Ez da lehen saiakera, eta ez da azkena izango. Oraingo hau, ordea, tragedian amaitu da. Izan ere, beste behin, Calaisen (Frantzia) Erresuma Batura sartu zain dauden ehunka etorkinetatik 1.500 inguru ahalegindu dira Mantxako kanala zeharkatzen duen tunela zeharkatzen; eta, beste behin, pertsona bat hil da saiakeran.
Hildakoa Sudandik joandako 25 eta 30 urte arteko gazte bat da. Iturri ofizialek zabaldu dutenez, gaztea tunela zeharkatzen duten kamioetako batean sartzeko ahaleginetan ari zen hark harrapatu duenean. Harekin bederatzi dira uda hasieratik hildakoak.
Astelehenean, beste 2.000 pertsona inguru ahalegindu ziren Erresuma Batuan sartzen, tuneletik igarotzen diren dozenaka kamioietan igoz. Izan ere, joan den ekainetik eta MyFerryLink ferry enpresarekin dagoen lan gatazkaren ondorioz, kamioi askok egunak egin behar dituzte zain tunelaren inguruetan, eta itxaronaldia baliatzen dute etorkinek haietan sartzeko.
Turismoarentzat, "oztopo"
Berehalako neurriak iragarri ditu Londresek "etorkin oldeari" eurre egiteko. "Elkartasuna agertu nahi diet Calaisera sartzeko oztopoak gainditu behar izan dituzten turistei. Gure esku dagoen guztia egingo dugu Frantziarekin elkarlanean arazo hau amaitzeko", adierazi du David Cameron lehen ministroak.
Tuneleko segurtasuna indartzea izango da Cameronen lehen urratsa, eta horretara bideratuko dituzte zazpi milioi libera.
Frantziak, berriz, 120 polizia bidaliko ditu Calaisera, Bernard Cazeneuve barne ministroak gaur iragarri duenez.
Zaintza neurriak
Eurotunnel enpresak kudeatzen du Mantxako kanala zeharkatzen duten tunela, eta haren arabera, urtea hasi zenetik 37.000 etorkin atzeman dituztela muga igaro nahian. "MIlaka salaketa aurkeztu genituen, baina guztiak artxibatu zituzten eta ez zuten inolako neurririk hartu", kritikatu du enpresak.
Izan ere, Tunela zeharkatzen ahalegintzen diren etorkinen kopurua handitu ahala, gogortu dira Frantziako Barne ministro Bernard Cazenneuve eta Eurotunnel enpresaren arteko liskarrak. Cazenneuvek "azpiegituretako segurtasuna bermatzeko" nahikoa ez egitea egozten dio enpresako zuzendaritzari; eta hark, berriz, "behar bezalako ahalegina" egiteko eskatzen dio Parisi.