Gerrak jarrera hartze eskatzen du: norberaren alde ez dagoenari, bestearentzat aritzea leporatzen dio bando bakoitzak, eta, azkenean, denak ditu bere aurka bide propioa egin nahi duenak. Kolonbian ere, gerra bi bider egokitu zaie gobernuaren aurka, baina borroka armatura jo gabe erresistentzian diharduten mugimenduei; esaterako, indigenei eta nekazariei. Armadaren eta gerrillen arteko suaren erdian egotea egokitu zaie maiz, eta bi aldeetatik jaso dituzte erasoak: indarrezko lekualdatzeek, desagerpenek eta mehatxuek geroz eta espazio gehiago jan diete.
Izan ere, Kolonbiako gatazka auzi armatutik askoz harago doa indigenentzat. Eurentzat sakratua den lurra galtzea esan nahi izan du mendeetan; erasoen ondorioz, kolektibo gisa dagozkien eskubideak ez ezik, sarritan euren bizitza ere ikusi dute arriskuan. Horregatik, eurak ere gatazkaren erdi-erdian daudela ulertuta, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko bake negoziazioetan parte hartzeko aukera eskatu dute indigenen elkarteek.
Asteburu honetan amaitu da Kolonbiako Herri Indigenen VIII. Biltzarra, ONIC Kolonbiako Indigenen Erakunde Nazionalak antolatuta. Sakon aztertu dute han Kolonbiako gatazka; auzi armatuaren atzean zer dagoen, eta nola eragiten dien. Emaitza argia izan da: bakea ez da soilik gerra armatua geldituta etorriko, gerra ez delako soilik tiroekin egiten. Lurrik, oinarrizko eskubiderik eta aitorpenik gabe uztea ere bada herri bat hiltzeko modua.
Duela bostehun urteko prozesu kolonialistak dakartzate gogora gaur egungo indigenak mehatxatzen dituzten politikek. Mendeetan, geroz eta gehiagok utzi behar izan dituzte behinola etxetzat zituzten haran emankorrak. Lurjabe handi gutxi batzuek hartu dituzte nekazaritza lur gehienak, eta atzerriko enpresek ustiatu dituzte Kolonbiako baliabide naturalak. Juan Manuel Santos presidenteak asteburu honetan eskatu die barkamena herri indigenei, 1912. eta 1929. urteen artean Kolonbia hegoaldeko kautxu ustiaketetan gertatutako txikizioengatik. Julio Cesar Arana perutarraren enpresak ehunka mila indigena behartu zituzten lanera; Santosek onartu duenez, haietako asko torturatu eta hil zituen.
Koka sailak ere izan dira talde paramilitarren eta gerrillarien arteko tirabiraren gune garrantzitsu bat, guztiek menderatu nahi dituzten eskualdeak baitira halako baliabideak dituztenak. Gatazka horren erdi-erdian egonda, apurka, lurrak eta kideak galtzen joan dira jatorrizko talde etnikoak; gaur egun, denera, milioi bat baino gehixeago dira Kolonbiako 102 komunitate indigenetako kideak, mendiko eskualdeetan zokoratuta.
Armadak eta paramilitarrek egindako sarraskiez gain, gobernuak ere baztertu egiten dituela salatu izan dute, pobreziara kondenatuz. Ez dira baliabide naturalen jabe; Kolonbiako lurren %65 herritarren %0,4en artean banatuta daude, eta multinazional handiek ustiatuta. Lekualdatutako biktimei euren lurrak itzultzeko erreformek ere egoera hori areagotu baino ez dute egin sarritan, eta nonahi ikusten dituzte atzerriko enpresen egoitzak, Kolonbian nork agintzen duen gogoraraziz; Espainiako PP alderdiak ere badu bulegoa Bogotan.
Gatazkaren aitzakian
Hortik sortu dira Kolonbiako Gobernuaren kontrako mobilizazio gehienak: elite politikoaren eta enpresa multinazionalen mesedetako politikak salatzeko. Baita, hasiera batean, FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak ere. Gatazka armatuaren aitzakian, ordea, gobernuak gogorrago jo du bestelako ekimen zibilen aurka; paramilitarren biktima ohikoenen artean daude ikasle mugimenduetako buruak, sindikalgintzakoak eta nekazarien eskubideen aldeko ekintzaileak. Komite Internazionalistek emandako datuen arabera, denera 9.500 preso politiko daude Kolonbian, baina horietatik %10 baino ez datoz borroka armatutik.
Aitzakia horrek militarizazioa handitzeko ere balio izan du: aipatutako iturrien arabera, Kolonbian, 425.000 militar daude. Alderaketa bat egiteko: irakasleak 325.000 dira.
ECMIA Ameriketako Emakume Indigenen Topagune Kontinentalak gogorarazi du Nazio Batuen Erakundeak eskubide jakin batzuk aitortzen dizkiela indigenei: batetik, ezin dituztela lekuz aldatzera behartu, haien onespenik gabe; bestetik, eurei zuzenean eragiten dien edozein erabakiri buruz galdetu behar zaiela. Historiak adarjotzetzat ditu eskubide horiek: azken urteotako gatazken ondorioz, 5 eta 6 milioi artean dira etxea utzi behar izan duten kolonbiarrak, eta, ONICen arabera, jada 40 pertsona hil dira aurten Cauca eskualdean. Armada, paramilitar eta gerrillarien arteko gerrakkomunitate indigenei gehien erasaten dien lurraldea da Cauca.
Larunbatean, agiri bat argitaratu zuen ONICek 40. hilketaren harira. Galdera argia egin zien, bai gobernuari, eta bai FARCei ere: «Zein bakez ari zarete, eta zein bake negoziatu nahi duzue, zuek asmatutako gerra batean, komunitate indigenek sarraskien biktima izaten jarraitzen badute?».
Gatazkaren erdi-erdian daude indigenak; printzipioz zapalketari aurre egin nahi diote, baina borroka armatura jo gabe. Burujabetza dute aldarri nagusi; haien kosmobisioaren arabera, lurra sakratua da, eta gizartea harekin harremanetan nahi dute eraiki, ekologismotik eta auzolanetik abiatuta. Horregatik ez diete lurra gerran ari direnei utzi nahi. Etsipenez ikusten dute nola hiltzen dituzten paramilitarrek mugimendu indigenetako buruak, gerrillarientzat lan egiten duten aitzakian; eta FARCekin ere izan dituzte borrokak, arrazoi berberarengatik.
Martxan den bake prozesuan, gatazkaren zati hori ahaztuta gelditu dela salatu du Juvenal Arrietak, indigenen biltzarreko bozeramaileak: «Gerrillak eta gobernuak, biek dute gure hildakoen, zorigaitzen eta eskubide urraketen gaineko ardura. Ahaztu egin zaie nork hil duen nor, nor baztertu duten eta nortzuk proposatu izan dugun bakerako eta adiskidetzerako proposamen bat».
Datozen egunotako elkarrizketetan gizartearen ordezkaritza zabalago eta erreal bat eskatzen dute; indigenez gain, nekazariak, emakumeak, gazteak eta beste hainbat kolektibo kontuan izango dituena. Batetik, badirelako gerrillek errekrutatutako indigenak; Arrietaren arabera, «armak utzi eta gizarteratuko badira, komunitateek prest egon beharko dute haiek hartzeko». Eta bestetik, gatazka armatua baino askoz gehiago dagoelako konpontzeko: ONICek «zibilizazio paradigma desberdin» bat du helburu, kulturen arteko parekotasuna oinarri izango duena, «ustiaketarik eta desjabetzerik gabe; bakean». Lurra eta baliabide naturalen banaketa bidezkoago batetik abiatuta, burujabe izaten utziko dien eredu bat nahi dute.
Kolonbia. Bake negoziazioak
Etxea tiro eremuan
Gatazkaren erdi-erdian egotea egokitu zaie maiz, eta, sarritan, kalteek bi aldeetatik erasaten diete; horregatik, bake elkarrizketetan parte hartzeko eskatu dute komunitate indigenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu