Madagaskarko hiriburuan, Antananarivon, lau egunez jarraian izan dira liskarrak. Hala ere, Marc Ravalomanana presidenteak eta Andry Rajoelina Antananarivoko alkateak protestak amaitzeko dei egin dute, eta elkarren etsai diren bi agintari horien eskariari men eginez erantzun diote herritarrek. Datuek, baina, liskarren norainokoa utzi dute agerian: gutxienez 91 lagun hil dira. Gehienak saltoki gune bateko sutearen ondorioz; gainontzekoak, herrialdeko beste hainbat gunetan piztutako suteetan edo Poliziak tirokatuta galdu dute bizia.
Zaurituak ere dozenaka izan dira oposizioaren eta Gobernuaren arteko aurrez aurrekoetan. Eta kalte material handiak eragin dituzte: dozenaka eraikin suntsitu dituzte, Ravalomananaren telebista kate pribatuaren bulegoak, besteak beste. Hala ere,lau egunez izandako borroken ondotik herritarrak liskarrak berriro piztuko diren beldur dira.
Krisi politikoa
Hilaren 25ean hasi ziren liskarrak. VIVA irrati katea ixteagatik protesta egiteko asmoa zuten Rajoelinak eta haren jarraitzaileek. Mitina, baina, debekatu egin zuen Gobernuak. Antananarivoko alkateak «diktadura» ezarri nahi izatea leporatu zion presidenteari, eta greba orokorrera deitu zuen. Ez zen lehenengo aldia Gobernuak Rajoelinaren komunikabide bat ixten zuela: VIVA aurretik, telebista kate bat ixteko agindu zuen iazko abenduan.
Egoerak okerrera egin zuen, Poliziak esku hartzea erabaki zuenean. Indarkeriak goia jo zuen; Ravalomanana presidente aukeratu zutenetik, 2001etik, ez ziren halako borrokak izan herrialdean. Eta gertatzen ari zena ikusita, Hegoafrikako bidaia bertan behera utzita, herrialdera itzuli zen asteartean presidentea -Zimbabweko krisiaren inguruko bileran parte hartu behar zuen Ravalomananak-. Madagaskarren zela, indarkeria sustatzea leporatu zion etsai politikoari. «Kalte handiagoak ekidite aldera», gainera, armadak esku hartzeko agindu zuen.
Bizitza paraleloak
Ravalomananaren eta Rajoelinarenarteko etsaitasuna agerikoa bada ere, badute elkarren antzeko egiten dituenik: ibilbide politiko antzerakoa egin dute batak zein besteak. Ravalomanana alkate gazte eta handizalea izan zen. Eta horren telebista kateak emandako sostenguari esker, 2001ean presidentetza eskuratu zuen. Hauteskunde polemikoak izan ziren haiek: hautagaiek elkarri iruzurra leporatu zioten, eta sei hilabetez krisi politikoa nabarmena egin zen. Azkenean, auzitegi batek Ravalomananaren garaipena berretsi zuen.
Eta Rajoelinak haren urratsak jarraitu ditu. 34 urterekin hiriburuko alkate da, eta telebista kate baten jabe. Badirudi orain bera dela Ravalomanana agintetik egotzi nahi duena, azken horrek bere garaian egindako ahalegin berberak eginda.
Gatazkaren muina
Bi buruzagi politikoren arteko etsaigoa baino zerbait gehiago da Madagaskarren daukatena, hala ere. Manifestariek kaleak indarrez hartu badituzte, gizarteandagoen ezinegonagatik hartu dituzte. Izan dira, hala, protestak Gobernuak Hego Koreako Daewoo Logistics multinazionalarekin sinatu berri duen kontratuaren aurka egiteko baliatu dituztenak. Hau ez da garapena, hau lapurreta da leloak Rajoelinaren kausara bildu ditu asko. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak berak ere ez du ontzat jo kontratu hori.
99 urtean Daewoori 35 milioi hektarea lur ustiatzeko ahalbidea eman dio Madagaskarko Gobernuak. Uhartean landu daitekeen lurraldearen erdia alokatu dio. Trukean Hego Koreako multinazionalak 5.000 milioiko inbertsioa egingo du herrialdean datozen 25 urteetan.
Financial Times egunkariaren arabera, baina, kontratuaren xedea ez da Hego Korearen elikadura segurtasuna bermatzea baino. Egunkari horrek lapurretatzat jo du hitzartutakoa. Izan ere, Madagaskarko herritarren baliabideak hipotekatu eta milaka abeltzain beren lurretatik ateratzera derrigortuko dituzte.
Etsaitasun politikoaren krisia
Madagaskarren krisi politikoa piztu da, hiriburuko alkateak deituta Gobernuaren aurka protestak hasi dituztenean. Lau egun eta gero egoera baretu da, baina luzerako izango ez den beldur dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu