Etorkizun ziurgabea Sirian

Gobernuaren jarrera baztertzen dutenek eta hainbat atzerritarrek osatzen dute Siriako Armada Askea, baina, batez ere, jende arruntak, zeinak egun batean erabaki zuen armak hartzea.

Abu Khaled Siriako Armada Askeko kidea. SERGI CABEZA.
Alepo
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Abu Khaledek armak hartu zituenean, iazko irailean, ezin zuen imajinatu Sirian bueltaka ihesean ibiliko zenik, armada librearen batailoiekin bat egin ondoren, eta bere seme-alabekin egoteari uko egin behar izango zionik. Haren istorioa, tragediak markatutakoa, herrialdean dauden beste istorio askoren antzekoa da: modu baketsuan protesta egiten hasi zen, eta, gero, borroka armatuari ekin. Orain, haren etorkizuna herrialdeak markatzen du. Siriako Armada Askeak irabazten badu, beste herritar soil bat izango da. Baxar al-Assadek bere indarra ezartzea lortzen badu, batek daki zein izango den haren etorkizuna.

Abu Khaledek —nahiago du benetako izena ez eman—, betaurrekoen denda pare bat zuen Homs hirian. Negozioa ongi zihoakion, eta langileak zeuzkan. Ezkondua zegoen, eta 4 urteko mutil bat eta 3 urteko neska bat zituen; 28 urterekin, zoriontsu zen, «iraultza» hasi zen arte. Lehen sei hilabetean, inguruko askok bezala, erregimenaren kontrako manifestazioetan parte hartu zuen, baina errepresioak eta bere lagun batzuen hilketek ideiez aldarazi zuten.

«Egun batean, armadak auzoan postu bat ezarri zuen, eta talde bat sortzea erabaki genuen, hura botatzeko», dio Abu Khaledek. Zazpi lagun ziren, eta beste horrenbeste metraileta erosi zituzten, bakoitza 300 dolarren truke. Postuari eraso eta hamabost egunera, hartu egin zuten. Arrakastak, ordea, ez zien luzaroan iraun, urriaren erdialdean zazpi horietatik lau hil egin baitzituzten, eta beste hirurak atxilotu. «Torturatu egin gintuzten, lepoan eta giltzurrunetan joz. Gutako bat atxilotuta zegoela hil zen». Bera bi aste geroago aske utzi zuten, 7.000 dolar ordainduta.

Torturak zantzuak utzi zituen Khaleden gorputzean; ezin ibili egon zen: «Bi hilabetez etxean geratu nintzen, baina ez nintzen osatzen, eta neukan diru guztia gastatu behar izan nuen, Libiara sei hilabeterako joateko, tratamendua jasotzera», azaldu du bizkarreko zauriak erakusten dituen bitartean. «Oraindik ere arazoak dauzkat korrika egiteko».

Borrokara itzulera

Bere egoerak atzera bueltarik ez zuela ikusita, eta terroristei laguntzeagatik salaketari aurre egin beharko ziola jakinda, itzultzea erabaki zuen. Joan den uztailean, Turkia Latakia kostako eskualdetik bereizten duten mendietara itzuli zen. Han, brigada errebelde batean sartu zen, Siriako Armada Askearen izenean aritzen den Ansar al-Din joera islamistako taldean.

«Han, gerrilla egiten genuen, mendietatik haranetara jaitsita». Gogoan du operazio arrakastatsuen kopurua %40 izan zela; haren ustez, ehuneko baxua. «Operazio bakoitzeko sei eta bederatzi ordu artean ibili behar izaten genuen, eta nekatuta iristen ginen. Gainera, eremu zailak ziren». Haren batailoia 55 kidek osatzen zuten, horien artean, soldadu, sendagile eta atzeragoardia, eta «herrialdetik kanpo zeuden siriarrengandik» jasotzen zuten dirua.

Baina Abu Khaled ez zen gustura geratu bere brigadarekin, eta Alepoko borroka gogortzen ari zela jakin zuenean, han parte hartu nahi zuela erabaki zuen. Horregatik, duela hamar egun Al-Bab hirira joan zen, Armada Askeak bereganatua baitzuen. Han, kativa batean sartu zen,kide gutxi duen matxino talde batean, Alepora sarraldiak egiteko. Alepora sartu ziren azken aldian, aste honetan bertan, Abu Khaled alde zaharrean borrokatu zen; eta duela aste batzuk ari dira posizio estrategiko bat hartu nahian. Handik, hiri osoa kontrolpean hartzen duen muino batetik, gobernuaren armadak etengabe jaurtitzen ditu morteroak, matxinoei kontrola hartzea eragotziz.

Abu Khaled atseden hartzen ari da egunotan Al-Baben, Homs ingurura itzultzeko asmoz, bere etxera. «Orain Alepon borrokatzen ari naiz, baina Homsera itzuliko naiz. Berdin dio non borrokatzen naizen, nire herriko edozein lekutan». Bere barruan «agian»emaztearekin eta seme-alabekin elkartzeko aukerari leku bat egiten dio, hamar hilabetean ez ditu ikusi eta. Badaki zaila izango dela,hiriaren zati handiena armadak hartua duelako.

Gerraren arrastoa

«Ez dakit inor hil dudan; tiro asko egin dut». Abu Khaledek irribarrea galdu gabe hitz egiten du ia beti. «Nolanahi ere, erregimenaren soldaduak etsaiak dira, eta, beraz, hil egin behar ditugu», jarraitu du: «Baina ez pentsa basatiak garenik. Behin bost soldadu harrapatu genituen, eta inor hil zutela erakusteko frogarik ez genuenez, Latakiako atxilo zentro batera bidali genituen».

Abu Khaled ziur dago Armada Askeak gerra irabaziko duela. Are gehiago, bere buruan ez da beste aukerarik sartzen. Kexu bakarra du: borroka eremuan bi aldeen arteko baldintzen desoreka izugarria dago, haren ustez. «Gerrak sei hilabete gehiago iraungo du, baina eurek dituzten armak edukiko bagenitu, hilabetean amaituko genuke».

Eta gerraren ondoren, zer? «Gerraren ostean kaosa izango da, baina siriarrak ongi hezitakoak gara, bihozberak; beraz, ez da mendekurik izango etsaiaren aurka». Dena den, denbora asko dago oraindik gerra ondorengoa iritsi arte, eta Sirian bizirik irauteko egunerokoak ez die etenik uzten. Bi aldeek badakite irabazi edo bestela hondamena datorrela.

Abu Khaledek ziurtatu du ez dagoela gerrarekin nekatuta, «kontrakoa» baizik. Kanpotik sendo dagoela nabari da, bizi eta bizitzeko gogoz. Ez du hitz eta keinu txar bakar bat ere, eta barre errazekoa da. «Bukaera arte borrokatuko naiz». Ziurtasunez esan du hori, eta aitortu ere bai bizitza egunero jokoan jartzeko benetako arrazoia zeinden: «Nire haurren argazkia ikusten dudanean dena ahazten zait, eta negarrez ere hasten naiz».

Homsera itzultzea erabakitzen duenean, bidea tranpaz beterik izango du. Litekeena da horiek saihestea eta ongi amaitzea. Litekeena da horietako batean erortzea, eta Siriako matxinadak eragindako hildakoen zerrenda luzean beste anonimo bat izatea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.