Etiopiako Gobernuak eta TPLFk menia adostu dute, bi urteko gerraren ostean

Itunaren arabera, bi aldeek «armagabetze sistematikoa eta antolatua» egingo dute. Afrikako Batasunak goratu egin du akordioa

Redwan Husein Etiopiako Gobernuko ordezkaria eta Getachew Reda TPLFkoa, aulkietan eserita, atzo, Hegoafrikan. EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Etiopiako Gobernuak eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteak urriaren 25ean Pretorian (Hegoafrika) hasitako bake negoziazioak fruituak eman ditu. Izan ere, bi aldeek su etena «formalki» adostu dute, bi urteko gatazkaren ostean. Hala baieztatu zuen atzo AB Afrikako Batasuneko goi ordezkari eta Nigeriako presidente ohi Olusegun Obasanjok, Pretoria hirian bertan egindako agerraldi batean. Hitzartutako itun horren arabera, meniaz gain, «armagabetze sistematikoa, ordenatua eta antolatua» egingo dute.

Obasanjoren esanetan, gobernuko eta TPLFko ordezkariek «goi mailako» batzarra egin zuten, ABren bitartekaritzari esker, eta haiek egindako lana goratu zuen. Oraingoz, ordea, ez dute eman agiri ofizialaren inguruko xehetasun gehiagorik, Addis Standard Etiopiako egunkariak jasotakoaren arabera. Hori bai, Obasanjok gogorarazi zuenez, akordio horrek «bide emango» dio Tigrayri eskualdean hornidura humanitarioa berrezartzeko eta zibilak babesteko; batez ere, emakumeak eta haurrak. «Gaur [atzo] egunsenti berri baten hasiera da Etiopiarentzat», nabarmendu zuen ABko goi ordezkariak.

TPLFk, urri hasieran, Etiopiako Gobernuarekin hitz egiteko eskaera onartu zuen, «gatazkaren konponbide baketsua» lortzeko, ABk hala bultzatuta. Reuters berri agentziaren arabera, Tsadkan Gebretensae TPLFren jeneralak eta Getachew Reda alderdi-miliziaren bozeramaileak osatu dute, besteak beste, Tigrayko matxinoek Hegoafrikara bidalitako ordezkaritza. Hain justu, Getachewek esan zuen espero duela bi aldeek konpromisoa beteko dutela. «Iragana atzean utziko dugu».

Etiopiako Gobernuari dagokionez, berriz, Redwan Husein Segurtasun Nazionalerako aholkularia izan da elkarrizketa mahaiaren beste aldean egon diren negoziatzaileetako bat. Alderdi-miliziaren bozeramailearen gisan, Redwanek azpimarratu zuen alde guztiak itunari «leial» izan behar zaizkiola. «Eskerrak eman nahi dizkiegu beste aldean dauden anaiei garai hau atzean uzteagatik. Etiopiako herriak bakea eta garapena nahi ditu». Menia adosteko hitzarmena sinatu ostean, bi aldeetako ordezkariburuek bostekoa eman zioten elkarri, txalo artean.

Adostasunera heltzeko TPLFren baldintzetako bat izan zen elkarrizketan «eragile gehiago» egotea behatzaile edo bermatzaile gisa. Bada, negoziazio mahai horretan izan ziren, besteak beste, Kenyako presidente ohi Uhuru Kenyatta eta Hegoafrikako presidenteorde ohi Phumzile Mlambo-Ngcuka, baita IGAD Gobernuen Arteko Agintaritzako, Nazio Batuen Erakundeko eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariak ere.

Herritarren %90, gosez

Gerra 2020ko azaroan hasi zen, Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmedek armada Tigrayra bidaltzea erabaki zuenean; TPLFri egotzi zion militar federalen base bati eraso egin ziola, eta ustezko eraso horri erantzuteko hartu zuen erabakia. Bi aldeek elkarri egotzi diote gatazka piztea: TPLFk Abiyi leporatu dio boterea zentralizatu nahi izatea, eta Etiopiako lehen ministroak kontrakoa alderdi-milizia tigreari, boterea berreskuratzeko asmoa duela. Gerrak 600.000 desplazatu eragin ditu, eta Munduko Elikadura Programaren arabera, Tigrayko herritarren %90 inguruk behar dute berehalako elikadura laguntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.