EUROPARAKO IMMIGRAZIOA

Etorkinak gosez eta egarriz hiltzen ari dira Saharako basamortuan

Marokok basamortuan 800 etorkin inguru utzi dituela salatu dute Mugarik Gabeko Medikuek, horien artean zaurituak eta adingabeak; asilo eskaerak aztertzeko eskatu dio Madrilgo gobernuari NBEko Errefuxiatuentzako Komisariotza Nagusiak

Erredakzioa
2005eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hesia igarotzen saiatzen diren etorkinak basamortura eraman eta elikagairik eta laguntzarik gabe uzten dituztela salatu zuen herenegun MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak. SOS Arrazakeria erakundearen arabera, 24 hil dira jada basamortuan gosez eta egarriz. MSFk kopurua ez du zehaztu, baina dozenatik gora direla dio. MSFk Marokon duen ordezkari Javier Gabaldonen esanetan, Marokoko Armadak 800 etorkin inguru utzi ditu basamortuan, nora ezean, tartean zaurituak eta adingabeak. «Zaurituak behar bezala artatzen ez baditugu, ondorioak larriak izango dira, kasu batzuetan gorputzeko zenbait atal moztu beharko dizkiete». Gabaldoren arabera, Madrilen eta Rabaten arteko akordioak ez ditu etorkinen giza eskubideak bermatzen.

Espainiako Gobernua herenegun hasi zen etorkinak kanporatzen. Lehen taldean 73 bidali zituen Tangerrera. Horretarako, baina, Melillatik Espainiaren menpeko lurraldea, Ceuta bezala Malagara eta handik Algecirasera joan behar izan zuten aurretik. Atzo arratsaldean, berriz, goizaldean Granadatik (Espainia) gertu aurkitutako ontzi batean zihoazen beste 42 etorkin Marokora bidali zituzten. Ontzi berean zihoazen 11 adingabe Andaluziako Gizarte Zerbitzuen esku utzi zituzten. Ceutako kostaldean, berriz, sei pakistandar zeramatzan ontzi bat atzeman zuen Espainiako Guardia Zibilak. Zenbait iturriren arabera, Melillako hainbat etorkin penintsulara eraman zituzten.

Asiloa eskatzeko eskubidea

Marokoko Poliziak Saharaz hegoaldeko herrialdeetako 44 lagun atxilotu zituen atzo Al Haouz eskualdean. Horretaz gain, joan zen ostegunean Ceutan sartutako 60 immigrantek asilo politikoa eskatu zuten atzo hirian. Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeak asilo eskaerak errespetatzeko eskatu zion atzo Madrili. Pro Asyl Alemaniako giza eskubideen erakundeak ere salatu egin zuen etorkinak Espainiaren menpeko lurraldeetatik Marokora bidaltzeko erabakia. Haien esanetan, hitzarmen horrek Genevako Akordioa urratzen du. Akordioaren arabera, aterpea bilatzen dutenek asiloa eskatzeko aukera izan behar dute. «Irudikatzen dugu nola tratatuko dituzten etorkinakmugan dauden 2.000 soldadu marokoarrek».

UNHCR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Komisariotza Nagusiko arduradun Antonio Guterresek azaldu zuenez, nazioartea ez da gai giza laguntzaren eta garapenerako laguntzaren arteko tartea betetzeko, eta hori da immigrazioa eragiten duena. Guterres Espainiako Gobernuko ordezkariarekin bildu zen atzo, Marokotik Europara sartzen ari diren etorkinen gaiaz hitz egiteko. «Etorkin askok helburu ekonomikoekin joan nahi dute Espainiara. Baina baliteke horien artean babesa behar duten pertsonak ere egotea. Asilo eskariak aztertu egin behar dira», adierazi zuen Guterresek. UNCHRren baimena eduki arren Marokoko Poliziak Saharako basamortura bidali zituztela salatu zuten zenbait etorkinek. Marokoko Barne Ministerioak, baina, ukatu egin zuen halakorik: «Mota horretako dokumentu faltsu asko daude hemen. Agian, kasuren batean okertu egin garela? Ez dut uste. Baina egiaztatuko dugu eta, beharrezkoa bada, okerra zuzenduko dugu».Rabatek, duela gutxi arte, Aljeriarekiko mugan dagoen Oujda herrian uzten zituen etorkinak. Baina hura Melillatik gertu zegoen oso, eta egun gutxiren buruan itzultzen ziren hesiaren inguruetara. Ondorioz, azken gertakarien ostean, Oujdatik hegoalderago uzten dituzte, Saharako basamortuaren erdian. Kongoko Philippe Tamouneke asteazkenean atera zuten Oujdatik, autobusez. Haren esanetan, egun hartan dozenaka autobus atera ziren herri hartatik basamortu aldera. Maiz 12 ordu inguruko bidaiak egin behar izaten dituzte.«Marokon eta beren herrialdeetan tratu txarrak jasan dituztenek ezin izaten dute Ceutan eta Melillan asiloa eskatu, hesiak uzten ez dielako», salatu zuen Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak Espainian duen arduradun Esteban Beltranek. Herenegun tiroz hildako sei etorkinen heriotza ikertu ez izana ere leporatu zion Rabati: «Heriotza horiek ezin dira zigorrik gabe utzi. Hala ere, Marokok ez du ikerketarik hasi». Horretaz gain, Espainia etorkinak samaldaka kanporatzen ari dela eta hori legez kanpokoa dela ere salatu zuen Beltranek.

Datua





100

Lampedusako kostaldean (Italia) 100 etorkin inguru zeramatzan ontzi bat aurkitu zuen atzo Poliziak. Bestalde, uharte hartako etorkinentzako aterpearen inguruko erreportaia batek eztabaida piztu du. l'Espresso aldizkariak aterpean daudenen egoera tamalgarria dela eta etorkinek gehiegikeriak jasan behar dituztela salatu zuen. Amnesty Internationalek eta oposizioak kontuak eskatu zizkioten Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.