MunDUA

Etorkizunaren Mugimendua koalizio sunita garaile Libanoko bozetan

128 diputatuetatik 71 lortu ditu FMk, eta 57 Hezbola xiitak.

2009ko ekainaren 8a
17:13
Entzun
Libanoko indar sunita gehienak bateratzen dituen koalizioak irabazi ditu atzo han Parlamenturako egindako hauteskundeak: FM Etorkizunaren Mugimenduak. Aditu batzuek zioten Hezbola alderdi eta milizia xiita izango zela gailen -Amal alderdiarekin aurkeztu da koalizioan-, baina huts egin dute.

Aurreko legealdian ere FM izan zen Parlamentuan nagusi. "Libano demokratikoarentzat egun handia da", esan du gaur Saad Hariri Etorkizunaren Mugimenduko buruak. Libanoko Barne Ministerioak gaur emandako datuen arabera, 128 diputatuetatik 71 lortu ditu FMk -Ameriketako Estatu Batuen eta Saudiar Arabiaren babesa du-, eta 57 Hezbolak -Iranen eta Siriaren babesa dauka-. Honek aitortu du galdu egin dituela hauteskundeak. 2005eko bozetan FMk 72 aulki erdietsi zituen, Hezbolaren koalizioak 58.

Hauteskunde egunean ez zen aparteko gertakaririk izan. Hiru milioi libanoar inguru zeuden botoa ematera deituta.

Libanon 18 erlijio sekta daude, eta legeak zehazten du bakoitzari agintean dagokion tokia. Presidenteak kristau maronita behar du izan; gobernuburuak, musulman sunita; eta Parlamentuko buruak, xiita. Horretaz gain, 128 diputatuetatik erdiek musulmanak izan behar dute eta beste erdiek kristauak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.