Etxe Zurira gonbidatu ditu Obamak Alderdi Errepublikanoko buruzagiak

Bushen garaiko zerga murrizketen ingurukoa izango da Kongresu berriak eztabaidatu beharko duen lehen gaia

Erredakzioa
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Astearteko porrotaren ostean, itxaropentsu ageri zen atzoAEBetako presidentea. Horiek hala, eta datorren urtarrilera arte Kongresuko bi ganberek bere horretan jarraituko duten arren, elkarlanerako gonbita egin zien Barack Obamak buruzagi errepublikanoei, eta lehen elkarrizketetarako eguna jarri zuen. Hilaren 18an izango dira, Etxe Zurian bertan. Han izango dira azken bozei esker herrialdeko buruzagi nagusi bilakatu direnak: Ordezkarien Ganberako presidente izango dena, John Boehner, eta haren bigarrena, Eric Cantor; eta Senatuko errepublikanoen burua Mitch McConnell. Demokraten ordezkari gisa, berriz, han izango dira Ordezkarien Ganberako presidente kargua uztekotan den Nancy Pelosi, ganbera horretako demokraten buru Steny Hoyer, eta Senatuko presidente Harry Reid.

«AEBetako herriaren agendarekin nola jarraituko dugun aurrera erabaki behar dugu. Argazkia ateratzeko aukera bat baino gehiago izango da», nabarmendu du Obamak. Estatuburuak hauteskundeetako emaitzak jakin eta berehala egin zion elkarlanerako keinua oposizioari. Hark, baina, ez dio baiezko erantzunik eman orain artean.

Lehen koska

Demokratek proposatzen duten elkarlan horrek, hala ere, laster igaro beharko du bideko lehen oztopoa. Izan ere, George Bush presidente zen garaiko zerga murrizketak abenduan iraungiko dira, eta horiekin jarraitzekotan akordiorenbat lortu beharko dute bi aldeek.

Errepublikanoek bere horretan eutsi nahi diete murrizketei; demokratek, aldiz, mantendu egin nahi dituzte erdiko klaseentzat, baina bertan behera utzi urtean 250.000 dolar baino gehiago irabazten dituztenen kasuan. Obama bera murrizketei bere horretan eustearen aurkakoa da, baina, zenbait iturriren arabera, prest legoke horiek urtebetez edo bi urtez luzatzeko. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hilaren 18an mahai gainean egongo den gaietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.