Hugo Chavez presidentearen arerioak aurpegia du Venezuelan igande gauaz geroztik: Henrique Capriles Radonski du izena. Emaitzak jakin bezain laster, oposizioaren primarioak galdu dituztenekin batera agertu da jarraitzaileen aurrera, batasun irudia ematera, «gaur Venezuelan etorkizunak irabazi du» ozen esanez. Oposizioak bat egiteko zailtasunak iragana direla erakutsi nahi izan dute MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiaren bozetan lehiatu diren bost hautagaiek, eta urriaren 7ko presidentetzarako hauteskundeetarako lehia gogorra izango dela iragarri.Oposizioaren aldekoen Caprilesenganako babesa behintzat argi geratu da: botoen %63,9 eskuratu ditu.
Gertuen izan duena oso urrun geratu zaio: Pablo Perezek botoen %30,6 eskuratu ditu, eta hirugarrenak, Maria Corina Machadok, %3 besterik ez. Emaitzez gainera, parte hartzearekin «oso pozik» dago oposizioa. Bozka zezaketenen hemezortzi milioi biztanleren artean, bi milioi boto inguru jasotzea espero zuten, eta 2.827.040 eskuratu dituzte. Oposizioaren aldeko iritzi emaileek diote presidentetzarako bozak oso borrokatuak izango direla.
Oraindik, ordea, oso goiz da aurreikuspen errealak egiteko, eta, gainera, oposizioa kanpainan izan den bitartean, gobernuak makineria osoa martxan jarri du, eta inkestek esan dute aspaldiko babesik handiena duela: %60 inguru. Chavezen ezustekoak emateko gaitasunaren beldur ere bada oposizioa. Horretaz jakitun, Caprilesek lehen unetik batasun nazionalerako deia egin du, kanpainan egin bezala: «Venezuelarrak nazkatuak daude liskarrez», eta, horregatik, «herrikide guztien» konfiantza irabazi nahi du, berdin dio zein koloretakoak diren, «eskuin edo ezkerreko».
Garaipenaren bidean, hark nabarmendu duenez, ez da xantaiarentzat lekurik egongo, ez presiorik, ezta oztoporik ere: «Ez dugu beste baten argia itzali behar geurearen diztira ikusteko». Chavezen aipamenik egin gabe harentzako hitzak izan ditu horiek, eta beste batzuk ere bai: ez duela munduko liderra izan nahi, Venezuelakoa baizik, eta beste hau: «Boterea mailegu bat da, ez da bakar batena».
Chavezen aurka borrokatzeko, elkartasuna eta laguntza eskaini diote berehala primarioetan lehiakide izan dituenek; besteak beste, Perezek. «Une honetatik bertatik Henriqueren ondoan nago Venezuela berreskuratzen laguntzeko».
Perez eta gainerako hautagaiez gain, deigarria izan da Leopoldo Lopezen agerpena oholtzan, irabazlearen ondoan denbora osoan. Lopez zen, duela ez askora arte, oposizioaren apusturik sendoena, baina, inhabilitazio politikoaren ondorioz, ez aurkeztea erabaki, eta Caprilesen alde jarri zen. Bi buruzagien artean egindako aliantzaren berri eman ez duten arren, ez dago dudarik zeregin garrantzitsuak izango dituela Caprilesen alboan. Hari ere politikagintzan etorkizun handia iragartzen diote adituek.
Gobernuaren erantzuna
Igandean, primarioak egin bitartean, Hugo Chavez Araguan egon da, La Victoria batailaren 198. urteurrena eta Gaztediaren Eguna ospatzen. Urriko presidentetzarako bozak izan ditu aipagai; ez, ordea, oposizioaren primarioak. Gobernuan izan den hamahiru urtean subiranotasuna berreskuratu dutela eta, «ezin da inolaz ere onartu atea ixtea berriz; ezin dugu independentzia galtzea onartu».
MUDi aipamenik egin gabe, klase ertainari hitz egin dio Chavezek, oposizioak kendu diezaiokeen taldeari: «Venezuelako klase ertainak klase abertzalea izan behar du, burgesia alboratu, eta herrira gerturatu behar du, batasun abertzalea eraikitzeko».
Chavezek ez bezala, Venezuelako presidenteordeak Elias Jauak ongietorria egin dio Henrique Caprilesi: «Eskuinak badu hautagaia; ongietorri batailara, baina prest egon herri bolivartarraren garaipen handia jasateko». Bozetan Hauteskundeen Kontseilu Nazionalaren eta armadaren egitekoa goraipatu izana eskertu dio oposizioari, eta, bide batez, eskatu dio Chavezek irabazten duenean ez jartzeko zalantzan haien eginkizuna. Borroka hasi da.
«Etorkizunak irabazi du»
Henrique Capriles nagusitu da Venezuelako oposizioaren bozetan, botoen %63,9rekin; parte hartzea uste baino handiagoa izan daPresidentetzarako hauteskundeetan Chavezen kontra borroka gogorra iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu