Etenik gabeko odolustea

NBEren arabera, Afganistanen zibil gehien hil duten sei hilekoa izan da aurtengoa 2001ean gerra hasi zenetik: 1.462Hamid Karzai presidentearen anaiordearen hiletan lau lagun hil ditu suizida batek

mikel rodriguez
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Afganistango zibilen odol isurketak ez du etenik. Eta etenik ez izateaz gain, handitu egin da, gainera. NBE Nazio Batuen Erakundearen txosten baten arabera, urte honen lehen erdian 1.462 zibil hil dituzte. Hau da, gerra hasi zenetik (2001) lehen urte erdi gogorrena izan da hau, eta, iazko lehen sei hilabeteekin alderatuta, zibilen hilketak %15 igo dira. Azken gertakaria atzo bertan salatu zuten Afganistango agintariek. Haien arabera, NATOk sei zibil hil zituen tirokatuta, baina aliantzak dio «matxinoak» zirela.

Unama NBEk Afganistanen duen misioaren arabera, hilketen %80 inguru «gobernuaren aurkako indarrek» egindakoak dira, eta horien artean bereziki talibanak aipatu ditu. Heriotza gehien bide bazterreko lehergailuek eta etxean egindako bonben ondorioz gertatu dira, txostenean bildu dutenez. Eraso suizidak, berriz, iazko lehen sei hilekotik bikoitza baino gehiago izan dira. Atentatu horiek «konplexuagoak» dira orain, «suizida bat baino gehiagok eraso ikusgarriak» egiten baitituzte. Unamak dioenez, matxinoen indarkeriak erakusten du Afganistango agintariak ez direla gai segurtasuna «haien kabuz kudeatzeko». Txostena, hain zuzen, NATOk hainbat probintziatako eskumena Afganistango Estatuko indarren esku utzi baino egun batzuk lehenago argitaratu du Unamak.

Aire erasoen gogortzea

«Gobernuaren aldeko indarrek» egindako hilketak, berriz, iaz baino gutxiago direla dio NBEren misioak. NATOk aire erasoetan hildakoen kopuruak, baina, goiti egin du, eta «gobernuaren aldeko indarren» artean hori da hilketa gehien eragin duen faktorea. Orotara azken sei hilabeteetan 79 lagun hil dituztela dio Unamak. Heriotza horien erdia baino gehiago Apache helikopteroen bidez egin dituztela zehaztu du.

Unamak nabarmendu duen bertze atal bat nazioarteko tropek, bereziki AEBetakoek, hiri eta herrietan egiten dituzten arratseko operazioak eta sarekadak dira. Iazko lehen urte erditik %2 murriztu da operazio horietan hildako zibilen kopurua, baina NBEk ohartarazi du herritarren «erresumina» handitu egin dutela arratseko sarekada horiek eta ohikoa dela ondoren protesta bortitzak antolatzea, anitzetan hildako gehiago eragiten dituztenak. Hamid Karzai presidenteak berak errana du nazioarteko indarren operazio horiek matxinoekiko atxikimendua zabaldu egiten dutela herritarrengan.

Hain zuzen, NATOk horrelako operazio batean hil zituen sei lagun atzo goizaldean. Ekialdeko Khost hirian izan zen. Mubraz Mohamed Zabran gobernadoreak erran du zibilak hil dituztela. Tim James nazioarteko indarren bozeramaileak, baina, zibil bat zauritu zutela aitortu arren, adierazi du hildako guztiak «Hakkani talde jihadistako kideak» direla.

Unama 2007an hasi zen Afganistango gatazkan hildako zibilen kopurua kontatzen. 1.980 zenbatu zituen urte hartan, eta ordutik, urtetik urtera handitu egin da kopurua, iazko 2.777ak arte. Aurtengo lehen sei hilekoan iazko aldi bereko kopurua gainditu da dagoeneko. Gainera, azken lau urteetako hilabeterik odoltsuena joan den maiatza izan da: 368 hildako izan ziren. 2007a baino lehen, hainbat elkarte, hedabide eta unibertsitatek zenbatu zituzten heriotza kopuruak —2001-2003 artean gutxienez 3.100; 2004-2006 artean gutxienez 1.337—. Kieran Doyle NBEk Kabulen duen komunikazio zuzendariaren iritziz, borrokak gogortu eginen dira nazioarteko indarrek azken aldian tropa kopurua handitu dutelako eta talibanek Udaberriko erasoaldia iragarri zutelako.

Lehergailua turbantean

Erasoak egunero egiten dituzte erresistentziako taldeek, eta toki edo helburu nabarmenen aurka jotzeko gaitasuna ere ez dute galdu. Adibidez, Karzai presidentearen anaiorde Ahmed Uali Karzairen hiletan suizida batek bere burua leherrarazi zuen atzo, eta lau lagun hil zituen. Kandaharren zen hileta, eta Karzai presidentea ez zen han izan. Agintarien arabera, ekintzaileak turbantean gordeta zuen bonba. Ahmed Uali Karzai iragan asteartean hil zuen haren bizkartzainak. Hasieran talibanei leporatu zieten hilketa, baina gobernu inguruko iturriek «diru kontuengatik» izan zitekeela aipatu zuten. Droga trafikoarekin eta CIArekin lotzen zuten presidentearen anaiordea.

Nazioarteko tropek ere matxinoen erasoak pairatu zituzten atzo. Bigarren egunez jarraian, Frantziako soldaduak izan ziren biktima. Afganistango poliziekin batera kontrol postu batean zirela, matxinoek tiro egin eta soldadu bat hil zuten —herenegun bortz hil zituzten—. Asteazkeneko erasoaren harira, Nicolas Sarkozy presidenteak bilera egin zuen atzo Eliseoan ministroekin eta armadako buruarekin. Bileraren aitzinetik, erretiratzeko planari eutsiko diotela berretsi du. 4.000 soldaduak 2013rako atera nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.