Mediterraneoan gertatzen ari diren ezbehar ugariren aurrean, hainbat neurri hartzen ari Europako Batasuna, azken asteetan. Igaro den astean, Europako Batzordeak kuota bidezko sistema bat proposatu zuen etorkinak banatzeko. Bada, gaur eginiko batzarrean, EBko atzerri ministroek onartu egin dute "trafikatzaile sareen" aurkako operazioa martxan jartzea. Federica Mogherini EBko atzerri politikarako arduradunak espero du aste gutxiren buruan abiaraztea.
Mogherinik batzarraren aurretik adierazi du neurriaren helburua ez dela Libian esku hartze militar bat egitea: "Ez dago gure aukeren artean. Itsas operazio bat egin nahi dugu, pertsonekin trafikatzen duten sare kriminalak desegiteko".
Atzerri ministroek onartutako txostenak jasotzen duenez hiru fase izango ditu operazioak. Lehen fasea, "informazio bildu eta partekatzean" oinarrituko da, eta itsas zabalean patruilatuko dute "legez kanpoko sareak topatzeko". Bigarren fasean, barku "susmagarriak" desbideratu ahal izango dituzte. Hirugarren, eta azken fasean, "beharrezko neurri guztiak" hartu ahal izango dituzte "trafikatzaileen barkuei" eraso egiteko. Errusiak, esaterako, gehiegizko neurria iruditzen zaiola esan du aurreko asteetan.
Urteko lehen lau hilekoan ia 2.000 etorkin hil dira Mediterraneoan.