gauza bera egin zuen herenegun, Wallisekin lotu zutelako. Rupert Murdoch News of The World-eko jabea zena, James haren semea eta Rebekah Brooks astekariaren zuzendari ohia gaur agerraldia egitekoak dira parlamentuan.
Erresuma Batuko hedabideen arabera, Yatesek dimisioa ematea erabaki du, aurki behin-behinean kargugabetuko zutela jakin duelako. Wallisekin zuen harremanak paratu du susmopean James Murdoch. Izan ere, Wallis 2009an Londresko Polizia Metropolitanoaren komunikazio arduradun lanetarako hautatu zuten, eta Yatesek esku hartze zuzena izan zuen erabaki horretan. Duela bi urte ere Yatesek erabaki zuen entzuketen inguruko ikerketa berriz ere ez irekitzea, hartarako behar bertze froga ez zeudelakoan. Wallis, berriz, iragan astean atxilotu zuten, entzuketak baimentzeko polizien eroskerian aritu zelakoan. 2007ra arte News of The World-eko zuzendariordea izan zen kazetari hori, eta 2007-2009 artean zuzendaritzako kide.
Cameron, gobernuaren alde
Stephenson Poliziako buruak ere Wallisekin zuen harremanarengatik eman zuen dimisioa igandean. Erresuma Batuko hedabideen arabera, goi mailako bainuetxe batera joateko gonbidapena jaso zuen Stephensonek, eta Wallis zen bainuetxe horretako harremanetarako arduraduna. Bai Stephenson, bai Yates, parlamentuko barne batzordean deklaratzera deitu dituzte gaurko.
Stephensonek dimisioa eman baino ordu batzuk lehenago, Theresa May Barne ministroak adierazi zuen «arduratuta» zegoela Wallisek Scotland Yardekin zituen harremanen inguruan. Atzo, baina, Stephensonen eta Yatesen jarduna defendatu zuen parlamentuan eginiko agerraldian. Polizia orain Stephensonek kargua hartu zuenean baino «indartsuagoa» dela erran zuen, eta Yatesi «eskerrak» eman zizkion «Londresen eta herrialde osoan terrorismoaren aurkako borrokan egindako lanagatik».
David Cameron lehen ministroak ere Yatesek «terrorismoaren aurkako borrokan» egindako jarduna goraipatu du. Hala ere, entzuketen auzian Poliziak eta gobernuak egindakoaren artean alderaketa egitea saihestu du. Izan ere, gobernuak Andy Coulson News of the World-eko zuzendari ohia komunikazio arduradun izendatu zuen. Poliziak ikerketa «egoki» egin ote zuen zalantzak daudela erran du Cameronek, baina Coulsonek gobernuan egindako lana «txarra» izan zela inork ez duela erran adierazi du. Joan den astean atxilotu zuten Coulson, astekariko zuzendari zela poliziei ordainketak egitea baimendu zuelakoan. Bai bera bai Wallis bermea ordainduta aske daude.
Zer esana emanen duen bertze gertakari bat ere izan zen atzo, Coulsonen aurka lehenbiziko akusazioak egin zituen kazetaria, Sean Hoare, hilda aurkitu baitzuten Watforden, Londrestik gertu. Poliziak dio, baina, haren heriotza ez dela «susmagarria».
Alderdi Laboristako buru Ed Milibandek, berriz, Cameroni egotzi dio entzuketen auziaren aitzinean «geldirik» egotea, haren posizioa «egoera zailean» geldi daitekeelako, Coulson kontratatu zuela eta. Auziaren eraginez parlamentuko oporraldiak egun bat atzeratzea erabaki du Cameronek. Beraz, asteazkenean Londresen izanen da parlamentarien galderei erantzuteko.
Brooks, bermearekin aske
Azken bilkura hori baino lehen, ordea, auziaren hiru protagonista nagusienetakoek eginen dute agerraldia gaur: Murdoch aita-semeek eta Brooks News of The World-eko eta The Sun egunkariko zuzendari ohiak. Azken hori igandean atxilotu zuten. Hamabi ordu egin zituen Poliziaren esku. Entzuketen eta Poliziak horiek baimentzeko izandako eroskeria kasuen inguruan galdekatu ondoren aske utzi zuten, bermea ordainduta. Coulson eta Wallis bezala, urrian berriz ere Poliziaren aitzinean agertzeko agindua du. Azken bi urteetan News International enpresako kontseilaria izan da Brooks, baina joan den ortziralean dimisioa eman zuen, eskandaluaren ondorioz.
Etengabe luzatuz doan soka
John Yates Londresko Poliziako bigarren buruak dimisioa eman du, entzuketen harira; bezperan polizia buruak eman zuenMurdoch aita-semeak eta Rebekah Brooks parlamentuan deklaratzekoak dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu