Atentatuen beldurra AEBetan

Etxe Zuriaren hustutzea eragin duen "alarma faltsua" radarren akats batek eragin du

Hasiera batean Etxe Zuriaren inguruko aire eremu debekatuan hegazkin bat sartu dela zabaldu bada ere, AEBetako presidentearen egoitza hustea eragin duen alarma faltsua ez duela horrek piztu azaldu dute agintariek. Aitzitik, radarren akats batek sortu dutela arazoa. Fenomeno atmosferikoei edota hegaztiei egotzi diete akatsa. Nolanahi ere, agintariek ohar ofizial hori egin baino lehenago, aire eremu debekatuan sartu den hegazkinari buruzko zehaztasun franko eman ditu Etxe Zuriko Zerbitzu Sekretuko bozeramaile batek.

2003ko azaroaren 20a
19:33
Entzun
Wiiliam Shumann AEBetako Abiazio Administrazio Federaleko bozeramaileak azaldu duenez, ez da hegazkinik sartu Etxe Zuriaren inguruko debeketatutako aire eremuan. Aitzitik, alarma radarren akats batek sortu duela ziurtatu du, eta, akats hori, fenomeno atmosferikoren batek, edo bestela, hegaztiek, eragin dutela agertu du. Shumannen arabera, alarma piztu eta berehala ustez hegazkina zegoen lekura hurbildu diren Armadako hegazkinek ez dute ezer topatu.

Shumannen azalpenak, ordea, kontraesanean daude Jean Mitchell Etxe Zuriko Zerbitzu Sekretuetako bozeramaileak agertutakoekin. Izan ere, ustez aire eremu debekatuan sartu den hegazkinari buruzko hainbat xehetasun eman ditu Mitchellek Shumannek hitzaldia egin aurretik: besteak beste, Etxe Zuritik zortzi kilometrora egotera heldu dela, eta, gero, hego-ekialderako norabidea hartuta urrundu dela.

Alarma piztu denean Etxe Zuria jendez husten hasi dira, baina egoera horrek denbora epe txiki bat iraun du; hain zuzen ere, barruan zegoen jende guztia aterarazi baino lehen hartu dute segurtasun agindua bertan behera uzteko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.