parisko atentatuen ondorena

Etxe bat miatu dute Euskal Herrian, Parisko erasoen harira

Pirinio Atlantikoetako prefeturak ez du zehaztu non dagoen arakatutako etxea. John Kerry AEBetako Estatu idazkaria François Hollande Frantziako presidentearekin bildu da Parisen. Nazioarteko aliantzaren alde egin du Kerryk. Hollandek, berriz, Putinekin adostu du EIren aurkako erasoak koordinatzea. Europako Batasuneko estatuek laguntza berezia ematea onartu dute.

François Hollande eta John Kerry gaur, Parisen. IAN LANGSDON / EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko azaroaren 17a
07:27
Entzun

AEBek ere nahi dute Estatu Islamikoaren kontrako nazioarteko aliantza bat. Hala esan du gaur, Parisen, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak. Frantziako presidente François Hollanderekin bildu da Kerry Frantziako hiriburuan. Biek ala biek adierazi dute elkarlanean jardungo dutela “EIren terrorismoaren” kontra. Besteak beste, informazioa partekatzea adostu dute.

Nazioarteko aliantza horretan Errusiak ere parte hartzea nahiko luke Kerryk. Era berean, Turkiaren rolaz ere mintzatu da AEBetako estatu idazkaria. Mugak "hobeto" kontrolatu beharko lituzkeela esan du, besteak beste.

Hollande datorren astean joanen da Washingtonera eta Moskura Barack Obama eta Vladimir Putin presidenteekin nazioarteko aliantza komun horri buruz hitz egitera; hilaren 24an batzartuko da Obamarekin, eta 26an Putinekin.

Bilera egin aurretik ere hasi da Hollande Putinekin elkar ulertzen. Frantziako eta Errusiako presidenteek adostu dute Estatu Islamikoaren aurkako erasoaldiak koordinatzea Sirian.

42.7 artikuluaren babesa

Bien bitartean, Europako Batasuneko Defentsa ministroen gaurko bilkuran, 42.7 artikuluaren babesa eskatu du Frantziak. Halako eskaera bat egiten den lehen aldia da. Batasuneko itunen baitako artikulu horri esker, beste estatuen laguntza bermatzen da eraso terrorista bat jasan duen estatuaren alde. Jean-Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroak egin du eskaera.

Gainerako herrialdeek harrera ona egin diote eskaerari. "Gaur Frantziak laguntza eskatu du, eta Europa osoak baturik baietz erantzun dio", adierazi du Federica Mogherini EBren diplomazia buruak.

Defentsa ministroak Frantziarekin informazioa partekatzeko prest agertu dira. Bakoitzak ahal duen neurrian eta nork bere baliabideekin lagunduko duela zehaztu dute. Frantziaren eta gainerako beste herrialdeen artean, banaka, antolatuko dute laguntza. Le Drian Frantziako Defentsa ministroaren arabera, baliteke Siria edota Iraken esku hartzeko laguntza eskatzea.

Europaren ulermena eskatu du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak defizit publikoa murrizteko konpromisoa ezingo dutela bete esan eta gero. Terrorismoaren kontra aritzeko gastuak handitu beharko dituztela-eta ezingo dute bete konpromiso hori. Europako Batzordeak oniritzia eman dio eskaerari. 

Zazpi atxilotu

Alemanian, berriz, bost lagun atxilotu dituzte Alsdorfen, Belgikako mugatik gertu. Hasiera batean uste bazen ere atxilotuek Parisko erasoekin lotura izan zezaketela, informazio hori ukatu du Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministroak. Aurrena, hiru atxiloturen berri eman dute polizia iturriek. Horiei buruz, Aachener Zeitung egunkariak zabaldu duenez, bi emakume eta gizonezko bat dira atxilotuak, eta hirurak zihoazen autoa inguratu dute Poliziaren hainbat ibilgailuk. Hala ere, ukatu egin dute atxilotutako gizona Salah Abdeslam izatea; nazioarteko atxilotze agindua eman dute Abdeslamen aurka.

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak goizean France Info irratian adierazi du bart beste 128 etxe miatu dituztela Frantziako Estatuan. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak BERRIAri baieztatu dionez, horietako bat Euskal Herrian izan da. Ez du zehaztu non, eta ez du informazio gehiago zabaldu nahi izan ere.

Cazeneuvek esan du atzoko polizia operazioaren jarraipena dela, eta, beraz, ez dute lotura zuzenik ostiraleko atentatuekin. Dena dela, bide beretik jarraituko dutela esan du, haren esanetan, eraso jihadistak saihesteko politika prebentiboekin. 115.000 polizia eta soldadu lanean jarri dituztela zehaztu du.

Era berean, bart gauean berriro bonbardatu dute Siriako Raqqa hiria. Frantziako armadak ez ezik, AEBetako armadak ere egin ditu Estatu Islamikoaren kokaguneen kontrako bonbardaketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.