Etsaia ezagutzeko beharrizana

Erresuma Batuko paraxutistekin borrokatu zen Vincent Bramley Malvinetan. 1994an Argentinara bidaiatu zuen, hango soldaduak elkarrizketatzeko.

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Vincent Bramley Erresuma Batuko armadako paraxutista zen Malvinetako gerran. Longdon mendiko borrokaldian parte hartu zuen, gerrako odoltsuenetakoan. 1993an Buenos Airesera bidaiatu zuen bertze bi kide ohirekin batera. Telebistan agertu ziren hirurak, 1982an, Longdon mendiko borrokaldian aurrez aurre izan zituzten bertze bi soldadu ohi argentinarrekin batera. «Gure bisitaren helburua zen erakustea gerran egon diren bi naziotako soldaduak adiskidetasun giroan agertzeko gai direla, gobernuen manipulaziorik edo esku hartzerik gabe»; hala adierazi zuen Bramleyk. Esperientzia horrek bultzatuta, liburu bat idaztea erabaki zuen paraxutista ohiak, bataila berean elkarren aurka borrokatu ziren soldaduen testigantzak bilduz: Two Sides of Hell (Infernuaren bi aldeak).

Argentinako kazetari batzuen laguntzarekin, hango beteranoekin harremanetan paratzea lortu zuen Bramleyk, eta, 1994an, berriz ere Buenos Airesera bidaiatu zuen, argentinarrak elkarrizketatzeko. «Nik dakidala, inoiz ez da idatzi honelako liburu bat, hau da, egileak iraganean aurrez aurre zituen pertsona berak elkarrizketatzen ditueneko bat»; hala idatzi zuen liburuaren hitzaurrean. Hasieran, Bramleyk zalantzak zituen argentinarrek nola hartuko ote zuten; baina duda guztiak uxatu zizkioten. «Bisitatu nuen etxe bakoitzean eskua gogor eman zidaten, besarkatu egin ninduten, eta, niretzat hunkigarriena izan zena, irribarre adiskidetsuak egin zizkidaten. Inon ez zidaten susmo txarrik hartu, edo adeitasunik gabe jokatu».

Etsaiekiko desadostasuna

Elkarrizketatu zituen argentinarrak soldaduska egiten ari zirela bidali zituzten gerrara. Bramley, Erresuma Batuko denak bezala, profesionala zen. Etsai zituenak nolakoak ziren, nolako esperientzia izan zuten ezagutzeko nahiak, ordea, ez du erran nahi haiekin ados zegoela. Izan ere, Bramleyk argi du «demokrazia eta Malvinetako biztanleen askatasuna defendatzeko» joan zirela gerrara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.