Etiopiako tankeek aurrera jarraitzen dute, Somaliako hiribururantz

Muqdisho gaur hartuko dutela diote gerrako jauntxoek, eta islamistak Irakeko ereduaz mintzo dira

Edu Lartzanguren.
2006ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Gerra lasterraren bertsio etiopiarra, edo islamisten «erretiratze taktikoa», Somaliako hiriburu Muqdishorantz aurreratzen jarraitu zuten atzo Etiopiako tankeak. Artilleria astunak eta Etiopiako aire armadaren bonbardaketek babestuta, Jowhar hiria kendu zieten UIC Auzitegi Islamikoen Batasuneko borrokalariei. Horren bidez, hiribururako bidea libratu zuten. Muqdishori gaur erasoko diotela esan zuten Etiopiaren babespean hiria hartu zuen gerrako jaunak. Somalian edonon erasotzeko prest daudela adierazi zuten islamistek.

Muqdisho eta hegoaldeko Kismayo hiria baino ez zituen kontrolpean UIC lerro hauek idazteko unean. Hiriburutik 30 kilometrora zeuden Etiopiako tropak. Duela astebete, kontrako egoera zen: UICk Somaliako zatirik handiena kontrolatzen zuen, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Etiopiak sostengaturiko behin-behineko gobernuak Baidoa hiria baino ez zuen kontrolatzen. Ekainean UICk hartu zuen menpean Jowhar hiria, eta, geroztik, Baidoarantz aurreratzen ari ziren miliziak.

«Bihar [gaur] Muqdishori erasoko diogu», esan zuen Mohammed Dheere gerrako jaunak atzo Jowharren, ekainean islamisten eskuetan utzi behar izan zuen hirian.

Behin-behineko gobernuak ez zuen baieztatu, ordea, gaur hiriburua hartzeko asmoa ote duen. Edonola ere, Muqdisho «tiro bat bota gabe eskuratzea» espero zuela esan zuen Abdirahman Dinari eledunak.

Klanetako buruek agintetik kendu zuten Siad Barre 1991n, baina berehala ekin zioten elkarren kontra, boterea eskuratzeko lehian. Geroztik anabasa izan da nagusi Somalian, eta soilik UICk lortu du egoera baretzea kontrolpean hartu dituen guneetan.

Etiopiak, ordea, AEB Ameriketako Estatu Batuen babespean, ez du onartu auzoan estatu islamikoa ezartzeko arriskua, eta tropak bidali zituen joan zen astean behin-behineko gobernuari laguntzera eta UIC agintetik kentzera.

IRAKEKO EREDUA. «Defentsa sugeak askatu ditugu, orain prest daude etsaiari heltzeko Somalian edonon», esan zuen atzo Mohamud Ibrahim Sulei UICko buruetako batek. Izan ere «taktika aldaketaz» mintzatu ziren asteartean buruzagi islamistak, atzera egiten hasi zirenean. Miliziek ez dute arma astunik Etiopiako armadari aurre egiteko, eta lehen ere esana zuten gerrilla taktikak hasiko zituztela inbaditzailearen aurka. «Irakeko eredua» Somalian jarraitzeko arriskuaz ohartarazi dute adituek. Atzerriko 300 borrokalari islamista hil dituela esan zuen behin-behineko gobernuak atzo. UICri Al Kaedarekin lotura izatea egotzi dio lehen ere.

Etiopiako tropak «berehala erretiratzeko» exijitu zuten atzo Afrikako Batasunak, Liga Arabiarrak eta IGAD Garapenerako Gobernu Arteko Aginteak. Edonola ere, behin-behineko gobernuari sostengua emateko eskatu zuten. Berehalako su-etena eskatu zuen atzo NBEk Somalian duen ordezkariak, François Lonseny Fallek.

Afrikako Adarra,

heriotzaren zainGerra, lehortea, uholdeak gosea eta izurriakizan dira nagusi Somalian aurten, eta ez dirudi 2007 urte hobea izango denik.e. lartzanguren

Urruntasunak gauzak objektibotasunez ikusten laguntzen duela dio topikoak, baina kontrakoa frogatzeko adibideak ari dira heltzen Somaliatik. Gertatzen ari denaren inguruan nazioartean hausnarketa geopolitiko sakonak egiten diren bitartean, egoera zein den ezin argiago laburbildu zuen atzo Jowhar hiriko biztanle batek, Abdale Haji Alik: «Ez dakigu nora ihes egin, dagoeneko uholdeak, gosea eta izurriak izan ditugu. Heriotzaren zain gaude».

Izan ere, lehortea, gerra eta gosea baino ez dute ezagutu somaliarrek azken 15 urteotan. Somalia independentea da 1960. urtetik, baina kolonialismoaren biktima izaten jarraitzen du. Asia, Afrika eta Europako hegoaldea lotzen dituen itsasoko trafikoarentzat interes handiko lekua da Afrikako Adarra. Erresuma Batuak, Italiak, Sobiet Batasunak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek kontrolpean eduki nahi izan dute.

Somaliak ez du gobernu sendorik izan 1991tik. Siad Barreren aurkako matxinadak 300.000 hildako eragin zituen. Borrokek gosetea areagotu zuten, eta horrek beste 300.000 pertsona hil zituen. AEBek 28.000 soldadu zabaldu zituzten herrialdean 1992an, Itxaropena Berreskuratzea deituriko operazioan. Hondamendia izan zen egitasmoa. Miliziek helikoptero bat lurreratu, eta AEBetako 18 soldaduren gorpuak kalean zehar arrastaka eraman zituzten telebistako kameren aurrean. Irudiek eraginda, tropak erretiratzeko agindu zuten AEBek.

«Aurtengo urtea hondamendia izan da somaliarrentzat», esan du Gurutze Gorriko ordezkari batek. Izan ere, urteetako lehorterik gogorrenaren ondoren, uholdeetan gutxienez 73 pertsona hil ziren urrian, eta kolera zabaldu zuen. Ez du ematen 2007a hobea datorrenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.