Borrokek ez dute etenik Karachin. Sindh probintziako hiriburua da hori, eta Pakistango ekonomiaren kokagune nagusia. Astebetean, 72 lagun hil dituzte eta ehun bat zauritu. Indarkeria oldea probintziako diputatu baten hautaketak eragin du. Borroken sorburua bi indar politikoren artean dagoen lehia gogorra da, baina etnien arteko ezinikusiaren seinale ere bada.
Joan den asteartea izan zen egunik beltzena: hainbat erasotan 30 bat lagun hil ziren. Eraso bortitzena Shersha Kabari auzoko azoka batean gertatu zen, arrats partean, eta 11 lagunek galdu zuten bizia. Motorren gainean iritsi diren erasotzaileak, eta azokan ziren herritarrei tiroka hasi ziren. Hildakoetatik zortzi balutxe etniakoak ziren; auzo horretan gehiengo den etniakoak, alegia. Atzo, berriz, lau lagun hil zituzten han, gutxienez.
Bortizkeria, izan ere, eguneroko kontua da Karachin, hamasei eta hemezortzi milioi bizilagun artean dituen hirian. Polizia iturriek eman eta Herald hilabetekariak berriki zabaldutako datuen arabera, urte honen hasieratik Karachiko 668 pakistandar hil dira eta 693 lagun bahitu dituzte. Azken bederatzi hilabeteotan 673 erasoren berri eman dute polizia iturriek.
Azken egunotako indarkeria oldea, haatik, oso larria izaten ari da. Probintziako diputatua aukeratzeko, igandean bozketa egin zuten; boto gehien eskuratzen zuenak Raiza Haider legegilea ordezkatu behar zuen. Haider, izan ere, iragan agorrilaren 2an hil zuten, tiroz, eta hilketa hark egun hartan bertan eta ondorengoetan borroka ugari eragin zituen. Liskar haietan, 40 lagun hil zirengutxienez.
Raiza Haider MQM Mugimendu Nazional Batua alderdiko kide zen. Indiako iparraldetik 1947. urtean joandako urdu etniakoak ordezkatzen ditu gehienbatean MQM alderdiak. Mohajir (etorkinak) esaten diete urdu hauei, eta Sindhen bizi dira nagusiki. Hortaz, MQM alderdikoak dira probintziako Parlamentuko 168 biltzarkideetatik 51. Halaber, Karachi hiriburuan gehiengoaren jabe da. Horiek horrela, MQM irten zen garaile igandeko hauteskundeetan ere.
Gorroto giroan
PPP Pakistango Herriaren Alderdiak du gaur egun eserleku gehien Sinhdeko Parlamentuan; horrez gain, herrialdeko Legebiltzarrean ere alderdi horrek berak du diputatu gehien. Probintzia gobernatzeko, hala ere, PPPk aliantza egin du MQMrekin. Eta legebiltzar federalean berdin: MQMko 25 diputatuek Asif Ali Zardari presidentearen agintea sostengatzeko konpromisoa hartu dute.
ANP Awani Nazio Alderdia du, itxuraz, Karachin egunotan gertatu den indarkeria oldearekin zerikusia. Horrek bi hautetsi baino ez ditu Sindheko Parlamentuan; haatik, alderdiak paxtuen babesa du, eta paxtuak indar hartzen ari den etnia osatzen dute gaur egun Sindhen. Zenbait iturriren arabera, paxtuak hiru milioi lagun inguru dira jada; probintzia osoan 35,5 milioi lagun bizi dira, duela bi urteko erroldaren arabera.
MQMk behin eta berriz salatu du ANP talibanen jarraitzaile dela -MQM alderdi laikoa da-. Talibanak Islamabadeko gobernuaren aurkako gerran daude murgilduta; ekintzaile islamistek Pakistango mendebaldeko probintzietan dute indar handiena; Afganistanekin muga egiten dutenetan, hain zuzen. ANPk, berriz, hauteskundeetan iruzur egitea leporatu dio MQMri. Horiek horrela, gorroto giroa hazi egin da bi indar politiko horien artean, eta Raiza Haider diputatu urduaren hilketak piztu du azken aldiotako indarkeria oldea.
Bi indar politiko horien arteko ezin eramanak gatazka giroa piztu du PPP eta MQMren artean ere. Urduen iritzian, Asif Ali Zardariren alderdiak ez du behar zena egin erasoen egileen aurka, eta Sindheko probintziako gobernutik alde egin du behin-behinean. Egunotan Karachira joan da Pakistango Barne ministro Rehman Malik, eta agindu du erasoen erantzuleak «zorrotz eta alderdikeria kutsurik gabe» zigortuko dituztela. Sindheko Poliziak dagoeneko zehaztu du borrokekin zerikusia luketen 55 susmagarri atxilotu egin dituztela.
Indarkeria oldeari aurre egiteko xedean, Pakistango armadaren esku-hartzea eta salbuespen egoera indarrean jartzeko eskatu dute agintari politiko batzuek. Islamabadek horrelakorik ez duela nahi adierazi du Pakistango lehen ministro Jusuf Raza Gilanik. Horren hitzetan, egokiena «denak mahai baten inguruan esertzea» litzateke, «muturreko jendeak indargabetzeko asmoz».
Etnien arteko talka Karachin
Azken astea oso bortitza izan da Karachin, Pakistango hiri ekonomiko nagusian; erasoetan 72 lagun hil dira eta ehun zauritu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu